Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

otto_pette.gif
 «Nola edo ala gizakiaren bi aurpegiak erakutsi nahi dizkigu nobela honetan Lertxundik, eta ispiluaren bi aldeak arakatuz jolas egiten du»
 OTTO PETTE  
Anjel Lertxundi • Alberdania, 1994
Andu Lertxundi hain ezagun eta estimatua den idazlearen obrarik onenetarikotzat duten nobelaren aurrean gaude; euskal literaturaren erreferentzia puntu ere bilakatu dela diote kritikoek.

Erdi Aroan kokatzen gaitu liburuak, nahiz eta ez den denbora historikorik aipatzen, ezta espazio geografiko jakinik ere. Halere gaia oso gaurkoa da, unibertsala dela ere esan daiteke. Landetxe bateko bakardadean bizi den Otto Pette jaunaren etxeko atea jotzen du ezezagun arrotz batek. Konturatzerako bertan ostatu hartu eta nagusiaren lekuaz jabetzen ahalegintzen da. Otto Pette, beldurtuta, kezkatuta... arrotzaren nortasuna ikertu nahian saiatzen da, bi pertsonaia nagusien arteko borroka bat hasten da, hitzezko borroka...

Hilean ala bizian, semiotika edo zeinuen hizkuntza lantzen du nobela honetan Andu Lertxundi punta-puntako idazle oriotarrak, Umberto Ecoren eredua jarraiki.

Nobela historikoa da. Erdi Aroan kokatzen da, eta garai hori oso gizarte kritikoa dela kontuan hartu behar dugu. Guzti hori aintzat hartuta, hizkera eta gertakariak garaira egokitzeko egin den ahalegin berezia goraipatu behar zaio oriotarrari, hala nola sineskeriek zuten garrantzia: Dama Beltza (heriotza eta izurritearen pertsonifikazioa), pestea, orbanak, (deabruak hartua denaren seinale eta soluzioak), apokalipsia (Zaldun Beltza), deabruarekin ituna (matxinatuak), inkisizioa, (Zugarramurdi)

Nobelaren muina, borroka da, bi zaldun misteriotsuren arteko lehia. Otto Pette da bata; arrotza izenez deskribatzen den gizona bestea. Nobelaren hasiera ikusi besterik ez dago horretaz jabetzeko, Baronetaren atea jo eta pertsona arrotz bat sartzen da bere etxean, inoren baimenik gabe gurutzatzen du atea. Arrotza izenez ezagutarazten zaigun pertsonaia. Elkarrizketa bat hasten da bi protagonisten artean, nobelaren mamia eta istorio osoa irauten duen solasa. (52-54 or.)

Eta amaiera berriz, heriotza, borroka galdu duenarena, zazpi pausotan ematen den ondorioa (439-440 orrialdeak), sukarra gorantz, zornegaiztotu, delirioa, odola, ohorea, erotu beharrean, bi zaldien irudia berriro, gakoa, eztulka, seinale fisikoak hasi dira agertzen eta atea, heriotzak jo du atea.

Hilean bizian bezala: bizitza eta heriotzaren arteko gatazka, lehia isladatzen  du bi pertsonaien arteko borrokak. Liburuaren azalean agertzen diren bi zaldien irudiari begiradatxo bat emanez, bi irudi ezberdin ikus daitezke: alde batetik bi zaldun elkarri begira, borrokarako prest. Beste modu batera begiratzen badugu aldiz, burezur bat antzeman genezake. Ezin dira ordea, bi irudiak aldi berean ikusi. Bata edo bestea, hautaketa isladatzen da, alegia, bizitzan ezin dira bi gauza batera egin, bi zaldi horiek planteatzen dutena da, aukeratu egin behar dela: bizi ala hil, biak batera ezinezkoa baita. (282 or.)

“fugite, partes adversae, ut complexus non sait similis morte”: alde egizue kontrariook zaretenok, elkartzea ez dadin gertatu heriotzaren modukoa. Parte kontrarioak ez daitezela elkartu, batu, horrek heriotza dakar eta, pestea, izurritea, borrokak heriotza dakarrela esan nahi da.

Andu Lertxundik erabili duen hizkuntzak zeresana eman du, hizkuntza errazetik aldentzen saiatu da Andu, oso estilo propiora jo du, euskara literarioan asko sakondu baitu, hiztegiaren zehaztasuna eta aberastasuna horren lekuko. Hizkuntza asmatzen duela dioenik era bada. Gaiaren inguruan ere zeresana badago, egileak modernitateaz dituen kezken gainean eraikia dela diote adituek, nola edo ala, gizakiaren bi aurpegiak erakutsi nahi dizkigu nobela honetan Andu Lertxundik, eta ispiluaren bi aldeak arakatuz jolas egiten du.

Sei bat urte eman dizkion nobela irakurtzeko denbora eta patxada ezinbesteko bi elementu oso garrantzitsuak dira. Udako arratsalde lasai, presarik gabeko hoietan lerro bakoitza birritan irakurtzeak denbora eta dedikazioa eskatzen du. Liburutzar honetan biltzen den informazio guztia barneratu ahal izateko, orrialde bakoitza, paragrafoak ere bai zenbaitetan,  astiro irenstea da guztiaz jabetzeko modu bakarra.
Doltza Barandiaran