Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Pozetik tristurara irrist eginez

GULLIVERREN LOKARRIAK  Xabi Borda Elkar, 2009

li16    
pdf    

Higitu ezinik irakurri diat poema-liburua. Ez zakiat ulertu dudan ala ez, baina ezin erran gustuko izan dudanik. Zur eta lur gelditu, hori bai! Etxea bizimodu oker batentzat hezurdura garestia ote? Arrazoia duk, bai, eta etxe zuzen horiek hutsik zeudek, ezen eta ba al zagok bizimodu zuzenik? Noka esaten dizkidak egiak, eta nik toka kontra egiten diat atzo bertan negarrez esnatu nintzelako, ez baita erraza eta gogorra baita akordatziaz ahaztea. Zer den eguna bustirik esnatzea! Baina zer nahi duk ba, jadanik jaio aurretik ere gaizki esnatzen banintzen...

Eta hire olerkiak leituz, nire arbasoez oroitu. Tantak lodi biltzen zirenean hire amonaren sabaian, nire amatxiren sukaldeak ez zian kobazulo itxura hartzen; baina jaio aurreko nire urrats horiek gordetzen zituen etxea ekarri didak gogora.

Higitu ezinik nagok, Gulliverren antzera, Lilliputeko biztanle nanoen orratzez josirik zegoen haren gisa berean, bihotzeko egiarekin txikiak handia garaitzen duela sinetsirik nagok, ederra baita amets egitea! Horregatik, amesten ditiat nik ere sator-zuloak lurpetik burua ateratzeko behingoz, Gulliverren lokarriak askatzen ditugun bitartean. Ametsen engranajea martxan jarri nahi, baina poesiaren makineria ezin itzali. Nik ere poesiaren seigarren senaz irakurri diat, eta ahaztura ariketa matematiko bihurtu dela esan didak; baina ni beti izan naiz txarra matematiketan. Horrela, bizkarra okerturik banoa, poeta honi ispiluak gezurra esango dion argira. Argi urdin batean hik uraz eta nik ardoaz lokarriak askatuta, esan gabekoak non ote dauden galdetuko diogu batak besteari. Eta hor zagok gakoa kaotikoki ordenatutako eta lotutako olerki hauetan. Esan gabekoan, irakurleak ulertu edo sentitu duen horretan.

Bizi pozoiz, bizi minez, bizitzeko gogoz, emakume urdinak onkologikoan, kirofanoan, ospitalean irudikatu ditut. Oroimenean irri beltzak, zuri-beltzezko argazkietan patuaren hortz zuriak erakusten zaizkigu, eta forentseak urrutian keinu egin dit ipar haize emea zu gabeko zu zatozelako nigana.

Ilunetik ihesi, ilargi hautsiaren gainetik errailik gabeko burdinbidean etenik gabe, eta matematikak erakutsi dizkit berriro poetak; paperera jausitako bolalumari ihes egindako tanta naizela, udazkenaren kalkulua egin dit poetak klarion beltzez, eta nik zuriz irudikatu dut negua. Negu luze eta zuri honetan zu ere, irakurle, Lilliputeko nano bat sentitzen al zara Gulliver erraldoia askatzearen beldur, ametsa egia bilakatzearen beldur, bizitza aldamenetik pasatzen zaizula, esan gabeko hitzak ulertu gabe?

Etxe grisetan eroso gauaren beltzean lo hartzen dugun bezala, oroitu naiz ni ere gehien maite dudan hura eta ni ezin ginela batera bizi. Izaren artean mugituz hezurrak ongi nahasi genituen behin, eta uda izoztuetan asmatu dugu iragana ahazten ia; azala bero, burua ero, eta zona gorri izendatu dute euskal larre zabaletako bikotearen sabaiko logela hura. Mila milioi urte beharko dira lehenera itzultzeko, iragana ezin baitu poetak gibelean utzi, ala?

Uraniozko bihotza du izarak astindurik joan zaidan hark ere, hemen izan gabe hemen erretzen nauena. Nik amore eman behar izan dut poema-liburuaren bukaeran; hitzak bukatu dira, baina borrokan segituko diat mutu, eta amesten segi dezadan lokarriak ebakitzeko aiztoak edo gezurrak asmatzen. Hurrengo poema-liburua idazteko prest.

Anaira Maia