Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
«Sui generis» 

KONPROMETITU ZAITEZTE!, Stephane eta Gilles Vanderpooten. Itzu. Josu Zabaleta. Erein eta Alberdania saila, 2011

li88      

Stephane Hessel, besteak beste, Nazio Batuen garapenerako programaren administratzaile-kide izan zen eta Frantziako enbaxadore Nazio Batuetan. 1917an jaio zen Berlinen eta Bigarren Mundu Gerra oso gertutik ezagutu zuen, hainbeste ezen bi kontzentrazio-esparrutan izan baitzen, horietatik ihes egitea lortu bazuen ere. Esperientzia gogorrak ikusi eta bizi izan zituen, eta horien ondorioz, erresistentziaren alde azaldu zen bere bizitzan zehar. Dena den jazarri baino nahiago izan zuen, diplomaziaren eta nazioarteko erakundeen bidea hartu. Hala, Nazio Batuen Erakundean Gizarte Gaietako sailaren arduraduna izatera iritsi zen eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean parte hartu zuen. Bere hitzetan, «horixe izango da, beharbada, nire bizitzan asmo handienak izan ditudan aldia, betirako ez baina etorkizunerako lanean ari nintzelako sentipen gatibagarriarekin». Berriki eman den Bakearen Nobel sarirako hautagaia ere izan zen.

Beste aldean, Gilles Vanderpooten paratzen da, edo, aurrez aurre, irakurleak nahi eran. Azken hori idazlea eta aktibista soziala da, gaztea, 1985ean jaioa. Liburuan bertan horrela aurkezten da testua: «Stephane Hessel eta Gilles Vanderpooten arteko etorkizunari buruzko solas hauek». Nik ez nuke esango solas direnik. Elkarrizketa gisa ulertzen dugunarekin lotzen da gehiago. Haatik, elkarrizketa terminoa bera niri desegokia iruditzen zait, ez baitira elkarrekin hizketan, bata hizketan eta bestea galdezka baizik. Horrenbestez galdeketa esan daiteke, edo oratoria nahi bada, Hesselek egindako oratoria, hori bai, zinez interesgarria. Bestalde, etorkizuneko erronkak aipatzen ditu sarrera horretan, baina iraganean izandakoak ere ekartzen ditu gogora, are, zenbaitetan iradokitzen du iraganean abiarazitako borrokak moldatu, hobetu eta ekin behar direla etorkizunean. Gai asko ditu mintzagai, erresistentzia bera, ekologia, ekintza politikoa, krisia, ingurumena edo belaunaldien arteko transmisioa. Gazteak galdera zuzenak, zorrotzak, ausartak esango nuke, egiten dizkio eta zaharrak txanda hartzen duenean, zorroztasun eta ausarkeria horri ez dio muzin egiten, horrenbestez pasarte arras interesgarri eta gogoeta-eragileak lerratzen dira irakurlearen begietan.

Liburua genero baten barnean sailkatzeak lanak ematen ditu, oratoria aipatu dut, baina ez litzateke guztiz zuzena izango, gaztearen parte-hartzea dela medio. Datu historiko asko baitaratzen dituen arren (izan ere, orrialdeetan zehar irakurgaiaren testuingurua hobeto ulertze aldera lagungarri diren azpi-oinak paratzen dira), ezin esan kontakizun historiko bat denik. Narrazio ere aipa daiteke, kontaketa bat barneratzen baita, arestian zerrendatutako alderdiei buruzko kontaketa pertsonala, iritziaren generora ere hurbiltzen gaituena. Ezin aurkeztu dokumentu ofizial gisa, nahiz eta amaieran dokumentu ofizial baliotsuenetako bat atxikitzen den, lehen aipatutako Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, alegia.

Argi dagoena zera da, liburu interesgarria dela, esaldi potoloak, azpimarratzeko modukoak, agertzen dituena, eta gogoeta-eragilea erabat, bakoitzak egin dezakeen erresistentziaren ingurukoa, norberak abiaraz ditzakeen iraultza pribatuen ingurukoa. Konpromiso bat eskatzen zaigu, hori litzateke mezua, eta hori da izenburuak dioena.

Iker Zaldua