Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

sarri.gif
NI EZ NAIZ HEMENGOA 

Joseba Sarrionandia • Pamiela, 1985

Hemen duguna puzzle bat da, esperientziaren mapa bat eta egunerokotasunaren kronika bat. Hemen duguna gartzelako eguneroko bat da, idazle presoaren gogoetak dakarzkiguna. Barne munduaren, kultura unibertsalaren eta euskarari buruzko gomuten nahasketa bat eskaintzen digu Sarrionandiak urtarriletik uztailera arteko diarioan.

Esperientzia, esplorazioa eta ezagutza zabala hari hartuta, galderak eginarazten dizkio irakurleari. Gose grebak, txapeoak eta Euskal Herriko gatazkaren egunerokotasun gogorra, existentzia, kosmosa eta hizkuntzari buruzko hausnarketekin nahasten dira. Euskal kultura,  Afrika, Amerika, Europa, Ozeania edo Asiako tradizioekin ageri da; nahinongo elezaharrak Sarrionandiaren haurtzaro eta gaztarako oroipenekin batera. Kartzelan preso egonda, munduan zehar garamatza; literatura eta idazleak ditu mintzagai hainbatetan, irakurritakoetatik egindako ondorioak ondo landuta edo bere horretan ematen dizkigu, baina beti esanguratsuki. Artelanak, margo eta marrazkiak bereziki, eta hauen gaineko iruzkinak dira beste pasarte batzuetako protagonistak. Aipatzekoa da halaber, koloreei eskaintzen dien arreta berezia; zeldetako bizitza monokromoari ihes egin nahian-edo, koloreen sinbolismoari edo pertzepzioari buruz dihardu tarteka-marteka.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

      

 <<Munduko jakintza geurea izan behar da,
geure kreazioa ere munduarentzat izango bada>>


Maixuki harilkatzen ditu edukin anitzak. Gure herriaren etorkizuna, memoria, eta oraina, kanpoko denbora mitiko, literario eta errealekin nahasten da. Denbora apurtu eta collage eder bat eratzen du: hemengoa eta hemengoa ez dena, gartzelakoa eta munduaren beste puntakoa, idazlea eta irakurlea, pertsonala eta kolektiboa. Honela dio Tradizioa eta Sinkretismoa atalean: “euskaldun irauteko, alde batetik ez ditugu galdu behar erroak eta geure tradizioarekiko fideltasuna, baina beste alde batetik unibertsalitatera irekirik egon behar dugu, beste tradizioetara eta beste sentsibilitateetara. Munduko jakintza geurea izan behar da, geure kreazioa ere munduarentzat izango bada.”

Hemen duguna gartzelatik euskal erroetara eta mundu zabalera irekitzen den arrakala bat da, irakurleari zelan edo halan pentsaraziko diona.

 

 

 

 

 

 

 

Araitz Garaita