Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

KARLOS LINAZASOROREN LANAREN GAINEKO 
GOGOETA LABURRA
EUSKAL IDAZLEEN ARTEAN obrarik emankorrenetakoa duen idazleetako bat da, zalantzarik gabe, Karlos Linazasoro tolosarra; zenbaitetan, ordea, bere lanak merezi adinako oihartzunik sorrarazi ez izanaren sentipena erne dakioke, agian, irakurleari. Alegia, bere ipuin eta kontakizunak irakurri eta bere testuetan aurrera egin ahala, maila goreneko idazle baten aurrean aurkitzearen usteak pisua hartu ohi du sarritan irakurlearen baitan, eta berehalakoa da irakurleak idazlearen lanean murgiltzeak berari azaleratu dizkion sentipenak gizartean idazleak duen ustezko pisuarekin alderatzea. Nolabaiteko desoreka soma dezake irakurleak, akaso.

Familiatik datorkio Karlos Linazasorori euskara eta euskaraz idaztearekiko zaletasuna. Ez zen alperrik, bere aitona, Altzeta goitizenez ezaguna, gerra aurreko euskal hizlari dotoreenetakoa izan. Bere aita Iñaki, berriz, kazetari emankor eta oparoa izan zen.

Altzeta du izenburutzat, hain zuzen, Karlos Linazasororen nobela eder batek; berak asmatutako fantasiazko herria da Altzeta, baina kokapen oso zehatza daukala eman dezakeena: Berastegi eta Leitza artean, Urtoko mendatetik gertu, Plazaolako trenbide zaharraren ibilbidean (Andoain-Iruñea ibilbidea). Hain zuzen ere, trenbide hau eraiki beharraren aitzakian hazi den herria da Altzeta, nekazal eremu batean kokatua, baina meatzeak ere bertan dituena. Nostalgia kutsua dario liburu honi, neurri batean; haseratik bukaerara garai bateko gertakariak irudikatzeko Linazasorok azaltzen duen maisutasunak, baina, harribitxi bilakatzen du liburu hau: altxor txiki bat, finean.

Linazasororen lanik gehienak, baina, Altzeta maisulanak lantzen duen estiloarengandik ezberdin samarrak dira. Idazleak gustuko du oso ipuin harrigarriak sortzea, irakurlea harrituko dutenak, gai ilunak landuko dituztenak eta amaieran sekulako ustegabeak gordetzen dituztenak. Horren adibide dira, esaterako, Itoko dira berriak, Zer gerta ere, Bestiarioak, edo, neurri batean, baita Eldarnioak ere. Pertsonaiak muturreko egoeratara bultzatzen maisua da Linazasoro, baita kasualitatea, absurdoa, umore beltza eta gordintasuna dosi neurtuetan nahasten ere.

Benetan aipagarria eta txundigarria da, nire iritziko, Zer gerta ere lan gogoangarriari hasera ematen dion ipuinaren gaia, esaterako: goiz batean ohetik altxatu eta herrian bera ez beste inor ez dagoela ohartzen den gizasemearen ibileren kontaketa, aurkikuntza berezi horrek sortuko dion nahasmenarekin. Liburu bereko azken ipuina ere, aipagarria da oso; berez liburuko gainerako ipuinen lotailu behar lukeenak, nahasmena eragiten du neurri batean irakurlearen baitan, eta badirudi, gainera, idazleak propio bilatu duela nahasmen hori eragitea. Trebetasun handiaren jabe delako seinale. Laburbilduz, Karlos Linazasororen edozein lan irakurtzeak ezaxola ez beste mila erreakzio sorraraziko ditu irakurlearengan.
Gorka Azkarate