Gidoiak eta antzerkia

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Veleiako Itsaso 

I

veleia_itsaso  

-Ta, zu nondik zatoz, ba, Osiris? 

-Ni Caesaraugusta-koa naiz.

-Baina, zure izena arraroa da. Ez da hangoek izaten dutena bezalakoa.

-Nire jaioterrian, erromatarren herrietan, ekintza handiak adierazten dituzten hitzak erabiltzeko ohitura daukagu, izenak egiteko: Alejandro-k, “gizakien defendatzailea” esan nahi du, Ambrosio-k, “hilezkorra dena”; Clotilde, “handitasunez borrokan egiten duena” da.

-Ni Itsaso naiz, baina aitak eta, Beatriz ere deitzen didate, latinez ari direnean agintariekin.

-Ba, begira, Beatriz-ek, esaterako, “zoriona ekartzen duena” esan nahi du.

-Nik nahiago dut Itsaso izatea.

-Zeure izena ere, Itsaso, ez pentsa hemendik kanpo entzuten denik. Toki bakoitzak bere izenak izaten ditu: Hemengoak naturaren hitzak erabiltzen dituzue, eta egia esan, ez dakit zergatik. Denak zarete, Itsaso, Izar, Ibai, Arkaitz eta horrelakoak. Eta, zureak, zer esan nahi du zureak?

-Nirea ez da horiek bezalakoa. Grekeratik zeharka datorren izena da, baina, aldi berean, Egiptoko jainko nagusienetariko batena. Han, bertan, Asar deitzen diote.

-Jainko hori, kristauen jainkoa bezalakoa da?

-Ez, ez da hainbestekoa. Jainko kristaua izugarria da, ahalguztiduna, beste guztien gainetik dagoena; mundua bera ere sorrarazi duena; agian, beldurgarriegia nire gustorako. Osiris ez, arruntagoa da, erromatarren jainkoen antzekoa. Jupiter ezagutzen duzu, ezta?

-Bai, Aitak esaten du jainko handiena dela, boteretsuena. Eta harekin onean egon behar dugula. Loreak eskaintzera joaten gatzaizkio astero; beno, ama ez…

-Ba, Osiris ere, Egipton Jainko inportantea zen, ongiaren azaltzailea, zereal uztaren babesle eta landareen zaindari. Eta batez ere, berpizkundearen jainkoa da.

-Zer da berpizkundea, Osiris?

-Bada, zaila da azaltzea. Asar-en kasuan eraberritzearekin du zerikusia. Esaterako, konturatu zara nola gelditu diren mahastiak, egindako hotzak eta elurraren ondorio?

-Bai, iharturik daude. Ez dute lorerik, ez hostorik, ez mahatsik. Egur zatia besterik ez dira.

-Bai, ezta? Erabat hilda dirudite. Halere, eguraldi ona heltzen denean, berriz, eraberrituta irtengo dira.

-A! orain ulertu dut. Hori da intxaurrak bezala. Jan egiten ditugu, lehorrak daude, baina landatuz gero, berriz, zuhaitza ateratzen da…

-Halako zerbait, nire Itsaso…

-Jainko Kristaua ere, berpiztu egin zen?

-Hori esaten dute, baina, ni ez nago horren ziur. Ulergaitzagoa da.

-…Amak hori dio… -Zure amak, eta gero eta herritar gehiagok diote hori.

-Bai, baina isilpean, bada ezpada ere.

-Azken urteetan asko zabaldu da, eta, jadanik, lasai ari dira. Gainera, hartzen dagoen indarra ikusirik, niretzako, jainko honek beste guztiak jango dituela.

-Erakutsiko didazu kristaua izaten, Osiris?

-Amak eskatzen badit, bai, baina, Aitak ez du nahi izango. Eta…lehenik neuk ikasi beharko dut…

-Ba al dago, egon, zuk ez dakizun zerbait?

-bai, neska! Eta kristauek diotena da horietako bat. Ez baititut ulertzen. Baina eziozu esan zure amari, e?

-Ez, ez. Batez ere badakidalako ama eta horiek baino gehiago dakizula kristauei buruz, sinesten ez baduzu ere.

-Nik ez daukat gauza berriak sinesten hasteko gogorik. Familiaren ohiturak jarraiki, Egiptoko jainkoetan sinesten dut; ez gehiegi, egia esan. Beno, gaurko nahikoa izango da. Ama zure zain egongo da lorategian, eta lagundu beharko diozu.

__________

II

-Ta zuk, zergatik duzu izen grekoa, edo egipziarra, Caesaraugusta-n jaio bazara?

-Aitak jarri zidan, birraitona ere halaxe zen eta. Birraitona egipziua zen. Esan didatenez, Fenizioen itsasontzi batean heldu zen Ampurias-era. Badakizu Ampurias non dagoen? Joan zen hilean ikasi genuen. Hor daukazu mapa, lokatzezko taula horretan marrazturik.

-A, bai. Gogoratzen dut. Bestaldeko itsasaldean dago. Erromarako bidean.

-Oso ondo. Eta nola deitzen zaio itsaso horri?

-Mare Nostrum deritzo.

-Bikain! Asko ikasten baduzu, zeu ere, noizbait, joango zara munduko hiriburura.

-Ez dut uste, emakumea bainaiz. Aita ari zait, dagoeneko, ezkongai aberatsen bat aurkitu nahian.

- Ba, esango dizut zerbait, baina ez inori kontatu, e? Bestela etxetik botako nau. Zuk jarraitu ikasten. Neska argia zara eta, isilpean bada ere. Neuk erakutsiko dizut latinez, grekeraz, egipzieraz. Etika, matematikak eta kosmologia.

-Bai, Osiris? Emadazu hitza, eta saiatuko naiz.

-Nire jarraitzaile izan zaitezke; etorkizunean, irakasle. Badakizu, Itsaso, Tutmosis, emaztea eta biok, ez daukagu umerik; ez jarraitzailerik. Zure Aitak nahiko balu…

-Ametsetan egingo dut gaur gauean horrekin, Osiris.

-Gainera zuk Euskaraz ere badakizu. Ingurukoei erakuts diezaiekezu mendebaldeko jakintza guztia. Batzuek beharra baitaukate, benetan.

-Nori buruz ari zara?

- Zurekin jolasean batzuetan ikusten dudan mutiko txima-luze horri buruz, jakina.

-Ez zaizu Arkaitz gustatzen?

-Ez dut uste aitari asko gustatuko zaionik.

-Zergatik? Euskalduna da. Anbotoko basoetako herrixketatik etortzen da, bere amarekin, astean behin.

-Ezti saltzaile behartsua. Arropa zaharrak, oinetako zulodunak, hortz zikinak… Ez da zure gurasoak asebeteko duena. Eta erabat hezigabea da. Ziur ez dakiela bestaldean itsaso handia dagoela.

-Ba bai, badaki. Neuk esan diodalako. Baina ez dit sinetsi. Esaten dit zu bezalakoek ipuin eta gezur asko erakusten dituzuela.

-…Ez zaio arrazoirik falta, ordea....

-Nola diozu?

-Ez, Ezer ere ez, neskatxa, pentsatzen ari nintzen…

_____________

III

-Ta, Zergatik ez didazu kontatzen zure birraitonarena?

- Bada, begira, Esan nizun Alexandriakoa zela. Egoera ez zen hain ona, itxuraz, han, Alexandria inguruko herrixketan. Kokatu duzu Alexandria mapan?

-Bai, hemen, eskuinean, azpian, ibai handi honen itsasadarrean.

-Hori da. Gosea izaten zuten, faraoien egitura politikoa desegiten ari baitzen. Hasieran, garai zaharrenean, faraoiena zenean lur guztia, garia barra-barra zuten, biltegiak beteta beti. Gero, ordea, merkatariak ekoizpena eskuratzen hasi zirenean, garraiatzeko, saltzeko, gordetzen aritzen ziren, garestiago izateko, eta ez zitzaien herritarrei heltzen. Lapurretak areagotu egin ziren, borrokak, liskarrak, hilketak ere bai. Jauntxoak esklaboak egiten zituzten, lanerako, eta lehen hegoalde urruneraino joaten baziren beltzen bila, garai horretan herrietako jende arrunta ere esklabizatzen hasi ziren.

-Zure birraitona esklabo izan zen?

-Ez, ez.

-Irakaslea zen?

-Bai, jakina. Gure senitartean beti irakasleak izan gara. Beti irakatsi izan ditugu, bai ekialdeko jakintzak: Egipto, Asiria eta Babiloniakoak, bai mendebaldekoak ere, Greziakoak, eta, orain, erromatarrenak, beraiek agintzen baitute.

-Eta hemengo euskaldunen jakintzak?

-Ba al daukate bada, hemengoak jakintzarik?

-Arkaitzen ama oso jakintsua da.

-Bai zera. Ba al daki Pitagorasen teorema azaltzen? Ba al daki geometriaz? Inoiz ez baitu ezer ikasi. Latinez ere ez daki barren!

-Zertarako latinez jakin, inoiz ez bada hirietara joango? Zertarako jakin lurra borobila dela diotela, inoiz ez badu ikusiko? Zertarako, itsasoa non bukatzen den, ez bada inoiz itsasontzian ibiliko?

-Eta, zer daki, bada, atso horrek, garrantzia duenik?

-Ba, daki sendabelarrak erabiltzen, haginetako mina kentzeko. Eta, euria ekarriko duten hodeiak zein kolorekoak diren. Ardiak eraisten ere badaki, eta zein motatako eztia den gozoena, eta…

-Nahikoa, mukitsu hori. Ni erakusten ari natzaizunari uko eginda, ez zara astakilo horrekin mendira bizitzera joango?

-Ez, Osiris, ez. Arkaitz nire laguna da. Asko gustatzen zait bere izaera, eta hainbat gauza erakusten dizkiot. Latinez ere, hitz batzuk badakizki. Ondo kontatzen du, eta tratuak egiteko gai da. Eta, berak ere, erakusten dizkit.

-Ez da izango?

-Bai, zera, naturaren indarrak mugiarazten dituen Mari non egoten den,

-Ez dizu bada, zaldiko horrek, burua galaraziko?

-Hain da indartsua, eta erakargarria!

-Ai, Ai, Ai…Zure aitak jakiten badu…

-Lagundu nazazu, Osiris.

-Nola?

-Esaiozu aitari zamaltzaina, edo antzekoa behar dugula. Horrela Arkaitz ekarriko dut albora.

-Arkaitz horrek ez du inoiz ezer ikasiko. Eta zuk ere, txoriburu hori, horrela jarraituz gero, ezer ere ez.

-Mesedez, Osiris.

-Gainera, ez da hain erraza. Hirira sartzea, bizitzera, edonori ez zaio lagatzen. Kanpotarrak salerosketara etortzeko baimena bakarrik izaten dute. Agintariak ez dira edonori uztearen aldeko.

-Nire aitak ere agintzen du. Herriko agintarietako bat da. Erromatar Hiritarra. Eta gurdi asko ditu, Tarrako-raino joaten direnak, intxaur, larru eta garagarrarekin. Zamaltzainak beti behar izaten ditu, zerbitzariak, langileak.

-Baina jakiten duenean mutiko hori zure laguna dela, Tarrakora ez ezik Alexandriara bidaliko du, harriz betetako gurdi astun batez, hamar urtetan ager ez dadin.

-Berarekin joango naiz

- Zu ez zaude burutik ondo, Itsaso. Zu Erromara joaten zarenean, itsasontzi ederrenean joango zara, eta han ikasiko duzu Platon filosofo handiaren jarraitzaileen eskolan. Lukrezio eta Zizeronen testuak irakurriko dituzu. Origenes kristauarenak. Pentsalari ospetsuenekin arituko zara. Neuk eramango zaitut. Emazteak eta biok, han, goi mailako senideak ditugu eta, patrizioak, agintarien hurbilekoak.

- Baina, zerbitzariren bat eraman beharko dut, ezta?

- Nahi beste.

- Ba, lehenengoa Arkaitz izango da.

-Zentzakaitza zara, neska. Gogaitu nauzu. Etxerako lanak egin beharko dizkidazu, biharko, ea mutiko hori burutik kentzen zaizun aldi batean.

-Ez, mesedez, Osiris.

- Bai! Idatziko dizkidazu koloreak euskaraz -urdina, gorria, horia…

- pezozko taula hartan; gero, latinez eta grekeraz ikasi, nire aurrean ahoskatzea eskatuko baitizkizut.

-Asko kostatzen zait marrak egitea. Ez daukat burdinazko eztenik.

-Eskatu Aitaren zerbitzariren bati. Edo mutiko tentel horri.

-Mesedez, Osiris. Taula horiek oso gogorrak dira…

-Ez zure burua haina!

Iñaki Odriozola

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago