Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Pixelezko arnasa

7k1025Ilustrazioa: Cristina Fernandez

Jainkoak atea ixtean leihoa zabaltzen zuen moduan, badirudi postmodernitateak sakelako telefonoa oparitu digula etorkizun baikorra asmatzeko gaitasuna galdu dugunean. Leiho berritik sartzen saiatzen dira aurreko gauza txiki guztiak, betikoak, bizitza; baina bizkorrago, intentsuago eta sekula baino orduz kanpoago. Ertz bikoitzeko labana baita smartphonea: infernuaren ataria edo ihesik ederrenaren gelaurrea.

Cambrilseko apartamentuko balkoian egon zintezke, eguzkia goian, igerileku epela behean, egunkaria aurrean eta mugikorra aldamenean, aparatuko kanpai soinu labur bezain ergel horrek bizitza hankaz gora jarriko dizun mezua iragartzen dizunean. Oporrak ez dira jada garai bateko burbuilak, puxika hauskorrak dira gehienera: berri terrible zorrotzaren mehatxuan gehiegi puztuz gero, arnas sakonerako estuegi derrigorrean. Badirelako mezu apokaliptiko posible bat baino gehiago telefonoak estaldura izatearen zain, mendi-gainetako seinale errepikatzaileen artean katramilatuta: ariketak ez du irudimen gehiegi behar zure burua berriz bulegoan presazko zenbakiaren bila Excel fitxategi artean, etxera bueltan atestatua egiteko prozesuan, edo, txarrenean jarrita, ospitaleko besaulki deserosoan gaubeilan imajinatzeko.

Garai batean albisterik txarrenak zorterik onena behar zuen telefono hariaren bestaldean Cambrilsen aurkitu zintzan, eta ez zen horren arraroa desgraziak itzulerara arte errespetatzea. Zer esanik ez posta zerbitzuak eskuz idatzitako gutunak soilik banatzen zituenean. Desgraziek errespetua galdu duten garai hauetan, balkoia ez da agian kolpea jasotzeko lekurik aproposena. Mediterraneoko kostaldean pertsonek burua galtzen dute sarriegi eta salto egiten dute deskuiduan balkonging delako psikopatologia medio. «Giri nerabe artaburuak», pentsa zenezake, baina zer zara zu Cambrilsen hogeita hamar urte bete berri dituen kanpotarra baino.

Apartamentura sartu eta komunak eman lekioke norberari balkoningaren aurkako babesik egokiena, bertatik jauzi egiteko leihorik ez du bederen. Fluoreszentea goian, Roca tronua behean eta telefonoaren pantaila parean, patuak itxaron dezake kakaldiaren parentesia mezu larrigarria irakurri aurretik. Sarrera berria iragartzen duen borobil gorridun ikonoa saihestuta, mugikorraren pantailak entretenitu zaitzake, oporretan zaudelako. Horretarako, atzamarrarekin modako bideo-jokoaren ikonoa zanpatzea ez da erabaki txarra. Mugikorreko joko berrian, armak aurkitu eta elkar akabatu behar duzue uharte birtualean aurkitu zareten ehun ezezagunek, irabazle bakarra geratu arte eta gerra-zelaia estutzen doan bitartean. Baliteke, gainera, joko horretan dozenaka orduz babestu izana honezkero, eta pronostiko guztien aurka birtuosoki etsaiei egurra ematea: eraso teilatutik salto eginda, beldur gabe; tiroa kopetara, ziurtasunez; atseden justuak, estrategikoki. Pixelezko zerua goian, uharte birtuala behean eta garaipen dantzarako azken lehiakidea jomugan. Ez legoke gelditu zintuzkeenik, arnasa har zenezake arro eta luze. Pixelezko arnas batek 80ko hamarkadan jaiotako milleniala bete lezakeen modu arraro hori: bi hamarkada lehenago jaiotako gazteen heroina txute digitalaren edo duela lau hamarkada ernatutakoaren Londreserako bereizmen altuko bidaia hippyaren parekoa.

Baina guztiak, betiko izango bada, iraun egin behar du. Hor nonbait jo lezake hil kanpaiak, soinu labur ergelak. Inprimatuko da jokoaren irudiaren gainean, sakelakoaren pantailan, oraindik irakurri ez duzun mezu terriblearen jarraipena, erronkako azken lehiakideak segidan akaba zaitzan. Eta pentsa zenezake hil kanpaiak ez duela dagoeneko Londresen jotzen, bideo-joko berrian sekula joko ez duen legez; etengabeko kanpaikadak liratekeelako, esajerazio hutsa. Modernitatea horixe delako agian: gauza txikien, betikoen ezabatzea. Pantailaz kanpoko bizitzaren gehiegikeria saihesteko ahalegina.

Bigarren mezuak «… honezkero» esan lezake, horrela irakurri duzu. Eta jarriko da martxan zure irudimena berriro: «ez haut maite» honezkero; «hil da ama» honezkero; «erre zaizu etxea» honezkero. Irakurtzeke duzun lehendabiziko mezuaren balizko permutazio guztiek ozenegi iradokiko lukete oporrak lehertu direla, eta zure bizitzaren pusketa bat berarekin batera, pusketa handiegia beharbada.

Berriz oroitu zenezake zure heldutasun eskasa eta giria baino ez zarela Tarragonèsean. Ipurdia garbitzeke, lehendabiziko mezua irakurri gabe eta pixelezko xiringa oraindik besaurrean, korrika egin zenezake balkoirantz zuzenduta. Beldur gabe, ziurtasunez, estrategikoki.

Baina, zorionez, ez da inongo mezurik iritsi, ez zara komunera joan eta ez duzu “Fortnite”-n, joeran dagoen bideo- jokoan, zure bizitzako partida jokatu. Pretentsioz asetako testutxoa irakurtzen amaitu duzu eta irribarre egin ezpainetako ertz bakarra bihurrituta. Eguzkia goian, igerileku epela behean eta egunkaria parean, buelta eman diozu paperezko orriari, hurrena zein leiho zabalduko.

«Ding!», jo du kanpai soinu ergelak.

Mikel Askatsua Blazquez

Bergara, 1984. Ingeniaria. Ez dut gailu elektronikorik erosi azken bi urtean.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago