Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Hustu betetzeko
ANPHORA BAITA  Pello Otxoteko  Alberdania, 2010
 
li40    
pdf    
Definizioz definizio esaten dit zer den anfora poetak. Eta neure izaera mutura hurbildu naiz.

Hautsi da anfora, eta mila zatitan egin zait barneko kontzientzia. Nahasturik nago olerki sorta hau irakurri ondoren, kaosean murgildurik nabil. Ilargi betearen argitan lainoturik nago, eta goibel zeru udazkendua bezalaxe. Kanpoan kosmosa ikusten dut, eta barnean kaosa, sentimendu nahasiak borborka, poetak bere anfora hautsi horren pareta porotsutik hitz kaotikoak eskaini baitizkit.

Kosmosaren bitasun kaotiko horretan tiraka ibili zait etengabe poeta, eta azkenean ez dakit zer utzi didan sakonean eta zer azalean. Nire isiltasunean irakurri ditut poetaren baitako kosmosa, eta jendearen zarata bilatzen dut orain bakardadean... zoratzen hasi ote naiz?

Nik bederen ez dut neure baitako ahotsa aurkitu, eta ez dakit iritsi zaidan poetaren esentzia. Munduaren pareta bat erakutsi dit poetak, eta neure paretarekin topo egin dut: maitasunez zipriztindutako bizitzaren miraria. Ulises bere Itakara bidean bezala, bidaiaren amaieran edo Anphoraren hondo-hondoan ohartuko naiz nire bizitzaren esentziaz, denok bezala, ala? Bitartean, bizi.

Beti geratzen da sekula eraberritu ezin daitekeen zerbait, eta horiek izaten omen dira anforaren hondoan gelditzen direnak, eta bizitzaren bidaiaren amaieran gure esentziaz ohartaraziko digutenak. Bitartean, bizi. Eta esperantza guztiak bizitzan jartzen ditu poetak, Anforaren barnean sartzen ditu, kaosetik kosmosera.

Anfora denboraren postontzia omen da poetaren hitzetan, eta Pellori kasu egingo diot: zuzen nabigatzeko izar batean finkatu ditut begiak gau ilun honetan. Ahoa ireki gabe oihu ozen bota nahiko nuke, ohartu bainaiz arimaren zauriak nekez senda daitezkeela, denborak ere ezin senda, eta norberaren zauri horiek norberaren izatea etengabe husten duten zulo beltzak direla. Zulo beltzak kosmosean, unibertsoan, eta askotan geure bizitza zapuzten omen dugu, behin eta berriz atzera eginez bizitza bera gainbegiratzeko.

Eta orduan ez gara bizi. Ez gara bukaerara iristen, eta anfora hausten da. Uneak doaz denboran, eternitate osoan, oinazearen itsasoa amaiezina da, baina ohartzen gara beti dagoela hondartzaren urbazterra bestealdean. Horregatik, izan garenera etengabe begiratzen baldin badugu, ezingo gara inoiz iritsi izan gaitezkeenera.

Enamoratua anfora bihurtzen da, bat-batean hustua maiteaz erabat betetzeko, eta zenbat eta hustuago, orduan eta sakontasunez beteago, zenbat eta maiteago, orduan eta betetasunez sakonago. Hori esan didanean poetak, ni ere aspaldian maitemindurik nagoela oroitarazi dit, eta asko eman eta maite izan dudala, eta neure buruari esan diot nik ere badudala garaia maitatua izateko, betetasunez sakontzeko.

Zerutik zintzilik nagoen izakia naizen aldetik, oraina gauzatuko dut eta ihintz-tantetan busti oinutsik. Amets traketsak egiten saiatuko naiz, errealitatea politagoa izan dadin, eta ispilu berria sortuko al dut poetak bere anforaren baitatik igorritako begirada hautsian!

Denboraren iheskortasunaren iheslariaren gisa, ezagutza edonon topatuko dut, eta txorien hegaldiek uneoro zerua zaurituko didate; ezerezaren fruitu gara, baina fruituaren muinean hazia dugu: jaiotza eta heriotza artean norberaren bide bakarra, zenbait ergelkeria ederrez josia. Edan deuseza, irakurle, ezerezaz asetzeko. Horixe poetaren gomendioa. Hustu betetzeko.

Ainara Maia