Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Beti nire ero(oroi)menean 
li119    

Nekeza da hitzez adieraztea ulertzen nekeza dena, baina hala ere desenbarkuaren ondoren jet lag-aren eraginez idatzi du sentitzen duena olerkari honek

Maite Toledoren olerki-liburu honetan klikatuz poesiaz blaitu naiz, baita prosaz ere, presaka irakurri dudan liburu hau. Bere barneko munduko aleak hitzetan adierazi dizkit, barnekoak eta benetakoak, min hagitz diferenteak, Orhiko txoriñoak Orhirat, olerkariak harat bidaiatzen du hegan, guardasola zabaltzen du zaparrada ekidin nahian, utopiak irudikatu nahian, mendi zuriak ageri dira, ezpainak irrietan.

Maiteren poeta HURA da, baina ez da; batzuetan izango da, eta besteetan, berriz, irudika dezaketen norbait. Nik irakurri ahala ezagutu dut, irudikatu dut poeta. Nire atzamarrez ukitu ditut orriak eta letrak, eta bere larruazala sutzen sentitu dut, bero. Poetak maiteari deitzen dio, eta bihotza hautsi zaigu bidean.

Lerro berean katramilatzen zaizkio prosa eta poesia, eta hotz ere sentitu dut zenbaitetan poeta bere poema-liburu honetan. Bere baitan egon nahi duelako etorri da bihotz bakartien klubera, poesiara, ni ere nagoen tokira eta plazer bat izan da Maite ezagutzea. Ez da izan jet lag berborrea edo berba erre hutsa, baizik eta bizi-hitza.

Entzun egin dinat, Maite, hire jet lag poetikoa, noka. Haizea txistuka zabilen frankotiratzaileek tirokatutako bihotz zulatu honetan. Olerkariaren gorputza fatxada bat da, eta bihotzak tiriki-tauki egiten dio. Tristurarekin ere topatu naiz orriotan, baita amorruak ere hormak zulatzen, eta garden baten barruan Antilletan oporretan zeuden mamuak ikusi ditut. Mamuak bidaiatzen. Noranahiko jendartean sentitzen nau gertuan, baina urrun, urrunegi.

Ilargira joan nahi du olerkariak, lurrak puzzle erraldoia dirudi hegazkineko leihotik. Ilargira joan nahi du, eta nigana etorri da 2013ko ilbeltzean hegan iazko udaberritik. Negu honetan lurrartu du nigan bortxaz, eta milaka zatitan apurtua, puskak biltzen aritu naiz neure bihotzean.

Maitek dioen bezala, bizitzea poesia da, eta poesia bidaia. Hegan, oinez nahiz igerian dator maitearengana, doa maitearengana. Bizitzeak eta bidaiatzeak bi-biek dituzte iragana, oraina eta geroa. Bizitzeak hausturak eragiten dituen bezala, erritmo berrietara egokiarazten gaitu. Bortxaz eta halabeharrez beti, eta horrek dituen ondorioez ohartarazten gaitu Maitek poema-liburuan, nahi gabe idatzitako olerki laburrotan. Bidaiatzeak ere jet lag-a sortzen digu, gure gorputz-arima ondoezik ibiltzen baita, helmuga berriko erritmora moldatu arte. Bizitzea eta bidaiatzea bat diren bezala, irakurtzea ere bidaiatzeko eta bizitzeko modua denez, irakurri dut Maite Toledoren bidaia-liburua poesiaren erritmora egokituz neure burua.

Ate joka, nonbait, algarak.

Ainara MAIA