Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Askasibar Giza izaeraren zentzugabekeria 

GUILANO. HERIO HEROI/ ARRA. ARRAROA. Artezblai, 2010

li104

1961. urtean, Martin Esslinek Absurduaren Antzerkia izeneko ikerketa liburua argitaratu zuen; ordutik hona, ikerlanari izenburua ematen dion terminoak munduari bira eman, eta XX. mendeko arte eszenikoen alor garrantzitsua bezain zabala izendatzeko balio izan du. Alabaina, Esslinen testuak zaku berean sartzen zituen antzezlan nahiz dramaturgo zeharo ezberdinak: Eugène Ionesco, Samuel Beckett, Arthur Adamov edota Harold Pinter, irakurlearengan garaiko antzerkiarekiko pertzepzio desitxuratua eskainiz.

Baina, Esslinen helburua ez zen izan norabide bakarreko mugimendu artistiko sendoa azalaraztea; bai, ordea, garai horretan agertzen ari ziren adierazpen ezberdinak sailkatzeko modu teorikoa sortzea. Terminoa, zoritxarrez, errealitate konkretu bati buruz hitz egiteko erabili izan da urteetan zehar, askotariko manifestazio artistikoen zigilu zehatza bihurtuz, bertan errealismotik aldentzen zen edozein antzezlan barnean sartuz. Esslinen ikerlanetik mende erdia pasa dela presente izan arren, ezin uka dezakegu, esku artean dugun Oier Guillan euskal idazlearen Herio heroi testu dramatikoa (Kafe Bilbao saria 2009), zaku zabal bezain hetero geneo horretan koka daitekeela.

Herio heroi-n, etorkizuneko mundu bitxia agertzen zaigu, bertan hilotzek usteltzeari utzi diote eta familia bakoitzak senide hildakoen gorpuak bere kargu hartu behar ditu, etxean gordez betiko. Gero eta hildako gehiago dagoenez, mundua erabat aldatu da, gobernuak konponduz eta debekatuz, heriotza bortitzak sor ditzaketen arazo guztiak (gerrak, elkarrizketa gataz katsuak, borrokak...). Antzezlanean, Gelnst eta Zprist anaien bizitza lasaia hankaz gora jarriko da, gobernuko funtzionario bat etxean agertzen zaien egunean: funtzionarioak gure protagonistei aspaldi abandonatu zituen aitaren hilotza ekartzen die, momentu horretatik aurrera etxean zain dezaten, legeak agindu bezala. Baina non sartu etxean hilotza? Eta nola jakin ezezagun hori benetan aita duten? Eta legea ez betetzea erabakitzen badute, zer ondorio ekarriko lieke? Egoera honek gai ezberdinen inguruan hausnartzeko aukera ematen du: demokrazia, gizakion askatasuna, familia eta erlazio pertsonalak...

Gizarteko gai mamitsuak lantzeko dramatismoaren bidea hartu beharrean, Guillanek umorez eta ironiaz josi du antzezlana, baina txiste errazak erabili ordez, paradoxak eta hitz jolasak sortuz harilkatzen du istorioa. Pertsonaia anbiguoak aukeratu ditu, inuzenteak eta ia izaera propiorik gabekoak (haien izenek ere ez dute esanahirik); suertatzen zaizkien egoera xelebreetan bere ikuspuntua are xelebreagoa izan dadin. Harriturik geratzen dira bere inguruari begira, eta egoeren aurrean matxinatzen saiatzen diren arren, ez dakite nola edota ez dute indarrik matxinadan aurrera egiteko. Eta matxinada egitea lortzen denean, zentzurik gabekoa eta alferrikakoa da. Gaietan, estrukturan edota elkarrizketetan, Beckett-en hainbat testu ekartzen du gogora; hala ere, hiz kuntzarekin egiten dituen jolasak eta errepikapenak gertuago daude Iones-coren La Cantatrice Chauve antzezlanetik.

Artezblai argitaletxeak Oier Guillan idazleari eskainitako alean, arestian aztertutako antzezlanaz gain, beste testu bat jasotzen du: Arra. Arraroa. izenekoa, hain zuzen ere. Oier Guillan orain arte poeta gisa ezagunagoa izan da; azken testu honen helburua bi generoak (poesia eta teatroa) uztartzean datza. Bertan, poesiaren estrukturatik hurbil dagoen bakarrizketa eder baten bidez, autoreak gizonezkoak gaurko gizartean duen rolaren inguruan hausnartzen du: gizona galduta dago orain arte inposatzen zitzaizkion estereotipoak desagertzen ari direlako, baina ez daki oraindik nola jantzi dagokion rol berri hori. Estereotipo horietatik aldentzen den gizona eta gainera lotsarik sentitzen ez duena adierazteko, arra arraroa da.

Liburua osatzen duten bi testuak oso ezberdinak izan arren, badute komunean zenbait ezaugarri: esperimentazioa eta hizkuntza berrien bilaketa euskaraz egitea da, agian, ekarpenik baliotsuena. Nahiz eta sortzaile interesgarriak egon gure artean, antzerkiaren gainbehera nabarmena izan da azken urteotan bai produkzioetan bai kontratazioan; hori dela eta, eskertzekoak dira arriskuak hartzen dituzten apustuak gure inguruan jorratzea. Ez dakigu Guillanen obrak zein norabide hartuko duen hemendik aurrera, hala ere, aberatsa eta emankorra izatea opatzeaz gain, Esslinek zioen bezala “giza izaeraren zentzugabekeria” ikertzen jarraitzea espero dugu.

Xabier López