Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
maia_56.png
 
BESTALDEAN

BORDA , Itxaro. Donostia: Susa. 1991

Zorion perfekturik ez beretzat, ez guretzat, ez niretzat; berak esana da, nik kontraesana.

Liburua niri zuzendurik zegoela irakurri dut hasieran: “iraztor, ainara, sorgin eta aztiei hitz amultsu hauen eskaintza maitemindua”. Eta ainara hau maitemindu, mindu da, mina sentituz irakurri baitu ondoeza eragiten duen olerki-bilduma hau. Badirudi, poesia eta sormena ondoezak eragiten duela; izan ere, pozik gaudenean, ez dugu idazten, bizi egiten dugu, ala?

Noizbehinka, tristura pozarekin nahasten zait bizitza nola badoan ikusirik eta hitz garrantzitsuak nola esan ez jakinik. Askotan oraina lehengoarekin lotzen zait eta neure baitako kontraesanak ateratzen zaizkit; noizbehinka.

Itxaroren beste aldeko olerki horiek guztiak irakurri arte ez dut bakerik izan, eta nire oinazeek ez dutela oinarri arrazional izpirik ohartzeko baliagarri izan zait, ezin baitiot inori neure sentimendurik ulertarazi. Ainaratxoek lo egin dezaten gauean kabi goxoa eraikitzen dute egunez eta ni hala bada hainbeste ainaren artean hegan joan naiz Itxaroren letretan barna eta ene arimaren ahizpak zirela konturatu naiz. Inori ulertarazi ezin diodana, nik neuk bakarrik sentitzekoa da, norberak jasan beharreko zama.

Eta utziko dut haizeak eraman nazan nahi duen tokira, batzuetan bestaldeko amodioa topatuko dut eta bestetan hemengo bakardadea, baina beti ere ikasten bi aldetan egoten, ez han eta ez hemen. Ezinegona sortzen du poema-liburuak eta ondoez horrek deus ere ez naizela ikusarazi dit… edo banaiz!

Alaba, ama, ahizpa bati mintzatuz bezala, mintzatu zaizkit poema horiek emeki eta denari buruz hitz egin didate, baina batez ere ezintasunaz mintzo zait, nekeza baita hitzetan onartzea alaba, ama, ahizpa, emakume horiek guztien hutsunea; eta horregatik, hitanoa erabiltzen du hurbiltzeko, eta mutu irakurri dut ikarazko hitzak laztandu asmoz, nolabaiteko maitearen aiduru. Inoiz ere iritsiko ez den maitearen zain desertuan oihukatuz ez garela aldatu, baizik eta denborak gaituela higatu.

Bakarmina, amoremina, min guztiak gurekin ditugu eta minaren trukean ez genuke zorionik lortu behar... zoriona minaren bestaldean baitabil hegan. Minez airean hegan, minez txori izateko sortu ginen, baina soilik ametsa dabilkigu airean hegaletik minez. Ainaren hegaletan biharkoa eder zezakeen izarlokaren ihesean urtu nintzen, eta ainarak itzuli artean hegalminez segituko dut neure kontraesanetan.
 
Ainara Maia Urroz