Telefono deia
Ilustrazioa: Kristina Fernandez
Neguak hiria gogorki zartatu zuela iruditu zitzaion D’Etxart jaunari, antzigarrez estalitako jauregiko lorategietatik igarotzerakoan. Maiztutako artilezko beroki grisaren lepoa altxatu zuen orduan, eta feltrozko kapela beltza buruan moldatu, haize hotzak halako hozkirria eragin baitzion bizkarrean gorputz mehar eta makal hari.
Katedralerako bidean, pauso bizkorrean, lorategiak gibelaldean utzi eta Prebendes kalean barneratu zen. Harekin gurutzatu ziren lauzpabosten bisaietan soa finkatu nahian egin zuen galtzada-harrietan aurrera, begira- daren batekin topo egin eta adeitsu agurtzeko asmoz, ohi bezala. Besteen begiradek, ordea, makurrak eta opakuak ziruditen, itzaliak, mamuenak balira bezala. Bera ere zer zen, bada, abendu bukaerako arratsalde ilun hartan.
Gouverneurs karrikan sartzear zela, tin-tin-hots fin batek atentzioa eman zion eta, ezker-eskuin begiratu ostean, denda txiki bateko atea astiro-astiro ixten ari zela ikusi ahal izan zuen. Atearen gaineko idazkunean jarri zuen soa: Antiquités. Poltsikoko erlojuan ordua begiratu eta oraindik denbora zuela ziurtatu ostean, iman batek tiraka bezala egin zuen saltokirantz.
Zurezko ate gorriari bultzada txiki bat ematea nahikoa izan zen denda barrura sartzeko, eta tintin-hotsak entzun zituen berriro, sabaitik zintzilik zegoen kristalezko haize-txilinak sortuak. Bat-batean, begien aurrean, aspaldiko kapsula sakratu batean barruratu izan balitz bezala sentitu zen. Izan ere, begi-ninien ibilbide labur batean, ezagunak egin zitzaizkion loreontzi txinatarrak eta brontzezko argimutilak hauteman zituen; argi-armiarmak, alfonbra persiar koloretsuak, latorrizko jostailuak, portzelanazko andrakilak eta orinalak, kobrezko samovar bat, triziklo gorri bat, zilarrezko mahai-tresnak, gaztainon-dozko sekreter bat, brontzezko ispiluak, larruz eginiko lur-globo handiak, zilarrezko kristoak eta gurutzeak, amabirjinak, sagrario bat, balalaika parea, zedrozko klabikor-dio bat, bolizko xake-taula bat, kaobazko telefono ingeles bat idulki baten gainean. Dendaren hondoan, idazmahai bat; eta idazmahaiaren atzealdean, inoizko bibliotekarik ikusgarriena.
Oihan hartan barrena, lilurak arima estuturik, argizariaren usain ederra gomuten leihoak ireki nahian ari zitzaiola sentitu zuen. Ezagunak egiten zitzaizkion hango zer guztiak. Nondik, ordea?
Halako batean, telefonoak jo zuen. Inguruetara begira hasi eta, bakarrik zegoela jabetuz, tonuen ekitearen aurrean telefonoa hartu eta belarri ondoan jarri zuen, harrituta, mutu.
—D’Etxart jauna. Berandutzen ari zaizu —aurikularretik zetorren ahots lodi eta pausatua ezaguna egin zitzaion.
—Nor da?
Ahots lodia urrunetik zetorren. Interferentziak. Ahots lodia berriro. Haur baten negarra. Ahots lodia.
—D’Etxart jauna. Ordua da. Berandutu egingo zaizu.
—Nor zara! Esan! Nor zara!!!
Halako karranpa batek gurutzatu zion gorputza, garondoa eta bizkarra ere izerditu zitzaizkion. Begiak ezin irekiago, eskegi egin zuen zakarki; eta telefonoa eskuetan hartu zuenean bakarrik konturatu zen ez zeukala kablerik. Izu-laborrituta, dendatik alde egin zuen, arrapaladan, katedralerantz. Berandu zebilen, zinez.
Ez zuen begirik bildu gau osoan, telefonoaz bestaldeko ahotsa irmoki itsatsita gelditu baitzitzaion buruan. Biharamunean, izua gorputzean oraindik, dendara itzuli zen aurreko egunekoa eldarnioren bat izan ote zen frogatzeko asmoarekin
Eskua dardarti, atea ireki eta gizon nagusi bat ikusi zuen dendaren hondoan, betaurrekoak egunkarian murgildurik.
—Zertan lagun zaitzaket? —galdetu zion bisitariari, begiak irakurgaitik altxatuz.
—Ba... hara... Telefono bat zegoen hemen atzo...
—Telefono bat? —moztu zion— Atzo? Hori ezinezkoa da —egunkaria itxi zuen.
—Bai, jauna. Atzo arratsaldean hementxe zegoen; jo egin zuen gainera eta neronek hartu nuen.
—Nahastu egingo zinen —esan zion dendariak, eserlekutik jaikiz—, ez baitaukat telefonorik dendan.
—Ez, ez! Idulki honen gainean zegoen, jauna. Kaobazko telefono ingeles bat.
—Hara, jauna. Ondo baino hobeto ezagutzen dut dendan daukadan jeneroa, eta aipatzen didazun telefono hori aspaldi saldu nuen —D’Etxart jaunari bizkarra emanez, apalategiko kontu-liburu batzuk hartu zituen dendariak—. Hementxe egongo da, nonbait. Nik dena apuntatzen dut, badakizu? Koaderno hauetan daude salerosketa guztien nondik norakoak.
Bere denbora hartu zuen gizonak. D’E- txart jaunak telefonoaren bila jarraitzen zuen, artean.
—Hara! Hementxe dago —esan zuen dendariak, liburu zahar bateko oharrak irakurriz—. Aipatzen duzun telefono hori orain dela berrogeita hamabi urte saldu nion kondeari. Kasualitatea, ba, atzo iluntzean izan baitzen bere hileta-meza katedralean. Meza zinez ederra! Joan zinen?
Sarrakio handia egin zitzaion erraietan. Deblauki, haize bolada hotz batek dendako atea bortizki ireki zuen, eta idazmahaiaren gainean zegoen bezperako egunkariaren orriak aireratu zituen, kolibriaren hegoak nola, eskelen atalean pausatuz eta D’Etxart jaunaren argazkia ageri-agerian utziz. Tintin-hotsak airean, atea bere-berez ixterakoan.
Idazleari buruz... Yolanda Larreategui Duralde (Markina-Xemein, 1979)Lehen Hezkuntzako irakaslea da ofizioz eta bokazioz, baina idaztea maite- maite du. Helduentzako ipuinak ere idazten dituen arren, haur eta gaztetxoentzako ipuinak idazten gozatzen du batez ere, haien begiradatik mundua nolakoa den aztertu ahal izateko. Liburu- dendek eta bibliotekek txoratu egiten dute! |