Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Izaera argiaren korronte ilunak
 
TXIMISTAK . Jean Echenoz .Itzul: Gerardo Markuleta. Meettok, 2012
li109

Jean Echenoz idazle frantziarraren «Tximistak» liburua trilogia baten azken alea da, Nikola Tesla zientzialari eta asmatzaile kroaziarraren bizitza kontatzen diguna. Gerarlo Markuletaren itzulpen hau Meettok argitaletxearen eskutik datorkigu, «Ravel» eta «Lasterka» aurreko bi liburuen ostean.

Lehenak Maurice Ravel musikaria zuen protagonista, bigarrenak Emil Zatopek atleta errusiarra, eta azken honek, aipatu zientzialaria ardatz harturik, aise eta gustura irakurtzen den idatzia dakarkigu esku artera.

Hirurak pertsonaia erabat ezberdinak dira eta antzekorik ezer gutxi izan dezaketen arren, badute abilezia jakin bat beren bizitzak menderatzera heltzen dena. Halere, ez da kointzidentzia hori trilogiaren haria, Echenozek liburu hauetan biografiak kontatzeko sortu duen modu berezia baizik. Idazleak berak esana da ez dituela biografiak idatzi nahi izan, pertsonaiak eraikitzen saiatu dela. Liburua idatzi aurreko ikerketa eta dokumentazio faseetan ez duela testuekin bakarrik lan egiten, irudi, argazki eta soinuekin ere dokumentatzen ahalegintzen dela, irudimena pizteko. Horrexegatik, ezinbestean, idazlearen irudimena nabarmenki senti dezake irakurleak liburuan zehar.

Nikola Tesla asmatzailearen jaiotzak hasten du kontakizuna. Misterioz inguratutako gertakaria, Europa ekialdeko herrixka batean denbora zehatzik gabe eta argiaren presentziatik kanpo. Izaera berezia deskribatzen da haurtzarotik, argitasun apartekoaren zantzuak dituena, baina era berean eszentrikoa, urruna, desatsegina, giza harremanetarako zailtasunak eta mikrobioekiko obsesio neurriz kanpokoa duena. Eta bereziki guztia zenbatzeko ardura, dirua ez den beste guztia. Arduragabetasun hori izango da, oro har, pertsonaiaren akatsik handiena, ezbeharrak korapilatuko dituena. Ameriketako Estatu Batuetan bere asmakizunen patenteak erregistratuko ditu, betiere, ideiak nahikoa garatu aurretik, hainbat asmakizunen autoretza ostuko diotelarik. Eta halere, korronte alternoaren aita izango da eta martetarrekin hitz egiteko modua topatu nahi izango du.

Errealitatearen eta fabularen arteko generoa darabil autoreak. Gertaeren narratze hutsetik harago ipuin moduan kontatzen da jenio xelebrearen bizitza; egoera muturreko eta mingarrienak ere, labur eta ia modu komikoan azalduz. Ironia fina du Echenozek. Batzuetan barrea sorrarazten du, besteetan sentiberatasuna, inoiz pena apur bat ere bai. Tonu malenkoniatsua mantentzen du hasieratik amaierara eta sentimendu kontraesankorrak eragiten ditu denbora gutxian.

Hogeita zortzi zurrupada laburretan irensten da edabe hau. Pertsonaia erabat hurbilekoa egingo zaio irakurleari eta benetako gizaki bati buruz ari dela ere ahantz dezakegu.

Bizitza nobelatua da, eleberri modura azaldutako izatea. Eta bai, egia da, azkenerako ez dakigu zer den benetako biografia eta zer idazlearen irudimena. Fikzioa dirudi pertsonaia erreal baten bizitza baino. Baina ez dio axola, berdin-berdin zaigu. Literaturaz eta literaturarekin gozatzeko idatzitako liburua baita. Aurreko biak bezainbat. Benetan gomendagarriak hirurak.

Ekhiñe EGIGUREN