Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Poetaren barneko 1001 animalia 

ZAKURRAREN POEMA ETA BESTE HEZURRAK Martin Etxeberria Elkar, 2011

li95    

Eslaviar aurpegia geratu ote zait poema-liburu hau irakurri ondoren? Eslaviar esamolde batek behintzat hala dio: «Zivot je jako vãela, láska je jako kvet... co vic kvetu, to vic lásky».

Eta poetak ere diost bizitzaren gisa berean, poemak bezala, erleak ere eztena sartu ondoren bakarrik itzaltzen direla; baina maitasuna bizirik mantentzen da, baldin eta norberaren barneko bizitzari edo bizitzei, ahotsei eta isiltasunei kasu eginez gero. Ausardia eduki behar da, baina, bizitasunez lore edo maite horri kosk egiteko, eta poema-liburu honetan Martin Etxeberriak bere barneko piztiak eta pizgarriak atera ditu hitz neurtu eta askean.

Penatu zen poeta bere tristuraz, eta eskuak zabaldurik txoriak hegan doazela ihesi ikusirik, neguan ixten da elurraren isiltasunari begira. Eslaviar aurpegia omen dut, bekain serioak ditudalako, eta ilea heriotza bezain beltza. Idazten ari denaren itxura eginez idatzi du poema-liburu hau, eta nik irakurri izanaren itxura egin dut, lotsaz. Euskaraz beste hizkuntza batean ari zela iruditu zait Martin, beharbada norbera mundu bat delako eta mundu bakoitzean animalia eta hizkuntza ezezagun aunitz. Baina egia da ulertzeko gogo handirik gabe irakurri dudala Martinen barneko mila eta bat animalia horien mundu poetikoa. Ez dut ulertzeko gogorik, soilik sentitu, nahiz eta mindu.

Begiekin idazten du poetak haizeak irakurtzen diona, eta niri eslaviar esamolde hura etorri zait euskaraz: bizitza erlea bezalakoa da, maitasuna lorea bezalakoa... zenbat lore, hainbat maitasun. Tristura ari da masturbatzen bere barnean, eta malko lodiak irrist egin dit neguko masail hotz honetan, muxurik gabe, hitzik gabe.

Behin nik ere idatzi nuen galtzeko gutxi izanik, dena dudala irabazteko, baina poetak diost galtzeko hain gutxi izanik ere, ezin duela irabazi. Poetak bezala nik ere, poetisa honek, orain ez daki zer egin ulertzen ez duen mundu ero honetan, nahiz eta ikasi dudan pixka bat, ez dakit zer egin ez dakidan honekin. Euliak irristatzen omen dira neguan, eta nirean zureak diren euliak irristatzen dira, gorputzaren barnean sartzeko gogoz, elurra edo euria kantari ari direnean. Elurretan elurrak egindako zuloa da poetaren lagun onenaren andrea, eta nire bizitza guztia hantxe gelditu zen. Izan zen hura, izan zitekeen hura, poetaren lagun onenaren andrearekin (e)lurperatu zen.

Poetaren barneko errinozeronteak ezin izan du irribarre egin, eta aurrera segitu du, gogoz kontra, eta bihotza jiraka dabilkio poetari udazkeneko txori bat bezala, baina ez dut nahi udaberririk. Niri ere, Martin, jada ez dit ezerk eusten bizitzari, eta nork bere labirintoa etxe egin du bere animaliekin. Ez da erraza horrela elkar ulertzea, ala? baina ulertu behar ote dugu elkar bizi ahal izateko? Esan, Martin, noizbait maite izan al nau benetan eztena bihotzaren sakonean sartu zidan horrek, gero ni bakarrik uzteko? txoriegiak ziren haren muxuak, pinpilinpauxegiak haren laztanak, beharbada, eta geroztik nik ere hitzak zauritu ditut: poema tristeak sortu ditut. Ahazten ikasten ametsetan horretan ari naizela, ahazten poema irakurri dut, eta oroitu, oraindik ez dudala ametsetan jartzen eta zoriontsu egin ninduen haren telefono-zenbakia ahaztu. Ez da erraza, ez, ura ahaztea. ura heriotzaren arima baita, eta hurrengo geltokia pasa da jada.

Oinez joan nintzen zeruan zure begietara, hegan erori nintzen itsasora hitz hauek urtzeko. Marmokaren bihotzean. Besteen begietan eraikitzen dugun eremu horretan bizitzera kondenatzen gara.

Ainara MAIA
E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.
E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.