Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Dolare zaharrak sorgindurik
argia12
pdf

1965ean egin zuten bat Ezkiok eta Itsasok; nekez aurkituko dugu Euskal Herrian biztanleak hain sakabanatuta bizi diren udalerririk. Bostehun bizilagun, 21 kilometro koadro eta bost auzo: Ezkio, Itsaso, Alegi, Santa Lutzi eta Mandubia. Horrez gain, Matxinbentako zati bat Ezkio-Itsasori dagokio. Baita Igartubeiti baserria ere. Hantxe da egitekoa, honezkero zortzigarrenez, Sagardo Astea. Baserriko dolarea lozorrotik aterako dute horretarako.

Berezitasun handiko hainbat txoko ezkutatzen dira Ezkio-Itsasoko lurretan; Ezkioko Amabirjina agertu zen lekuak, esaterako, sona handia lortu zuen bere garaian, Ezkio-Itsason eta inguruetan ez ezik, urrunago ere bai. 1931ko ekainaren 30ean zenbaitek bertan Amabirjina ikusi zuela esan ostean, erromesaldiak hasi ziren: sei hilabeteko tartean milioi bat lagun baino gehiago inguratu omen zen agertokira. 2002an ingurunea txukundu eta berritu zuten, eta gaur egun oraindik ere jende dezente inguratzen da bertara, hilabete bakoitzeko bigarren igandean elizkizuna ospatzen baita.

Kizkitzako baseliza, berriz, Ezkio-Itsasoko biztanleen toki maiteenetakoa da. Mandubiako mendatetik helduko gara errazen Kizkitzako baselizara, Ezkio eta Itsasotik abiatuta bide ederretan barrena iritsi bagaitezke ere.

Kizkitzako baseliza 1622an eraiki zuten, eta izen bereko mendi kaskoan dago, 664 metroko altueran. Ermitak berak zein hango Amabirjinak lotura handia dute itsasoarekin, aipamen historikoen arabera inguruko basoetako zura itsasontziak eraikitzeko ustiatzen zelako. Bertan itsas-argia egotea ere ez da kasualitatea. Itsasotik ongi ikusten omen da hark isuritako argia, nahiz eta ez dirudien itsasontziak gidatzeko funtzioa duenik; lan horretarako eraginkorragoak, aukeran, kostaldeko itsas-argiak. Itsasoarekiko erlazioa, bestalde, itsasontzi itxura duen ermitak eta inguruko elementuen kokapenak ere iradoki dezakete. Gaur egun, hiru meza ospatzen dira Kizkitzan urtero: Pazko eguneko arratsaldekoa, irailaren 8ko erromerikoa eta horren ondorengo igande arratsaldekoa.

Ezkio-Itsasoko kultur ondare aberatsaren erakusgarri dira, baita ere, Ezkioko San Migel eliza eta Santa Marina baseliza, Anduagako Santa Luzia, Itsasoko San Bartolome eta San Lorenzo, Alegiko Magdalena eta Mandubi zelaiko dolmena. Azken urteotan, ordea, Igartubeiti baserri zaharraren inguruan indartu den mugimenduak eraman du Ezkio-Itsasoren izena herriko mugetatik harago. Igartubeiti XVI. mendean eraiki zuten, eta jatorrian dolarea zen. Igartubeitiz gain, Salete eta Aristizabal baserriak ere XVI. mendean eraiki zituzten eta dolarea zuten euren egiturako ardatz. Saletek, Igartubeitiren antzera, egurrezko etxaurreari eutsi dio; Aristizabalek berriz, beranduago erantsitako harrizko arkuak dauzka gaur egun.

   
  argia12a
   
 
Baserri zaharraren negar malkoak
 

Igartubeitiko dolarea lanean ikustea bisitariak nekez ahaztuko duen bizipena da. Baserriko zurezko egitura guztiek kirrinka egin ahala muztioa nola sortzen den bertatik bertara ikusteak zirrara berezia eragin ohi du aldioro, prozesua aurretik ezagun izanik ere.

Sagar saskikadak askan barreiatu eta, pisoiak lagun, sagar jotzeari ekiten zaio. Jarraian, sagar txikitua edo patsa bildu eta aska erdian pilatzen da, mendi modukoa eginez. Mendi horren gainean ohol ezberdinez osaturiko egitura konplexua osatzen da, eta haren bitartez baserriko habe nagusiak bere indarra igorriko du patsa zanpatze lanean. Patsarekin kontaktuan hodiak jartzen dira, muztioa errazago atera dadin, eta baserriko beheko solairuan dagoen ardatza biraraziz, goiko solairuko habe nagusia gora eta behera mugiaraziko da, patsa zanpatu eta hartatik muztioa erauziz. Muztioa, gero, askak berak duen pendizaz baliatuz, estolda zulora bideratzen da, eta erratz adarrez iragazi ondoren, ukuiluko tina edo kupel batera erortzen da. Muztioa edateak ere xarma duen arren, irakinaldi pare bat beharko dira, kupel ireki batean, aurrena, eta kupel itxian ondoren, benetako sagardoaz gozatzeko.

Urrian, Sagardo Astea Igartubeitin
 

Pilarika jai egunaren bueltan ospatu ohi da, 2001etik, sagardo astea Igartubeitin; aurtengoa zortzigarren edizioa izango da, beraz. Yartu kultur elkartea da Ezkio-Itsasoko kultur jardueren sustatzaile eta bultzatzaile nagusia eta urriko sagardo astea, zalantzarik gabe, herriko kultur egutegiko zita garrantzitsuena da eurentzat.

Sagardo asteak irauten duen egunetan, baserriko dolare zaharra martxan jarri eta duela 500 urteko teknika erabiliz edari preziatua egingo dute Igartubeitin. Ekimena heldu aurreko asteak sagar bilketa eta antolaketa lanetan buru-belarri murgildurik igaro ohi dituzte Yartukoek. Aurreko edizioetan, Ezkio-Itsaso bertako ia 5.000 kilo sagar zanpatu zituzten Igartubeitin. Horrez gain, baserriko atarian ikusgai egongo den sagar erakusketan, 70 mota ezberdinetako aleak jarri izan dituzte, Ezkio-Itsasoko sagarrondoetan aurki daitekeenaren erakusgarri. Zikloa borobiltzeko, herriko zenbait lagunek XVI. mendeko jantziak soinean jarri eta orduko baserri bizimoduaren antzezpena egingo dute, baserriko betebehar ezberdinak irudikatuz.

Gorka Azkarate

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago