Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Argiguneak eta itzalguneak

ARGI-ITZALEN NEURRIA Xabier Artola Zubillaga Elkar

li96    

Ipuingilea dugu Xabier Artola (Donostia, Antigua, 1957). Ipuinei die neurria hartuta, edo ipuinek diote neurria hartuta Xabierri. Makina bat lehiaketa irabaziak ditu hain neurriko zaizkion narrazioekin. Ezin zuen bestela izan, eta bere lehenengo liburuan ere ipuinak ekarri dizkigu.

Zazpi narraziok osatzen dute «Argi-itzalen neurria» liburua. Garai ezberdinetan idatzitako ipuinak dira, elkarrekiko independenteak, bakoitzak bere mundutxoa islatzen du. Dena den, ipuin batean baino gehiagotan errepikatzen dira idazleari kezka eragiten dioten gaiak. 36ko gerra eta honen ondorenaren oihartzuna bete-betean sumatuko ditugu liburua zabaltzen duen «Osaba Karlos» narrazioan eta bando ezberdinetan borrokatutako bi anaien ezin ikusizko harremana kontatzen duen «Bipagoeta» istorioan. Liburuan presente dagoen beste tematika migrazioa da: Hor dugu esaterako «Asif», Marokoko urketaria, ur-baldea utzi eta ur handiagoetan murgiltzen dena Europako ametsaren bila. Baina immigrazioa ez ezik, emigrazioa ere agertzen da. «Latitudea» ipuina datorkit burura, non protagonista Guatemalara joaten den maiteminari ihes egiteko asmoz. Idazleak aurkezpenean adierazi zuenez, «Latitudea» narraziotik eratorritakoa da liburuaren izenburua. Latitudea argazkigintzako kontzeptua ei dugu, eta aipatu ipuinean ere argazkigintzan hain funtsezkoa den argi-ilunekin egiten du jolas egileak. «Hortik beraz «Argi-itzalen neurria». Ez naiz harritzen narrazio hori liburuaren azalera eraman nahi izatea. Irakurle honentzat ipuin sortako alerik ederrena da. Narratzailearen ikuspuntua etengabe aldatuz (batzuetan lehenengo pertsonan, besteetan bigarren pertsonan, eta lantzean behin hirugarren pertsonan) eta ikuspegi ezberdinetatik kontatutako zatiak batuz osatzen du puzzlea. Eta narrazioaren azkeneko esaldian, zast! ezustekoa, zorrotz, eraginkor.

Badira aipatzea merezi duten beste ale batzuk ere.«Tximeletaren irria» izeneko ipuinean sotiltasunez egiten dio kritika gizarte sasi-solidarioari, zeinetan maila sozioekonomiko altuko familia batek udako oporretan Bosniako haur bat etxean hartuz asetzen duen munduan gutxien dutenekiko zor sentimendua. Orain arte aipatutako ipuinetatik aski ezberdina izan arren, gustura irakurri dut «Bai, ni nauk» narrazioa ere. 40 urte inguruko gizonezkoz osatutako zikloturista kuadrilla baten gorabeherak kontatzen ditu, ikuspegi parodiagile batetik. Bestalde, ezinbestean ekarri behar dut lerro hauetara liburua ixten duen narrazioa: «Latitudea eta beste zenbait narrazio: makin of-a». Hemen egileak metanarrazioaren gisako zerbait egiten duela esan dezakegu. Narrazioei buruzko narrazioa da. Argitalpen hau prestatu eta ipuinak orrazteko, idazleak Zuberoan egindako egonaldia kontatzen du. Azken honek ematen dio nolabaiteko batasuna ipuin sortari. Nolabaiteko diot, zeren eta irakurle honek hori bota baitu faltan: ipuinak elkarrekin lortzen dituen berezko hari bat; behartu gabeko batasuna.

Izenburuari erreferentzia eginez, argiguneak eta itzalguneak, biak ditu Artolaren opera primak. Zenbait ipuinen bikaintasuna bezainbat, egilearen idazkera joli eta zorrotzak ematen dio argitasuna; aldiz, ipuinen batasun behartuak egiten dio itzala.

Leire ZUBELDIA