Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
valois_gomez_55.png
 
GEROAREN AURPEGIA

LASA ALEGRIA,Amaia. Euskal Unibertsitateko Argitarapen zerbitzua. 2000

- Eta?
- Asko gustatu zait.
- Ezustekoa, ezta?
- Bai horixe! Eta hain gertukoa gainera. Pentsa!
Zu Zarautzen eta bera Getarian.
- Lotsa pixka bat ere ematen dit, baina oraintsu
ezagutu dut AMAIA LASA. Bere lanak eta bere
ibilerak harrapatu egin naute. Ez da erraza poeta
batekin bat egitea, bere hitzak hain ondo ulertzea,
esan nahi duena hain barrura heltzea.
- Egia, bai, xumea eta sakona da aldi berean bere
mezua. Ederra da inondik ere bere gogoeta, eta ausarta
bere baitan ageri den borroka.

AMAIA LASA ALEGRIA Getarian jaio zen, 1948an. Gazte-gaztetatik poeta dugu: bizipenak, nahiak eta kezkak islatu ditu bere obran testuinguru zehatz batean uztarturik. Mikel Lasa anaiarekin argitaratutako liburutik hasita ibilbide oparoa izan du. Urte batzuek eman zituen Nikaraguan eta beste hainbat herrialdetan, eskarmentu honek guztiak asko aberastu zuen bere izatea eta bistan da bere lanetan. Hainbat aldizkarietan iritzi eta gogoeta artikulu asko idatzi bazuen ere poesian topatu zuen bere bidea. Bere garaian zegoenik eta emakumezko idazle bakanetakoa dugu. Gizonen munduan bere espazioa lortu zuen. Garrantzitsua izan da oso bere ahotsa, emakumea da eta ez da isilik eta konforme gelditzekoa.

Esku artean duzun Geroaren Aurpegia liburukiak biltzen du bere obra. Bertan topatuko dituzu:

Geroaren aurpegia
Sustraia
Ordu minduak
Egunak jarraian
Nire Paradisuetan

Honetaz gain, hitzaurrean Felix Marañaren eta Jose Luis Padrónen hitzak aurkituko dituzu; dokumentazio gehigarrian Linda Whitenenak, Martin Ugalderenak eta Mariana Youngenak.

Esan dezakegu, Amaia Lasak norberaren sentimenduetatik abiatuta mundura zabaldu duela begirada eta tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartuta, intimista izatetik lau haizeetara jaurti duela bere poesia.

Idazle konprometitua da, bai bere kulturarekiko eta baita bere bidaietan bizi izan dituen kulturekiko ere. Errealitateari era holistiko batez so egiten dio. Hegan egiteko gaitasuna du, beti ere lurrarekiko atxikimendua ahaztu gabe. Bietan hartzen baitu arnasa Amaia Lasak, biak ditu bide lagun, osagarriak direlako; ama, emakumea, amorantea izatea osagarri diren bezalaxe. Poesia idazteko hautatu zuen hizkera zuzena eta gardena da. Berehalakoan heldu nahi zuen irakurlearengana, baita lortu ere. Esan nahi duena garbi esaten du, sufritzen duena
ederki ulertzen dugu, ez dago mozorrorik. Eta bere poesia bakoitzak doinu jakin bat dauka, emakumearen garrasia, gizartearen gordina, kaioen oihua: Getariako gozoa eta gazia. Gaur egun isildua dugu Amaia Lasa, baina bere ahots idatziaren oihartzuna gidari nahi dugu bizitzaren kolorearen bilaketa etengabean.
Carmen ValoisItziar Gomez