Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Gasolindegian 

UGARTE, Yurre. Alberdania, 2010.

li29    

Liburuekiko harremanak oso bitxiak izan daitezke. Gerta daiteke, amodiozko istorioetan bezala, liluratuta geratzea purpurinazko azaleko itxuragatik eta liburura erosi, baina 10. orrialdera iristerako, konturatzea oro ez dela urre eta liburua eta irakurlearen arteko bat-bateko maiteminaren xarma hori galduta, banatzea. Beste batzuetan, zorio nez, amodio-desamodio prozesu horretan, ibilbidea erabat alderantzizkoa da.

Egiari zor, Yurre Ugartek idatzi duen lehenengo liburuari buruz, hasiera batean, ez azalak, ezta izenburuak ere, ez ninduten gehiegi seduzitu: “Gasolindegian” izenburua duen liburuaren aurrealdean min koloreko zeru eta basamortu moduko paisai erdian, gasolina hornigailu gorri bat sortzen da. Hornigailu hau nahiko berezia da, markagailuan litroak eta euroak azaldu beharrean, buru eta garun baten irudiak agertzen baitzaizkigu.

Halere, liburua irakurri ahala, han suertatzen diren istorio eta pertsonaiek, gero eta gehiago harrapatu naute, azkenean, maitemintzearen kilimak sortarazi arte.

Izan ere, zaila da gero, jaio berriari izena jartzea!

Are zailagoa, jaio berria haurra bada, esango luke idazleak: “...haurrari izen hori jartzen badiote, kosta egingo zaio bizitzan bere lekua aurkitzen, zama bat besterik ez da izango, izen hori...”

Eta hori da, hain zuzen, liburuaren protagonistetako bati, Ruthi, bigarren narrazioan gertatzen zaiona: izenak eraginda, zaila egiten zaio bizitzan bere lekua aurkitzea. Bilaketa horretan, jauzi egingo du haurtzarora, handik bueltan, katarsi baten bidez, aro hartako mamuak uxatu eta aurrera jarraitzeko; “POSTERTERAPIA”.

Baina bizitzan norbere lekua aurkitzea, finean bizitzea, gehienetan ez da lan makala izaten. Ibilbide horretan errealitatea bezain garrantzitsua dira ametsak, nahiz eta askotan biak bat ez etorri. Egoera horretan mugitzen dira liburuko pertsonaiak.

Horietako bat, kontakizuneko pertsonaia nagusia dena, Rakel, errealitate-ametsaren soka gainean ibiliko da, liburuan zehar, oreka bila. Arte Ederretan lizentziatua eta gasolindegi bateko langilea. Rakelen ametsek talka egingo dute errealitatearekin, baina biak beharko ditu bizitzeko. Ezingo ditu bere ametsak erabat baztertu eta askotan horiek baliatuko ditu errealitatetik ihes egiteko.

Baina gasolindegi bat ez da tokirik aproposena imajinazioaren sua pizteko. Toki labainkor hau, oso toki arriskutsu bilaka daiteke. Batez ere, inguruan begietan sua daraman konkordun itxurako pertsonaia bat agertzen bada.

Bukatzeko, esango nuke ez dela misteriozko liburu bat, baina bai liburuak gordetzen dituela misterio batzuk: existitzen al da benetan Veronika? Zer gertatzen da Rakelekin bukaeran? Zein da benetan liburua ireki eta pirueta batez liburua ixten duen pertsonaia kon korduna?

Nik badauzkat nire hipotesiak, baina orain ez da momentua esateko. Orain zure txanda baita, irakurle!

Mikel Agirregomezkorta