
Inurritegia
Amona Luperen etxeko lorategian inurritegi bat zegoen. Lurrezko mendi handi bat zen, gure gerrirainokoa edo. Umeok debekatuta genuen haren inguruan jolastea. Aldiro-aldiro, kare bizi palakadak botatzen zizkion gainera, eta inurritegian sufrimendua eta heriotza sortzen bazituen ere, denbora batera berpiztu egiten zen. «Erregina akabatu ez duen seinale», azaldu zidan amona Lupek. Nik Pacaya sumendia zela imajinatzen nuen.
Orain inurriak geu gara, atzerriko hiri honetan.
Ile mordoa aurkitu dut gaur, amaren eta bion oheko burkoan. Eskuarekin batu ditut hari mehe beltzak eta idazmahaiaren azpiko zakarrontzira bota, ama ohartu orduko. Lanerako arropa jantzi, amari muin egin eta logelatik irten naiz.
Ama desegiten ari zait, azukre-kotoia eskuetan nola.
Autobusera igotzerakoan konturatu naiz ez ditudala kuleroak aldatu.
Auzo honetan hiriko beste auzo batzuetan baino zitalagoa da hotza.
Hartu behar dudan autobusak bederatzi geldialdi egiten ditu Entrevíastik Fofó Pailazoaren kaleraino. Oinez egiten dut metrorantz gero, eta Portazgo geltokian hartzen dut trena Bilbao geltokiraino. Han beste tren bat hartzen dut, Colónera doana. Inurriak gara inurritegian, atzera-aurreran.
Colónen, hotza ez da hain hotza eta, esan didatenez, Serrano kalean ez dakite hotza zer den. Nik ez dakit Serrano kalea non dagoen.
Argizari Museoan sartu gara inurrietako batzuk. Zaindaria berria da eta identifikazio txartela eskatu dit.
-Jessica Graciela Morales Vargas -irakurri du goraki-. Ez daukazu, ba, argazkikoaren antzik. ¿Eh, nena?
-Argazkikoa nire ama da, jauna. Gaixo dago eta neu ari naiz bera ordezkatzen. Aurreko zaindariak ezagutzen nau.
-A, bai? Ba nik ez. Pasa zaitez hemendik txanda bukatzean. ¿Eh, nena? -berriro.
Bat-batean, ez dakit zergatik, birgogoratu dut ez ditudala kuleroak aldatu.
Gaur nabigatzaileen gela garbitzea egokitu zaigu Camilari eta bioi. Konkistatzaileen eta konkistatuen gela, alegia. Luma luzeak eta apaingarriak dituzte jantzita galtzaileek, eta mustuka pasatzen diet gainetik.
Bostehun urte igaro dira dagoeneko eta Hernán Cortés inoiz baino biziago dago.
Inurriek alderantzizko bidea egin behar duten tenorean, inurri bat desbideratu da garitarantz eta inork ez du ezer galdetu.
Goizeko bederatziak dira eta, Colónen, hotza ez da hain hotza.
Sukarrak jota dago ama, dardaraka, eta izarak blai eginda daude. Txiza egin du gainean. Logelatik irten naiz pasabidera, beste geletakoek eta guk partekatzen dugun komuna libre dagoela ziurtatzera.
Ama hartu dut, orduan, bizkarrean; arropen poltsa, eskuetan. Ama biluzik ikusten dudan bakoitzean lehenbizikoz ikusten dudala iruditzen zait. Ez naiz ohitzen.
Bularretako azpimarrak arrosak dira, eta behatz-oskolak, hamar labezomorro.
Sagar ustelaren azala dauka. Zimurra. Eta iluna.
Ez da eguerdia ere eta alboko gelakoak sesioan ari dira jada. Bereizten gaituen horma zeharkatzen dute gizonaren biraoek, daratulu batek nola. Mamu bati ari zaiola dirudi, ogroak ahotsa ere irentsi dion mamu anil bati.
Gizonarekin suertatzen naiz pasabidean noizbehinka. Tipo jatorrarena egiten du. Buenos días, señorita esaten dit eta izerdi-hats sakona uzten du igaroan.
Amaren ezpainak ikusten ditut mugitzen. Alboko gelako emakumeagatik otoitz egiten ari da.
Itsasoa ikusi genuen lehen aldia gogoratzen dut. Atlantikoa zeharkatzen ari ginen eta orain dakidana jakin izan banu, hegazkineko atea ireki eta dzast egingo nuke birritan pentsatu gabe.
Ez dago inurritegirik itsasoan.
Logelatik irten gara eta atea itxi dut giltzaz. Amaren besoa nire garondoaren atzetik pasatu dut eta eskailerak jaitsi ditugu, astiro, oso astiro. Amaren bekokiari sua dario eta nire ahoko hatsari, azetona.
Osasun-etxera heltzearekin batera eskatu dut mediku bat eta itxarongelako jendearen begirada mortuak finkatu dira gugan. Inork ez dio nire amari aulkia eskaini eser zedin.
Inurriak ez dira esertzen inoiz.
Ospitalean esnatu naiz, amaren alboan. Maite-maite egin diot buruan eta azukre-kotoia itsatsita gelditu zait eskuetan.
Zapi bat erosi behar dut.
Zapi bat, malkoak xukatzeko.
Argizari Museorantz abiatu naiz eta Camila aurkitu dut metroan.
-Zer moduz ama? -galdetu dit.
-Pfff…
Eskua luzatu eta 50 eurokoa eman dit eskura.
-Eta hau?
-Atzoko estra.
Eta gogoratu dut gaur ere ez dudala kulero garbirik jantzi.
Inurriok, gure bidean, bata besteari loturik goaz, katebegiak nola. Hernán Cortés berriak, alabaina, lur berriak konkistatzeko grinak eraginda dabiltza.
-Pasa zaitez txanda bukatzean.
Mukizapi batekin xukatu ditut begiak.
Ospitaletik bueltan, alboko gelako gizonarekin egin dugu topo pasabidean. Irribarre zabalarekin agurtu gaitu. Que Dios las bendiga.
-¡Malparío! -bota du amak.
Zer den heriotzari beldurra galtzea.
Amona Luperen etxeko lorategian inurritegi bat zegoen eta kare bizi palakadei bizirauten ikasi genuen.
|
Idazleari buruz... Markina-Xemein,1979. «Lehen Hezkuntzako irakaslea naiz bokazioz eta ofizioz, eta maite- maite dut idaztea. Helduentzako ipuinak ere idazten ditudan arren, haur eta gaztetxoentzako ipuinak sortzen gozatzen dut batez ere, haien begiradatik mundua aztertu eta berriro ere ume izatea ahalbidetzen didalako» |


