Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Berdea da udaberria

HUNTZA HEZUR BERRITAN. Juan Ramón Makuso, Erein 2009

li25    
pdf    

Huntza gris argitzen da eta poetak ere goizero irekitzen du leihoa ikusteko ikusezina: zu. Eta puntu. Puntua eta jarrai, puntua segida baita.

Makuso pentsalari poeta dela erraten dit Felipe Juaristik hitzaurrean, poesiari buruzko etengabeko gogoeta egiten duen filosofoa dela. Eta Makusok begirada batez ireki dizkit begiak. Bizitzeak hil egiten duela adierazi zidan 2004an, baina oraingoan sinbolistagoa da erromantizismoa ahantzirik, poema-liburu hau argitasun bila ilunagoa baita.

Oraingoan heriotzaren irria ere erakutsi dit, eta ura bizitzaren jarioa dela ere bai. Erromantizismoaren sarean harrapaturiko olerkariak huntzaren erreinuan sortu nahi du sinfonia, tantaz tanta. Erromantikoon ezin esanak ahaztu, eta gauzak zuzenean argi eta garbi erraten ditu liburuan poetak.

Poetak ez du orainean bizi nahi, eta horma berdea gelditu nahi du denboraren joanean. Huntza gelditu da zintzilik egunerokoaz mintzatzean, eta maitasunak agur esan dit neuri ere. Huntza ibilbidean gora doa, eta poeta agortzen ari da hil-bidean. Orainaren infinituan bihotza busti nahi dut nik ere maitasunaren lehortean, huntzak estaltzen baitu arimaren biluztasuna.

Berdea da udaberria, huntza gris argitzean. Goizean irekitzen du leihoa poetak ikusteko ikusezina: zu. Eta ni bakarrik nago jendez inguraturik.

Muxuak zuri bada, ene maitea. Gauero lokartzerakoan bakardadeak agurtzen nau. Huntzaren bidaiaren ibilbidean ez dago amaierarik, eta poema-liburua irakurri ahala, zintzilikatu dut ene bizitza paretan. Huntza paretan leiho bila dabil, eta nire arimaren zuloa ez da estaltzen. Maitasunak ez baitio itxaron emakume honi tren geltokian.

Unea ez da iristen infinituari begira. Isiltasunak pareta ferekatzen du, eta kaxa huts bat eraiki du poetak ederraren baitan.

Bakardadean ni zaitut. Gau-mahaian maitasunak hats hartu du, poetaren hitzak irakurtzean, eta hezurrak kolorez busti dira. Eta zain nauzu, baina itxarotea zaila da.

Poeta honi hainbat keinu egiten dio Makusok, eta kolorez hornituko du poetak denborarik gabeko espazioa. Ni ere hor naukazu, atzera begira aurrean ez dudalako ikusten. Zutaz oroitu naiz. Zuk jaso duzu mezua. Begiratzen didazu, baina ezin dizut erran. Zaila zait betetzea hutsunea, eta kaxa beteta dago espazio hutsean.

Ni bakarrik nago, baina ez bakardadean. Berriro ez da hasiko bukatu ez dena, eta bizi nahi dut eguneroko amaigabean, baina niri ere SMS batek gainditu zidan bizitza, eta ia bost urteko irail hartako Hendaiako lurmuturrean ito ziren hitz haiek. Hala ere, orri zuriak zikintzen segitu dut, eta poesia irakurtzen ere bai, batez ere poeta ezagunen poesia, paretan gora hezur berritu nadin. Teklatutik pantailaren poemak ferekatzen ditut, eta ia lehertu da pantaila. Poema hautsi da eskuartean, zu zipriztin zaitezen: ez da egia zure gezurra!

Badakit bihar huntzak beste horma bat aurkituko duela, nire gorputza utzirik. Ene burua ezagutzen segitu nahi dut, eta kanpora atera naiz. Bakarrik gelditu naiz ene sentimenduen zurrunbiloan berriro ere. Poema-liburuaren bukaerako puntuak jarraipena baitu ene bizitzako liburuan.

Ainara Maia