Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

 

gerrateko...gif

BALA ARTEAN JOLASEAN 
Mari Aburtori elkarrizketa
Mari Aburto deriotarra tiroz zauritu zuten zazpi urtekoa zela
“BALA ARTEAN JOLASTEN IBILTZEN GINEN”
Ia 70 urte igaro diren arren, Mari Aburtok ez du ahaztu 1937ko ekainaren 13a, Artxandako frontetik tiratutako bala batek bularra zeharkatu zion eguna. Miraria izan omen zen 7 urtekoa zen Mari bizirik ateratzea, erietxean zaindu zuten mojek behin eta berriro  esan zioten modura.

Bere Lezamako baserri ederrean izan gara Marirekin eta gustura kontatu dizkigu bizi-bizi dituen orduko oroitzpenak.

“San Antonio egunean izan zan, Artxandako tiroteoak izan zirenian. Gu, umiak, etxe aurrian (Derioko Ugaldeguren baserria)  genbiltzan jolasten; neba eta bere lagunekin hamabost bat juntauko ginen. Artxandatik botatzen zeurien tiroak Deriora, Derion nazionalak egozan. Balak kruzatzen ziren, eta gu erdien, balak kontatzen.

Halako baten, aurreko pinudi batetik, soldaduek, etxera sartzeko: ¡chavales, a casa!; eta etxerantza goantzela, blaust! jausi nintzan zakua bezala, kasik etxeko portalian sartukeran. Soldadu bi edo hiru urten ziren pinuditik eta portalera sartu ostien. Ni ez nintzan konturatu ezertaz, baino soltau ostien erropa guztixe,  eta dana odola eta odola . Orduan, dana prisaz, anbulantzian sartu eta Cruz Roja-ra, Deriora.”
mari_aburtori.gif

Marik  eskuak eragiten ditu, hitz egin ahala, eta, begi-ezpainen imintzioz eta ahotsa altxatuz edo apalduz, girotzen du bere narrazioa.

Derioko Gurutze Gorritik Durangora bidali zuten: ¡los graves a Durango! Gurasoei ez zieten utzi alabatxoari laguntzen:

“Han joan ginen Durangora, bost soldadu eta neu, anbulantzian; bat negarrez, metraila buruan eduki zeben, beste bat berna zati bat kenduta; Durangon anbulantzia ezin izan zan herri erditik pasau; dena erreta egon zan, keia etxeetatik. Nik dena ikusten neban.”

Anbulantziak Berrizera eraman zituen, Merzedarietara, erietxe bihurtutako kolegiora. “Un milagro, ha sido un milagro”, esaten omen zuten moja eta medikuek, bala bizkarretik sartu eta bularretik irten ondoren, neskatila onik ikusita.

Berrizko mojen arretaz eta tratuaz esker oneko hitzak ditu Marik. Hala eta guztiz ere, oso gogorra egin zitzaion ospitaleko egonaldi hura; sendaketaz oso mingarriak zirela du gogoan, eta, batez ere, amaren falta:

“Txarto pasatu neban, inoiz etxetik urten barikua izanda,  hilabete inguru gurasorik gabe, amaren beharra...; negar asko egin neban, gabetan batez be.”

Beste nahigabe bat ere izan zuen Berrizera iritsi orduko: “Zorriak zirela eta, trentzak kentzea izan zan mojen lehen lana; han joan ziren nire trentza politak!”.

Halako batean, etorri zitzaion ama bila, kamioi militar batean, eta itzuli ahal izan zen etxera, sendatuta; halere “orain hogei urterarte mina izan dot heridan, balazoa jasotako lekuan”, diosku Marik.

Etxera pozik itzuliko zela esan diogunean, erantzun digu: “Poza? Ez dakit. Gauza arraro bat sentitu neban.”


“ZER ETE DA GERREA?”

Zazpi urteko neskatila batentzat gerra zer den konturatzea oso zaila dela esan digu Mari Aburtok. Gerraren lehen aipamena, gerra hasi aurretik entzun zuen, oraindik sei urtekoa zela:

“Aititeri ‘Euzkadi’ ekarten otzien hamaiketako trenian; periodikua trenetik bota eta etxeko txakurrak jasoten eban eta aitaiteri ekarri, eta honek arbolapian jazarrita irakurtzen eban. Behin, periodikoa ikusita, egon ziren ferrobiario batzuk aitaitarekin gerraren kontra hitz egiten. Aitite oso kontrarioa zan.  Nik, hori entzunda, pentsatzen neban: Ze ete da gerrea?”.

Marik aitortzen du berak gerran ez zuela gaizki pasatu, San Antonio eguneko balazoa jaso arte, behintzat; gogorragoa, hitsagoa izan zen gerra ostea.

Jolasa beste ardurarik ez zuten umeentzat, gauza berri eta deigarriz betetako egoera zekarren gerrak: soldaduen joan-etorriak, tiroak, hegazkinak, bonbardaketak... :

“Bi abioi ezagutzen genduzan, ‘el alcahuete’ eta ‘el abuelo’’; oso baju ibilten ziren eta ia pilotuak be ikusten genduzan;  bonbardeoa etorrerian, ezkutatu egiten ginan Uzena baserri ondoko koba batian.  Behin bonba bat erori zan gure baserriaren kontra. Baina aititek ez eban baserritik alde egiterik nahi: hil bihar bada, etxian! Orduan babesleku bat egin genduan etxe ondoan: zanja bat egin, gainean trenbideko trabiesak jarri, eta gainean, lurra.”

Era guztietako soldaduak ikusi zituen neskatilak baserritik pasatzen eta makinatxorentzat prestatu behar izan zuen jatekoa bere amak:

“Batzuk oso edukaduak ziren eta faborez eskatzen zuten; beste batzuk fusilakaz sartzen ziren etxian, amenazuka: ¡lo que hay en España es de los españoles!, bota eutson aititeri halako batek”.

K.Olate