Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

gerrateko...gif
EGUZKI BELTZAREN SEKRETUA 
 
Alberto Ladron Arana - Elkar, 2004
Alberto Ladron Aranaren (Iruñea, 1967) hirugarren eleberria da Eguzki beltzaren sekretua —lehenago Itzalaren baitan (2001, Kutxa Fundazioa), eta Xake Mate (2002, Elkar) argitaratu zituen, eta ondoren Arotzaren eskuak (2006, Elkar)—.
 
Espioi-eleberri baten aurrean gaude. Espainiako gerra zibila amaitzear eta II. Mundu Gerra hasteko zorian dagoenean kokatzen dira gertakari nagusiak. Erdi euskalduna eta erdi alemana den espioi bat da protagonista, Oskar 19 urteko iruindarra. Espainiako gerran Bizkaiko frontean borrokatu ostean, Iparraldean babesturik bizi dela, Jaurlaritzako zerbitzu sekretuek —ingelesen zerbitzu sekretuen eskaerari erantzunez— Parisa bidaltzen dute eta handik Alemaniara, naziek Tibetera egindako Eguzki Beltza izeneko espedizio batetik ekarritako zerbait, izugarria bezain sekretupekoa, zer den argitzeko. Zerbait misteriotsu hori, nobelaren azken atalean argituko denez, Longinos Lantza da, hots, gurutzean iltzaturik zegoen Jesukristo hiltzeko Longinos erromatar soldaduak erabili zuen arma. Eta sekretua gordetzen duten SSetako buruzagietako bat, Weber, Oskar-en aita da, hilda zegoela uste zuena.

Oskarrekin batera, baina beste aldean, Del Valle, Francoren zerbitzu sekretuetako polizia azaltzen da, Gestapoko agenteekin elkarlanean ari dena. Del Valle Oskarren itzala izango da  lehenengo, Iparraldean, eta gero, Parisen eta Alemanian.

Espainiako gerra zibila, II. Mundu Gerraren atarian dauden Frantzia eta Alemania, espioiak, nazismoa eta SSen sinesmen esoterikoak nahasten dira. Ekintzaz beteriko nobela da, espioi-eleberri batek behar dituen osagaiekin hornituta: tiroketak, jazarpenak, galdeketa bortitzak eta suspensea.

Amaiera arte ondo egituratutako istorioa da, irakurlearen aditasuna mantentzea lortzen duena, baina azken atalean gertakariak sinesgaitzak eta fantastikoegiak bihurtzen dira, adibidez SSetako buruzagiek errito batzuk egiten dituzte Longinos Lantzarekin eta honek botere bereziak azaltzen ditu; gertaera horiek izaera sinbolikoa dute eta geroago gertatuko den sarraskia, eta aliatuen —bereziki AEBen— garaipena islatzen dute, bukaeran Lantza boteretsua Eisenhower-en eskuetara iristen baita. Sinesgarritasun gorabehera horiek alde batera utzita, ondo kontatutako istorioa dela esan daiteke.

Egileak dokumentazio lan handia egin duela nabaritzen da: zerbitzu sekretuetako  xehetasun ugari ematen dira, bereziki SS eliteko taldeari buruz; istorioa garai jakin batean kokaturik dago eta orduko giroa fideltasunez islatzen du, bereziki II. Mundu Gerra aurreko Alemanian eta Frantzian bizi zen egoera; dena dela, ezin da esan nobela historiko baten aurrean gaudenik. Gertaera eta pertsonaia historikoak fikzioarekin nahastuta azaltzen dira; lehenengoen artean, besteak beste honako hauek aipa daitezke: Gernikako bonbardaketaren aipamena, nazionalek Katalunia hartzea, SSak, Pio XI.a Aita Santuaren heriotza eta Pio XII.aren aukeraketa, Frantziak eta Ingalaterrak Francoren erregimena ofizialki onartzea, Alemaniak Austria eta Txekolosvakia bereganatzea, Himler, Hitler, Eisenhower...

Bi ikuspegitik kontatuta dago: batzuetan, lehenengo pertsonan, Oskarren ikuspegitik; beste batzuetan, hirugarren pertsonan. Hasieran, idazleak itzel tartekatzen ditu bi ikuspegi horiek; kapitulu batean Oskarrek lehen pertsonan kontatzen ditu gertakariak, eta hurrengoan, egoera berbera, Del Valle espainiar espioiaren ikuspuntutik aurkezten da, hirugarren pertsonan.

Liburu bizia da, eta egilea irakurlea ezustean hartzen saiatzen da, gertakari berri batekin, akziozko une batekin edo bestelako korapilo bitxiren batekin...

Hizkuntzaren sormenari dagokionez, irudi ugari darabiltza Ladron Aranak, eta azpimarragarriak dira egiten dituen deskribapenak: giroa, pertsonaiak, egoera bakoitzaren kolorea zehaztasunez eta hiztegi aberatsez idazten ditu.

Laburbilduz, Eguzki beltzaren sekretua liburu entretenigarria eta oporretan irakurtzeko gomendagarria da. Egiten diren aipamen historikoak kontuan hartuz, baliagarria izan daiteke, gainera, ikastetxeetan Historia ikasgaian II. Mundu Gerra lantzeko ere.
 
Jon Urutxurtu