Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Nora ez dakizun hori 
JIMENEZ, Irati. Elkarlanean, 2009.
luma54    

Liburu magikoa da Irati Jimenezen azkena. Magia dago ekartzen dizkigun pertsonaietan eta egoeretan: ezinezko maitasuna eta kasualitate gertagaitzak, likantropoak eta banpiroak, arima erosten duten aingeruak, ama hil ostean jaiotako haurrak, magoak, bidaiak eta ipuinak, pasioa eta lilura; izan ere, idazleak berak adierazi duenez, “dena dago jario hordigarri batez idatzita, eta, amodio debekatuek bezala, utzi ezinezko sorginkeriaz lotuko gaitu”.

Magia dago, sorgin-lana esan liteke, Iratik pertsonaien biografian eta geografian barrena proposatzen digun bidaian. Kontakizuna ez da batere ordenatua, puzzle gisa dago antolatuta, eta jauziak daude denboran —bai aurrera bai atzera— eta espazioan. Narratzaileak ere aldatuz joaten dira, pertsonaia desberdinek kontatzen dizkigute eleberrian dauden istorioak, bakoitzak bere ñabardurak gehituz eta guztien artean narrazioa osatuz, baina egitura konplexu hori naturala egiten zaio  irakurleari eta irakurketa jostagarri suertatzen da; izan ere, irakurlea bera joaten baita puzzlea osatuz. Horrela,  eleberrian gertatzen den jauzi bakoitzak orrialde batzuk aurrerago datorren hurrengo jauzia egiteko gogoa sortzen du, eta, molde zatitu hori izanagatik, istorioa zailtasun handirik gabe jarrai daiteke.

Magia dago pertsonaien nortasunean, baita haien bizitzen eta elkarren arteko harremanen ibilbideetan ere. Martin eta Nora bi pertsonaia nagusien istorioak gero eta estuago lotuz joaten dira, istorio desberdinak sortzen dira, bizitzak, beldurrak eta ametsak garatzen dira, eta eleberria haziz doa protagonistak inguratzen dituen edertasunean eta erakargarritasunean, aldi  berean zirrara eta errukia sentiaraziz. Magikoa da Irati Jimenezek liburua idazteko darabilen estilo samurra, ipuinei eta fantasiari omenaldia egiteko erabilitakoa; izan ere, errealitateari eta errealismoari gorazarre egiten zaien garai honetan errealismo magikora eraman baikaitu egileak, errealitatearen eta fantasiaren arteko muga estuan maisutasunez kokatuz.

Liburuaren pasarte ederrenetako batean gizotsoaren deskribapen poetiko eta epikoa egiten digu egileak, zeinek, bere adierazpenen arabera, asko jarri baitu bere baitatik eleberrian. Nor ote zuen buruan, non aurkitu ote du Edorta Jimenezen alabak izaki mitologiko hori hezur-haragizko bihurtzeko beharrezko inspirazioa?

Jose Luis Larrañaga