Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Kartzelatik kartzelaz 
li100    

ATAKAK Hasier Larretxea Alberdania, 2011

2010. urtean, «Ospitalekoak» eleberriarekin, izan genuen aspaldiko partez, donostiarraren azken literatura lanaren berri. Orduko hartan, kartzelan preso zegoen pertsonaia baten inguruan josi zuen kontakizuna, fikzioa eta errealitatea nahasten ziren unibertsoa sortuz. Tartean, espetxeari buruzko hainbat gogoeta eta salaketa ere jarri zituen mahai gainean, bertan gertatzen dena krimen perfektu moduan deskribatuz.

Liburu berri hau ere kartzelan dago kokatua, baina erabat desberdina da. Oraingoa, bere bizitzaren garai zehatz bateko kronika da, 2004ko urritik 2005eko maiatzera artekoa. Hau da, beraien haurrarekin zirela, Marixol bikotekidea eta biak ETAko kide izateagatik atxilotu zituztenetik, berriz ere hirurak elkartzea lortu zuten momentura arte luzatzen da. Hilabete horietan, frantziar estatuko hiru espetxetan egon zen, eta bakoitzean kaier bana idatzi zuen, sekula inork irakurriko zituen jakin gabe. Zenbait urte beranduago, hala ere, liburu bihurtu dira kaier haiek.

Isolamenduan egin zituen lehen lau hilabeteak, egunean hogeita bi orduz ziegan sartuta, eta kanpora ateratzean ere, beste inoren laguntasunik gabe, bakardadean. Bakartuta egote horri aurre egiteko, defensa moduan, idazteko hautua hartu zuen Antzak; bizi, sentitu eta ikusten zuena paper gainean jartzeko hautua, hain juxtu. Gertaeren kontaketa biluziak eta gogoetak, kantu, poema, bertso eta aipuekin tartekatzen dira. Beste ezeren gainetik, egoera gogor eta krudel baten aurrean, ETA erakundeko militante den pertsona batek erabilitako babesa osatzen dute guztiek ere. Espetxeak irentsia ez izateko eta duintasuna mantentzen laguntzeko idatziak. Baina, horrez gain, espetxe sistema osoaren aurka egindako salaketa idazki bat ere bada «Bakarmortuko kronikak». Kartzela sistema beldurtzeko, kikiltzeko egina dago. Pertsonaren berezko joera kamusteko, irensteko. Norberak egin nahi duen horretatik, bestek egin nahi duen horretara behartzeko.

Kartzelaren gaia askotan jorratu izan da literaturan nahiz zineman, askorentzat gustuko genero bihurtzeraino. Ikuspuntu desberdinetatik eta modu anitzetan egin bada ere, beharbada genero bihurtzeak berak, nolabaiteko arinkeria erantsi dio kontzeptuari berari. Gizartearen zati batek hain txarrak ere ez direla pentsatuko du agian, eta baten batek, erosoegiak ere badirela. Kasu honetan, aldiz, pelikula eta nobela askoren aldean, erreala da azaltzen dena, benetan gertatua, eta honek, jakina, bestelako balioa ematen dio kartzelaren baliagarritasun zein funtzionalitateari buruz aritzeko orduan. Bukatzeko, kronika hauetan agertzen den Xose Tarrioren aipu bat, bizi dugun egoeran, espetxea zer den egoki deskribatzen duena. Kartzela da jendartean traba egiten dutenentzako proiektu sozioekonomiko zehatz baten zabortegia: horregatik, kartzela, nagusiki, jende txiroz beteta dago.

Iban Balerdi