Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
ERTZEKO ZATIAK 
Ertzeko zatiak Jon Sarasua  Argia 2010
li52  
pdf  
Orain dela urte batzuk bertsotan plazaz plaza aritzeari utzi zionetik, pista galdu xamar nion aretxabaletarrari. Kooperatiben arloan zebilela Arrasateko Unibertsitatearen inguruan bai, baina ez besterik. Halako batean, “Argia”astekariaren “Larrun”agerkarian geroago liburu honen zati izango zirenak irakurri arte. Gozatu nuen orduan kontatutakoekin, baino gozatzeaz harago, munduaren egungo ordenan ertzeko izan daitezkeen herri eta jende horiengandik ikas dezakeguna gelditu zen memorian. Oraingoan biderkatu egin  dira sentipen horiek.
 

Autoreak berak liburuaren sarreran aipatzen duen bezala, kooperatiben barneko zenbait erakunderen (Lanki ikertegia, Mundukide, Garabide) lan ildoen bidez, hego-hemisferioko errealitate desberdinak ezagutzeko aukera izan du azken urteotan. Ondorioz, hainbat bidaia egin ditu Brasil, Bolivia edota Ekuador bezalako herrialdeetara. Berauetan, tartetxo libreak aprobetxatuz hartutako  apunteekin, izandako gogoetekin, ezagututako pertsonekin, eta abar luze batekin osatutako nahasketa da gugana iritsi dena. Argitaratzeko asmorik gabe  hasitako lana, baina zorionez argitaratzea erabaki duena.

Liburuaren zati handi batean Brasilen, Lurrik Gabekoen Mugimendua ezagutzen emandako denboran bizitakoak kontatzen  ditu. Hilabete batzuk eman baitzituen milioi bat pertsona mugitzen omen duen mugimendua barrutik behatzen, beraiekin bizitzen, aurrera begira elkarlanean aritzeko balizko aukerak aztertzen. Antolaketaren berri ematen du, gazteek duten ardura eta kontzientziazio maila nabarmenduz. Egunerokoa zein modutan bizi duten  kontatzen du, nola hasten diren mistika  izena ematen dioten “jarrera”eder batekin, erlijioa nola bizi duten, musikak duen  uneoroko presentzia... Jarioa etengabea da.  Egoera latz asko agertzen dira, baina edertasuna, goxotasuna da gailentzen dena.

Beste zati batean Ekuadorren, eta batez  ere Bolivian indigenekin izandako hartu-emana da kontakizuna harilkatzen duena.  Pusketa hauek dira aurrez ere argitaratutakoak eta etsigarriak dira hizkuntzen bizirauteari buruz dagokienean. Beraien  hizkuntzak bizirik iraun dezaten eman  beharreko prozesua hastapenetan ere ez  omen dago. Dena den, hemen ere jendearen, pertsonen izaera da barruraino ailegatzen dena, begiradak, umiltasuna, sustraiekiko begirunea.

Bukaera aldera, kontzeptu teorikoagoei heltzen die. Aurrez ere azaltzen dira pintzeladaka, baina hemen, muinera joangabe, ezkerraren arazoez, sindikatuen paperaz, esparru publikoaren etorkizunaz eta halakoez mintzo da. Eztena sartzen du Mendebaldeko eta ondorioz euskal progreei buruz ere ari zaigunean, baita bidaiatzearen modernitateaz edota argazki kamerarekin momentuak harrapatu nahi eta momentuak galtzeaz dabilenean ere.

Laburbilduz, liburu zoragarria iruditu zait, berak esanda legez «aurretik biltzea pentsatu gabeko puskaz osatutako bilduma hau». Onartu behar dut, hala ere, puska bakan batzuk ulertu gabe gelditu naizela, ez dakit testuinguruak baldintzatuta ala erabilitako hizkera poetikoarengatik. Hitza maite duela sumatzen baita. Hitza jolas moduan eta hitza komunikazio nahiz elkar ezagutzeko tresna moduan. Eta noski, hitza gauzak azaltzeko bide gisa, garapenaren edo garapen iraunkorraren ordez, bizitza ona bezalako eleak mamituz. Niri ere sortu dit azkura.

Iban Balerdi