Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Iluntasunean argia

ATAKAK Hasier Larretxea Alberdania, 2011

li100    

Hauturik ez dagoenean, bizitza, aukera bakarra da, Hasier Larretxeak. Eta nik, Baztango larre baterako ataka irekitzeko aukera izan dut. Alberdanian. Etorkizuneko ziurgabetasunaren eta iraganeko erranairuen kontraesanen borroken artetik, onik ateratzeko proposamen poetikoa egin dit gaur Hasier Larretxeak. Arnas har dezadan ataka bat; ateak.

Ataka bat: Hitz egiteko moduak. Poeta gazteak erakutsi dit isiltzen, asko errateko dudanean, ulertuko edo sentituko ez dutelakoan. Min eman ez diezaguten bihotzean, arantzadun ataka ixten ere jakin behar baita, ahotik loreak bakarrik atera daitezen eta pozoia hesteetan behera, komunetik beheiti.

Ataka bi: besarkatzeko gabezia. Aditzik eta apaindura merkerik gabeko poesian murgildu naiz, lagun mina besarkatzeko gogoa dudan honetan.

Ataka hiru: ezin izenda daitekeena zaila da arnasten. Poesiaren bidez ezin erran daitekeena irudikatu dit poetak, eta hatsaren poesiaz ametsetan jaso dut lagun minaren besarkada.

Ataka lau: sentitzeko ezintasunak, erran gabe gelditzen direnak. Erran gabe doa aurrerantzean nire mina, eta doakizuela nire irribarrerik zabalena. Erran gabe doana baita poesian garrantzitsuena.

Ataka bortz: Bi mila eta bederatziko apirilaren hamarrean, hamaika huts bortz, puntako ordua da merkatuan. Gaurtik bi mila eta hamabiko apirilaren hamarrera arte poesia bizitzeko soilik ez-erran uste izan dit poetak.

Ataka sei: Huntz hostoa da garai batean zena. Eta zentzutasunaren haritik zintzilikatzen diren bizitzak. Azken batean ez dagoela lotzen gaituen haririk erran zigun Sarrionandiak, eta aske murgildu da poeta azal urdindun liburu hau taxutzeko. Poetarengan eragina izan duten munduko bertze poeten aipuen laguntza izan du horretarako.

Ataka zazpi: oihan hostotsuaren txistua haize-bolada batekin fruta freskoa ustel dezakeena, ataka hestea nahitaezkoa da. For the Windows in Paradise, for the fatherless in Ypsilanti (Sufian Stevens). Haizearen txistua ene bihotzean, eta otzantasuna, hesitzen jakin ez zuten atakan. Poetaren oroitzapenak idatz ditzakezue, poetaren bizitza arakatu dezakezue, iraganaz jakin, oraina mozorrotu. Libre sentituko zarete poema-liburu honetako orrialdeetan. Poetaren gisa berean, esan gabekoekin, burbuilak eginen ditugu. Haizeak bizitzaren sakontasunean txistu egiten dit neuri ere bihotzean.

Ataka zortzi: batek errateko aunitz duenean, isiltzen ikasten du. Iluntasunean baino ez da argitasuna erdiesten, iluntasunetik baino ez dute gauzek forma hartzen (Charles Wright). Izaten jakin, egoteari uzteko. Oihanartean baino ez (zara) (duzu) aurkituko.

Ataka bederatzi: ahanztura beste oharkabetasun mota bat baino ez da. Inoiz ez nuen jakin nora zihoan isiltzen zenean (Omar Pimienta). Isiluneak eraginen ditut neuk ere. Mundu honi begi-keinua egiteko era, zintzotasuna da.

Ataka hamar: hil-hurren dagoen minean. Bizitza isiltzerik ez den marmarra da, beste heriotzen hatsa. Bizitza amets hatsa da. Heriotza bizitzaren flash-backa.

Eskerrak zuri, Hasier, bideko argitxoak erakusteagatik, eta Baztango ataka horren bidez, honaino iristen laguntzeagatik. Zeru eta lur artean distira. Zu eta ni desegiten. Alberdanian utzi nituen ene bi olerki-liburu, eta alberdanian, gorgoinetan esan gabe doa maitasunezko kantu bat. Ataka larri batean dut bildurik ene bihotza.

Ainara MAIA
E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.
E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.