Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Istorio bikoitza

ASPALDIKO MAIGRET  Georges Simenon. Itz. Eusebio Erkiaga  Bilboko Udala /Labayru Ikastegia, 2010

li23    
pdf    

Bilboko Udaleko Euskara Sailak eta Labayru Ikastegiak argitaratutako liburu honen atzean bi istorio gordetzen dira, bata benetan gertatua bestea fikzioa. Izenburuari lotzen zaion istorioan fikziozko pertsonaia baten gorabeherak aipatzen dira. Hemen idazkari baino ez da Maigret, komisaria batean lan egiten duena, baina gero helduko diot horri.

Izan ere, aipatu bezala, liburuak badu beste istorio bat, benetan gertatua eta gurean gertatua, hitzaurrean islatzen da hori eta haatik hitzaurrea luze samar geratzen da.

1954. urtean gaude, Bilbon, Eusebio Erkiagak Euskaltzaindiak antolatutako polizia-nobela lehiaketa batean aurkeztu zen Georges Simenon idazlearen lan baten itzulpena besapean gordeta. Lehiaketan Erkiagak hirugarren saria jaso zuen baina eskuizkribua Euskaltzaindiaren artxiboan geratu zen argitaratzeke.

Erkiaga hil eta Andres Urrutiak hura berreskuratzeko erabakia hartu zuen, baina Euskaltzaindiaren liburutegian itzulpena topatu arren, Urruzolaren sinadurapean ageri zen; Erkiagaren lanaren arrastorik ez, beraz. 2007an, ordea, ohartu zen izenpe hura akatsa zela eta esku artean paratu zuena 50 urte lehenago Erkiagak egindako itzulpena zela, bada, moldatu eta gureganatu egin zuen, “Aspaldiko Maigret” izenburupean.

Hemen abiatzen da bigarren istorioa, fikzioa, polizia-nobela edo eleberri beltza eta genero horretan Europan aski ezaguna den pertsonaia euskaraz mintzo da, Maigret hain zuzen.

Pertsonaia Georges Simenon idazle belgikarrak sortu zuen eta bete-betean asmatu zuela esan daiteke, komisarioak mesedea itzuli eta idazlea famatu baitzuen, haren aitzakian edo haren haizera liburusorta polita osatu baitu belgikarrak eta Maigreten nondik norakoak hainbat irakurleren begietara iritsi dira. Liburu honetan idazkari zenekoa kontatzen digu Simenonek, orduan, halabeharrez bere lehen kasua aztertzea egokitu zitzaion eta orri hauek istorio horren lekuko dira.

Edizio honetako azalean agertzen zaizkigu kasu horretako elementu nagusiak, emakume bat leiho batean oihu egiten, Dion-Bouton auto dotorea etxeko atarian, gauaren iluntasuna eta eszena nahaspilatsu horren lekukoa, Justin Minard musikaria. Elementu horiek lotzea Maigreti egokitu zaizkio ausaz eta erronkari eustea erabakitzen du ausart.

Abian da eleberri beltza, abian da Maigreten izaera berezia osatuko duten gertaeren nahaspila, izan ere, egonarri handiko polizia da, kasua bera ondorio gisa hartu eta ikerketa sakonean murgiltzen dena, bere kabuz, bere fedearekin ziur, zailtasunak zailtasun eta egiaren bila, gezurraren atzean gorde nahi duen gizarteari uko eginez, nahiz eta komisariako bulego handienetan ere halaxe uzteko eskatu. Aitzitik, iruzur horrek bultzatzen du gezurrari katamaloa kentzeko grina askatzera.

XX. mendeko lehen laurdenean gaude, Parisen gaude, eta lerro hauetan bertako kaleetan zehar ibiliko gara, hango garagardotegi eta kafetegietan barrena, gu ere, hara joango gara, teknologiak orduan eskaintzen zituen baliabideak hartuta egiaren bila, idazkari eta lekuko triste bat baino ez ditugula bidelagun.

Egiak gezurra amilduko duen edo gezurra dotore eta apain ibiliko den, ez dut nik argituko, irakurri eta gozatu eta ziur Maigreten arrastoari jarraitzeko irrika ere ernatuko zaizuela.

Iker Zaldua