Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
vives_52_53.gif
 
BESTIARIOA.HILERRIKOIAK. 
 
BI NOBELA LLABUR.

LINAZASORO, Karlos: Donostia:Elkar,2007

BI NOBELA LABUR irakurtzeko prest zabaldu zuen liburu azala irakurleak. Orrialdeetan aurrera egin ahala idazlearen tranpan erori zela ohartuta, jolaserako prestatu zuen bere burua. Horixe da, irakurlearen iritziz, Karlos Linazasorok liburuan egiten duen lehen gonbitea: jolasa.

Baina bada besterik.

Fikziorik fikziozkoena, libreena eta errealitatea bera nahastu egiten dira baina, lan honetan.

K. L. liburuko protagonista, liburuzaina da T herrian, idazlea, benetakoa bezala.

T. hirian bizi den K. L. liburuzain honek, kasualitateak kasualitate, pentsatua du bere hurrengo apunte liburuaren izenburua Beti eder dena izango dela (liburuko 52. orrialdean), kasulidadea; horixe baita Karlos Linazasororen aforismo liburuaren izenburua. Gainera, K.L.k badu bai Karlos Linazasororen berri; halaxe aipatzen du supermerkaturako joan etorria  egiten duen batean:

“(…)Segiduan konturatu nintzen, ordea, halakoen antzekoak Karlos Linazasoro izeneko idazle batek idazten dituela (neu bezalaxe, hura ere liburuzain dena, bidenabar esanda), eta, jakina, oso itsusia litzatekeela haren plajio bat egitea, Linazasorok berak, han-hemenka esaten denez, nahikoa lotsagabek Mrozek deitzen den idazle poloniarrari ipuinak eta nobelak plajiatzen dizkion arren. Baina nik serio jokatu nahi nuen, Linazasorok baino serioago bai behintzat, literaturarekin.” (54. or)

K. L. liburuzainak liburuko protagonistak, urtebeteko eszedentzia eskatu du, liburu bat idazteko; edo bi, nork daki. Baina zortzi hilabete igaro dira liburuak bere kontakizuna hasten duenerako eta aritu arren ezin. Egunerokotasunak bereak dituen errutinak abentura handiak bilakatzen dira K. L.ren bizitzan eta horrela ezin idatzi! Absurdoaren literatura, fantasia librea, egoerak irrazionalak dira guztiz. Bere alter-egoa dena, liburuko protagonista, muturreko egoeratara eramaten du autoreak, fantasiaren mundua biziki gustatzen zaiola eta mundu horretan maisuki moldatzen dela erakutsiz.

“Fantasia duten ipuinak ditut gustuko, ludikotasun ukitu bat dutenak, bizitzaren bortizkeriaz zipriztinduak, irakurleari oldartzen zaizkionak, indartsuak, iradokitzaileak, ezustez beteak; uste dut, era berean, ipuinak derrigorrezko dituela umorea eta ironia, eta horixek direla giza-tragediari edo alienazioari edo bakardadeari edo absurdoari aurre egiteko armarik behinenak, babesa eta distantzia eskaintzen dutelako. Ipuina lege-hausle sendoa da, bere erregela propioak dituena: hor barruan oraindik badago zirrikitu bat benetan libre izateko, metaforaren eta alegoriaren erreinuan"1 .

Bestiarioak pasarte gogoangarriak ditu; ironia eta umore beltza usaindu, sentitu egiten da lerroz-lerro pasarteotan aurrera egin ahala. Protagonista Zahar Baratzean bahitu zutenekoa edota Gandiaga irakurtzen duten Gure Kabiya tabernako muslari ilustratuena (liburuko 35. eta 48. orrialdeetan). Urrestillan izeba Amaliren hileta elizkizunean, irakurle honi organujolea (19. or) ezagutzen duela ere bururatu zaio, baina eldarnioa baino ez da izan agian, auskalo!

Umoreak zenbait pasarteren gordintasuna eztitzen laguntzen du baina idazlearen lumak badu halako zapore mikatz bat.

“(…)Baina nire poesia maiz samintasun sendo batetik sortzen dena, goxoa da, baikorra, ospakizunezkoa; eta ipuinak, maiz alaitasun pletoriko batetik sortzen direnak, berriz, beltzak eta ezkorrak eta gordinak dira (…)”2.

Linazasorok bere lanetan jeneroen arteko nahasketa lantzen du. Bestiarioak antzerki edota sketch kutsua hartzen du eta deigarria da aforismoen presentzia. Linazasorok berak ez baitu jeneroetan sinesten3.

Ez du ez jeneroetan sinesten baina ia denetan aritutakoa da4; narrazioa, eleberria, poesia, apunte edo aforismoak, haur eta gaztetxoentzako egindako poesia eta narrazio liburuak, saiakera, antzerkia eta horretaz gain, artikulugile era bada Karlos Linazasoro, astero Diario Vascon zutabea idazten du. Filologoa ikasketaz eta liburuzaina lanbidez, Karlos Linazasoro idazle nekaezina da. Literatur kritikari batek idatzi zuen Karlos Linazasoro idaztearen gaixotasunak jota5 dagoela. Berak esana da inori esan ez dizkionak kontatzeko idazten duela, sendatzeko, agian?
 vives_52_53_1.gif

Jolaserako beta eskaintzen dio Bestiarioak irakurleari. Liburua hasi eta orrialdeetan polikipoliki aurrera egin ahala, idazleak irakurleari luzatzen dion eskuari helduz, mundu honetan dauden beste munduetara, fantasiazko mundura salto egin dezake irakurleak. Irribarretsu.

Izan ere, “ETA KARRAMARROA BALITZ AURRERAKA DABILEN IZAKI BAKARRA?”


Alaitz Vives

-------------------------------------------------------------------------------------------------
1. http://www.basqueliterature.com/katalogoak/egileak/linazasoro
2. Volgako Batelariak webgunetik hartutako elkarrizketa atala.
http://eibar.org/blogak/volga/archive/2005/12/13/62/?searchterm=karlos%20linazasoro
3. “(…) Nik ez dut jeneroetan sinesten (…) euskaraz ez daukagu jenerorik baina, eta nik denak nahasten ditut(…)” Volgako Batelariak webgunetik hartutako elkarrizketa atala.
4. Bere obra kontsultatzeko
5. Javier Rojo / El Correo, 2004-02-25. http://kritikak.armiarma.com/?p=1011
6. “Idaztea baita nire grina eta nire sendagaia, nire begirada eta bizitzeko dudan arrazoirik ahaltsuena” Volgako Batelariak webgunetik hartutako elkarrizketa atala. http://eibar.org/blogak/volga/archive/2005/12/13/62/?searchterm=karlos%20linazasoro