Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Maitasunaren sarea

ON CASMURRO Machado de Assis. Itz: Josu Zabaleta Alberdania-Elkar, 2009

li2  

Machado De Assis idazle brasildarrak sortutako pertsonaia da On Casmurro. Brasilen eta planetako bazter guztietan errepikatzen den pertsonaia, ereindako fruituaren uzta, azken batean.

Badirudi, On Casmurro argazki-album baten aurrean jarri dela, behinolako oroitzapenak gogora ekartzeko, oroitzapenen harira eta orrialdez orri, albumak bizitza du erakusgai eta gure protagonista hura ebaluatzen ari da.

Kontakizunean interpretaziorako zirkinik ere ez du uzten, gertaeren nolakotasuna kolokan jartzeko desorekarik ez. Irakurleari ari zaio On Casmurro, berez, irudi luke irakurlea alboan duela albumeko orrialdeak behatz artetik irristatzen dituelarik, irakurlearekin solasean, hura limurtzen, konbentzitzeko asmo agerikoz.

Narrazio hori atalka egituratzen du, Bentinho gaztea zenetik On Casmurro izatera arte igarotzen den tartea ezkutatzen da 148 ataletan, eta horietako batzuk gainera irakurleari idatzitakoak dira, gogoeta eginaraztekoak edo finean, baitaratzeko xedez idatziak.

Argazkietan ikusten dena maitasun istorio bat da, maitasunaren sareko korapilotan harrapatutako pertsonaien bizipenak, halakoetan agertu ohi diren osagaiez horniturik, hots, erakarpena, limurketa, musuak (sexu argazki gutxi egiaz, erlijioaren maindireak estaltzen baitu hura), grina, desioa, eta desleialtasuna.

Kontalaria Bentinho zen garaian iristen dira lehen gonbidatuak arestian aipatutako sarera, bere amaren promesa batek apaiz izatera kondenatzen duenean. Bere bizilagun eta jostetako lagun Capitu agertzen da orduan, amaren promesa pikutara bidaltzen duen emakumea izango dena, artean neskatxa dela.

Apaiz izateko jaiotako haurra, beraz, seminarioa ere ezagutu zuena, baina paradoxikoki, hango bidaia apaiz ez ordenatzeko bidaia izan zen berez. Amaren promesak han jasoko ditu lehen urratuak eta Bentinho bereak egiten hasiko da orduan, gehienak betetzeke uzten dituenak, promesak pilatzen, zorrak pilatzen hortaz.

Bentinho Casmurro bihurtzen hasten denean, sotana erabat apurtzen da, amaren promesa hil egiten da eta sarean pertsonaia gehiago korapilatzen dira, gerora, sare handi hori, maitasuna bera, erditik hautsiko dutenak.

Albumaren azken orrialdeetan, istorioa argitzen den heinean istorioa ilun bilakatzen da eta ereindakoa jasotzen du kontalari tristeak. Zorrak kitatzeko garaia iritsi da orduan, bete gabeko promesen zakua gainezka egonik, haiek ordaintzeko abagunegabe egonik, kobratzailea dator, bere lagun mina eta bere bizitzako maitasuna elkarlotzearen ondorioaren aurrean agertzen da kafe kikara bati bueltak ematen, mendekua bilatzen duten hautsez bustita.

XIX. mendean idatzia eta garai horretan girotua, argazkien hondoan erreparatuz gero, orduko Brasilgo gizartea ikus daiteke distiraka, orduko fedea, orduko ohiturak, ametsak eta errealitatea.

Duela bi mende idatzia orain iritsi da euskaraz. Gure literatura orduan Lore Jokoetan zebilen, ordutik hona, haren bultzada lagun, gure literaturak bidea egin du eta gaur, euskaraz literatura sortzeaz gain, beste hizkuntzatan sortutako literatura irakur dezakegu euskaraz. Hona hemen, beste froga bat, Alberdania eta Elkarren eskutik; hona beste froga bat Josu Zabaletaren itzulpenari esker bi mende barru ere, gaur bezala, hor izango dena, nahi duenarentzat.

Iker Zaldua