Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

7K1437

Ispiluan

Ispiluari begira atzeman zaitut, urduri, goibel, saminduraz gainezka. Ez duzu laket bere isla. Ikusarazten dizunaz harago, nire presentzia deserosoaz ohartarazten zaituelako. So berdea duzu, itxaropenik gabeko berdea; atsekabetutako begiradak islatutakoa. Badakizu gaurkoa are eta egun hitsagoa izango dela. Gaurdaino atzeratutako ekintzak ez duela gibelerat bueltarik. Atzera egitekotan, geroa belutuko da; etendako orainaldian, etorkizuna goiz-albarik gabeko gau iluna delako. Eta horrela ezinezkoa da aitzina egitea. Lipar batez, behialako oroitzapenak pilatu zaizkizu buru nahastuan. Pitinka, elurra bailitzan, jazoeren malutek geruza loditzen duten heinean, zure bizipenei begira jarri natzaie.

Ez dakit noiztik dugun elkarren berri. Ia betidanik. Gaua eta izarrak, ibaia eta arroa, zerua eta lurra, udaberria eta loreak edo zuhaitza eta sustraiak lez, zu eta ni banaezinak izan gara, edo hala deritzot behintzat. Harreman estua bezain gorabeheratsua izan dugu, garai nare urriak eta denboraldi gatazkatsu luzeak biltzen dituena. Zure egoskorkeria eta nire zuhurtzia uztar-gaitzaren ahokatze nekeza. Nire babestu nahia eta zure oldarkeriarako premia. Horrela izan da haurtzaroaz geroztik gure arteko gurutzamena.

Herriko kanpoaldean hedatzen zen errebalean bizitzak dema kutsua zuen. Berdinen arteko lehiak erabakitzen zuen nork egingo zuen aitzinera eta nor geratuko zen erdibidean. Habiatik irteteko beldurrez dauden txorikumeen gisan, lehenbizi bertigoari aurre egiten zionaren ausardiak bi urrats erdiesten zituen: bidearen urraketa eta atzera geratutakoen miresmena. Ni baino helduagoa zinen umetan, eta ni ohartzerako hainbat urrats egin zenituen arriskuaren bidezidorrean.Pixkanaka, elkar ezagutu genuen, ia banaezin bihurtzeraino, baina gure arteko erlazioan ez zenidan behar besteko arretarik eskaini. Zure erabakiak alda ezinak ziren heinean, ni itzal deseroso bilakatzen nintzen. Alta, zure harrokeria eta gehiegikeriak ez zitzaizkidan arrotz. Jolaserako taldeak hautatzerakoan, zu izaten zinen ilusioaren txinparta pizten zuena; baita nahigabea eragiten zuen borreroa ere. Zuk deliberatzen zenuen zeintzuek jolastuko zuten eta nortzuk geratuko ziren baztertuen multzoan: “gaur ere ez naute aukeratu” aurpegiarekin.

Pixkana, oilasko jarrera oldartzen joan zitzaizun, borrokako oilar bihurtu arte. Orduan hasi nintzen jabetzen zure bihotzaren hoztasunaz, harrokeriaz; zure burua nabarmentzeko besteena makurrarazi beharraz… Geroztik aritu nintzen zutaz pentsatzen nuena adierazten. Zure jarrerak gaitzesten, baina ez zenidan kasurik egin. Nitaz ahaztu zinen. Baztertu egin ninduzun, erabat ahantzi arte. Baina gaur nik erabakiko dut zer egin behar duzun. Gaur, nire mendean zaude eta iraganeko hoben oro garesti ordainduko duzu.

Oroitzen al zara? Utzikeria zenuen oinarri. Bide egokiaren ordez, estrata lohietan barrena, laburbide errazen bilaketan aritzen zinen. Eskola garaian tematu nintzen ikasi zenezan, baina ez zenuen liburuen orri-artean murgildu nahi. Beti amarruren bat, beti zigorren bat, beti… Eskolatik at, gazterik hasi zinen lanean. Zure harrokeria baretzeko bide egokia iruditzen zitzaidan arren, ez zenuen gustuko burdinola hartako usaina: “kirats jasangaitza” zure hitzetan. Irabazitako sos apurrak bizio lotsagarrietan xahutzen zenituen. Gero drogen munduan murgildu zinen, nire kontrako erreakzioa sorgortzea lortu ez zenuenez, erabat alboratzen ahalegindu zinen. Biharamun garratzetan nire mezua zuzenago iristen zitzaizun, baina denbora gutxiko damu-aldiaren ostean, berriro iraganeko bidezidor aizarotsuetan galtzen zinen.

Gaztetako oilartasun hark nolabaiteko harrokeria piztu zuen zugan eta pixkanaka, gizarteko marrazo bilakatu zinen: kontsumitzaile soiletik, drogekin trafikatzera igaroz. Trafikante handien morroi izatetik, nagusiak traizionatu ondoren, zeure droga sarea osatzera iritsi zinen. Era gordinenean ikusarazi zenuen ingurua manipulatzeko zeneukan gaitasuna: azkar ikasi, agudo egin eta norberekeria sinesmen. Bihozgabekeria horretan, nire presentzia inoiz baino ahulagoa bihurtu zen. Geroztik, zenbat pertsona izorratu duzu? Zenbat familia banandu? Zenbat ezbehar sorrarazi?

Horregatik gaude ispiluaren aurrean, behingoz aintzat hartu nauzulako. Berandu bada ere, nire beharraz ohartu zarelako. Elkarri so gauden une deseroso honetan, zure etorkizuna ebatzi behar dugu. Nireganako begirada mantendu ezinik, lepoan lazoa egiten hasi zara: trakets, urduri, dardarti… Beharbada, iraganarengandik ihesi egiteko erarik ausartena hautatu duzu. Heriotzari ezartzera zindoazen zilbor-heste zurrunaren korapiloa, bizitzatik kulunkatzeko azken aukera lez baliatuz. Zeure buruaz beste egin ordez, zeure buruaz beste bat eginez.

Zure kontzientzia naizen aldetik, gorbataren korapiloa txukundu eta hitzok adierazi dizkizut:

-Bizitzan egindako ankerkeria oro zuzentzeko, atera zaitez mundura, Jehovaren testigu lez, bakearen mezua zabaltzera.

 Idazleari buruz...

Juan Ramon Alberdi Ibarmia. Istripu batek nire bizitza erabat eraldatu zuenez,

muga fisikoetatik haratago, irudimenaren leihotik behatzen dut.

Horregatik saiatzen naiz idazten, eta, gehiago trebatzeko zioarekin,

Bergarako Idazle Eskolan aritzen naiz.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago