Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 Bi eskuak behar ditu poetak 

ESKU EZKERRAZ Antoni Casado da Rocha 

li98    

Bi eskuak behar ditu Sarrionandiak ere, eta hark bezala esku ezkerraz laguntzen dio idazten eskuinari artearekin bizitza azaltzeko. Alderantziz, beste batzuetan. Nolanahi ere, baten hutsunea besteak betetzen du, hori da elebidunaren dohaina eta bertutea, elebakarraren aldean.

Horixe bera da poema-liburu honen dohaina, hutsune bat betetzera datorrena; iruzkintzera natorren poema-liburu hau elebidun, eta hirueledun ere agertzen baitzaigu zenbaitetan, euskaldun berri omen den gure poeta hau. Poema-liburu honen hitzaurrea Angel Erro poeta nafarrak idatzi du poeten lehen mintzairan, eta Antonio Casado da Rocharen poesiaren berri ematen digu; euskaraz idatzi aitzin gaztelaniaz ederki eta maisuki idazten zuela, baina erabaki zuela erosotasun horretatik ateratzea eta euskarari euskaldun berriaren erakargarritasuna ematea. Angel Errok bitan banatzen gaitu poetok: sortzen dutenak eta aurkitzen dutenak. Bigarren hauek beharrezkoago ikusten omen ditu Angelek, eta nik diot ere poeta baten ametsa lurraldea hiztegi bat bihurtzea dela, hitzak elkarri lotuz eta besarkatuz. ZRMRaren gisa, «the arin rain» bat bezala, fresko, Antonio euskaldun berriaren lotsagabekeriatik jatorkeria sintaktikoaren aurka sortzen du xarma, eta zenbait poematan euskararen aldamenean gaztelaniazko bertsioa eta ingelesezkoa jartzen ditu gauza bera adierazteko, baina bestela ere erran daitekeela, aurreskuaz. Lotsagabekeriaz haratago, atzeskuaz, poetak errazkeriatik aldendu nahi izan duela uste dut, Chillidaren bidetik, bideak irekitzeko; eskuinaz baino, esku ezkerraz bide berri bat urratu du Antoniok. Eleaniztasunarena. Maiz zorionarekin puzten gara, eta zoritxarrarekin etsitzen dugu, eta Antonio Casado da Rocha poetak zenbait poetari buruzko abisua eman dit. Izenak jin-joanean, eta bitartean jan beharra dauka kritikariak ere. Leialtasuna zor dio maiteari, eta ohartarazten dit itxaroten dena suertatuko zaidala. Bizitzaren orekan datza jin-jan-jun horren baitako zen ariketa hori. Bide argitsua erakutsi dit poeta honek, eta hegazkinak hegaldarazi ninduen zerura, goitik begiratzeko urak badoazela bere bidean. Poesia bizi-bizi dago, eleberrien eta saiakeren artean loratzen etenik gabe, moldatzen garai berrietara. Liburu hau izan liteke adibide bat.

Egunero eguzkia esnatzen den gisa berean, poetak bere poetika ttipiak izkiriatzen ditu bere bizitza berea ez den bizitza hori bizitzen duelako. Maitasunak oporrik hartzen ez duen bezalaxe bizi da poeta bere bizitzako uda hura beti gogoan, erreka, taberna, liburu eta itsaso artean igarotako hura. «Are you basque?», galdetzen diote poetari, euskaraz bakarrik ez idazteagatik, eta nik diot baietz, hirueledun izanik ere, eta laugarren eta bosgarren bat ikasten ari naizelarik ere, euskaraz sentitzen duelako poetak, gero munduari erakusteko euskaldunaren negarra eta algara. Nik ere ezin ebaki dezaket egoki erre letra, eta ohartarazi dit poetak bere striptease poetikoan orrialde bakoitzean kontuan hartzeko irudikatzen dudana, ez poetak irakatsi nahi izan didana. Ez izateko harria, eta izateko goroldioa aholkatzen dit, eta ohartzeko poesiak ere txantxetan ibiltzen dakiela kaos horretan ordenatzeko saiakeran.

Eta hirugarren esku bat ere behar dut, beharbada, gauzak oraindik zailago egiteko. Zorioneko ni, mundua zabala eta ez hain arrotza delako, jatorritik poetak Babelen dorrearen antzera eraiki dezakeelarik, ala? Azkenean loak hartu nau, esnatuta mundua hain zen neketsua!

Ainara MAIA
E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.
E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.