Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
urutxurtu_50.gif
Mailuaren odola 
 
(Erresuma eta Fedea 1)

EPALTZA, Aingeru Donostia: Elkar, 2006

AKZIOAZ, ABENTURAZ ETAHISTORIAZ gozatzeko gogoa duenak, horretarako parada ezin hobea izango du Mailuaren odola Aingeru Epaltzaren (Iruñea, 1960) eleberria irakurriz. Erresuma eta Fedea izenburua duen trilogiaren aurreneko liburua da Mailuaren odola. XVI-XVII. mendeetako Nafarroan girotzen den nobela historiko baten aurrean gaude. Euskal Herriko historiaren garai interesgarria eta erabakigarria izan zen hura: ikuspegi politikotik, Nafarroako erresumaren bukaera; hizkuntzaren ikuspegitik, euskal literatura jasoaren sorrera; eta erlijioaren aldetik, Nafarroako errege-erreginek erreforma kalbinista bultzatu zuten sasoia.

Egoera horren erdian bi pertsonaia kokatu ditu idazleak: bata, fikziozkoa, Joanes Mailu —Nafarroako errege-erreginen odoleko sasikoa, eta erresumaren eta erlijio kalbinistaren defendatzaile sutsua, “Erregea eta Fedea!” zintzotasunez oihukatzen duena—; bestea, erreala, Pedro Agerre Axular apaiz katolikoa eta euskal idazlea. Bien arteko lotura: Iesus Christ gure Iaunaren Testamentu berria liburua.

Bi pertsonaia horien inguruan antolatzen da Mailuaren odola. Joanes Mailuk bere aurrekoen eta bere bizitza kontatzen ditu, hamaika gertakariren testuinguruan: Nafarroa gaztelarren eskuetan erortzea, Nafarroa Beheretik erresuma osoa berreskuratzeko ahaleginak, erresumako nobleak, higanotak, erlijio gerrak, Itun Berria euskarara itzultzeko euskal idazleen bilerak…. azularen garrantzia askozaz txikiagoa da —hiru kapitulu laburretan soilik azaltzen da—, beharbada trilogiaren beste bi ataletan protagonismo gehiago emango diolako egileak.

Gertakariok ongi girotuta eta deskribatuta daude, eta Euskal Herriaren historiaren garai erabakigarri batez jabetzeko aukera eskaintzen dute. Zentzu horretan azpimarragarria da nobela idazteko egileak egin behar izan duen dokumentazio lana; fikzioa eta errealitatea nahasten badira ere eta protagonista nagusia fikziozkoa bada ere, egiazko historiaren datu ugari erabiltzen du Epaltzak, eta horregatik esan dezakegu benetako nobela historikoaren aurrean gaudela, gertaerak garai historiko batean kokatuak izateaz gain, testuinguru historikoak garrantzi handia duelako. Pertsonaia historikoen artean presentzia nabarmena dute, besteak beste, Nafarroako erreginerreginak —Katalina Foixkoa eta Joanes Albretekoa, Henrike II.a Albretekoa eta Margarita Valoiskoa, Joana III.a Albretekoa eta Antonio Borboikoa, Henrike III.a Borboikoa…— eta Erreformaren doktrina euskaraz jartzeko biltzen diren euskal idazle eta ministro kalbindarrak —Joanes Leizarraga, Joanes Etxeberri, Tartas…

Bi plano narratiborekin jokatzen du egileak: Joanes Mailuk lehen pertsonan kontatzen ditu beraren eta bere aurrekoen bizipenak; Axularen nondik norakoak, ordea, hirugarren pertsonan adierazten dira. Bereizketa hori era grafikoan ere azaltzen da, bataren eta bestearen gorabeherak grafia ezberdinaz idatzita baitaude.

Ezin dira utzi aipatu gabe hizkuntzaren edertasuna —metaforak, konparazioak…— ezta aberastasuna ere: nafarrerako hitz ugari, lexiko oparoa, aipuak…

Laburbilduz, istorioa eta historia nahasten diren nobela baten aurrean gaude; egileak berak elkarrizketa batean adierazi zuen bezala, Mailuaren odola irakurriz “abenturak maite dituenak izango du non ase bere gogoa, gogoeta maite duenak ere bai”.
Jon Urutxurtu