Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Zoriontsu gara? 

FAHRENHEIT 451 Ray Bradbury | Itzulpena: Nagore Tolosa Txalaparta, 2010

li41    
pdf    

Ray Bradburyk esana da liburu hau zientzia fikzioaren apalategian kokatu behar dela; neurri batean, ez du arrazoirik falta, izan  ere, soilik esparru horretan uler daitezkeen elementu eta izakiak agertzen dira orririk orri, esaterako, ehiza-zakur mekanikoa.

Dena den, gaia bera guztiz errealista iruditzen zait. “Fahrenheit 451”Guy Montang pertsonaiaren ahotik egungo mendebaldeko gizarteari zaplazteko aparta emateko idatzi zuela esango nuke. Gizartearen axolagabekeria gaitzesten du, ez pentsatzeko antolatuta dagoen gizarte-egitura errefusatu, irrinĖƒo faltsuaren erreinua kritikatu, zoriontasunez jantzitako gizarte goibela azalarazi.

Montang liburuak erretzeaz arduratzen den suhiltzailea da, izan ere, idazle estatu-batuarrak sortutako mundu horretan hori da suhiltzaileen lana, sua hiltzea baino sua piztea, alegia, pentsamendurako beta, parada eman dezakeen oro sutan urtzea. Erretako liburua gogoetaren metafora da, pentsamenduarena, zalantza egiteko eskubidearena eta goibeltasuna ezkutatzen duen balizko zoriontasunaren aurkako mehatxua.

Bradburyk eleberri hau abiatu eta berehala luzatzen du zenbaitetan iritzi-artikulu itxura duen liburu honetako titulua, «Zoriontsua zara?». Clarisse sortzen du horretarako, familia antisistema bateko kidea. Erantzunak baino karga gehiago du galderak berak, izan ere, zer da zoriontsu izatea? Hedabideek behin eta berriz hala dela azpimarratzen duten hori? Biderketa taulako zenbakien arteko eragiketa perfektu hori? Agian, zoriontasuna ez da eragiketa matematiko baten emaitza, baliteke hori baino korapilatsuagoa izatea edo hori baino anitz sinpleagoa.

Hori da eleberri bete honetan aurkituko dugun oihana; eta bidea egiteko literaturako baliabideak bikain erabiltzen ditu Bradburyk, zenbaitetan egoera jakin batez trufaka aritzeko, beste zenbaitetan irakurleak ertzean xehetasunik ahaztu ez dezan eta, behar denean, astuntasuna saihestu eta erritmoa bizkortzeko, komeni zaione-anmantso eta egoki ikusten duenean bizi. Bere eskutik eramango gaitu, gizarte zoriontsu horretako jende zoriontsua aurkeztuko digu eta harekin bat egiten ez dutenak nola kerosenora kondenatuak diren azalduko digu. Horrela, Beatty ezagutuko dugu, su-piztaile burua; beste aldean, berriz, Faber ezagutuko dugu, zirku handi horren aurka borroka egiteko kemenik ez duen agure jakintsu bezain bakartia.

Topo egingo dugu arestian aipatutako ehiza-zakurrarekin, topo egingo dugu pentsamendua ekiditeko etxe barruan, hormetan irudikatuta, hitz eta pitz aritzen diren senitartekoekin; ikusiko dugu fikzioa eleberriaren dekorazio modura, baina, egiaz, galdera handiari entzungor egiten dion bizimodua dugu ikusgai, errealitate gordina, alegia, gurea behinik behin.

Beraz, har genezake Txalapartak argitaratutako liburu hau eta koka dezakegu fikzioaren apalategian. Hori, ordea, nire ustez, hormetako familia garrasika ipintzearen parekoa litzateke, entzungor egiten jarraitzea litzateke. Horrenbestez, literatura errealista pegatinaz apaindutako apalean ere koka dezakegu. Baina orduan, orain arte eraiki dugun puzzle guztia guk nahi dugun piezekin osaturik dagoen pentsatu beharko dugu. Pospolo bat ere pitz dezakegu eta gar txikiak 451 graduko tenperatura hartzen duenean, liburuan barna barreiatu... ez, horretarako beranduegi da.

Iker Zaldua