Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
iraitz legarra2
 
Iraitz Legarra Basterretxeak irabazi du XI. KARMELE IGARTUA SORKUNTZA LEHIAKETA
 
Metrailadoreen bolada,
hegazkinen ufada,
bonben sastada.
Gerra da.
Soldadu bi hauts birrinean barrena,
lubakiaren aterpetik aiena.

Udaberriko Azoka egunekoa? Kontatuko diat, motel, nola ez! Zigarrotxo baten truke, hori bai... hemen badakik, ezer ez duk debalde. Hara! Bisonteak! Nondik atera dituk hauek? Hi haiz hi alproja, Idiakez! Egiteko zigarro merkeekin ibiltzen nauk ni eta begira hi. Honen keak berak ere beste kategoria bat zeukak, demonio! Ez pentsa iraganeko mamuak harrotzea gogoko dudanik, baina, agian, aukera bakarra duk ahazten hasteko. Erasoaren kontua... esango nikek pare bat aste aurretik atera ginela honantz. Eguzkia irten orduko, noski, tontorreko pdf2patari horiek ez ohartzeko eran. Ilunpean ekin genioan mezari Astortzako ermitaren ondoan. Itzalpetik zetozean Don Julianen hitzak, eta aparteko indarra ematen ziean horrek. Gerlarien ausardiaz aritu zuan, gerraren doilorkeriaz eta injustiziaz. Erromantikoa duk gerra, izan ere, borrokara ez doanarentzat. Agurtu aurretik, gurutze bana bekokian marraztuz bedeinkatu gintian abadeak. Isil-isilik zutik jarri, fusila lepoan hartu eta poliki-poliki ekin genioan ermita hegaleko zidorrean gora. Zurrumurru leunak eta haizearekin nahasten zen txistu alairen bat. Azkenetakoa ninduan eta gogoan diat sekulako harrotasuna sentitzen nuela, ikara zantzurik ez, balentria handiak egiteko hautatuak izan bagina bezala. Gazte inozoaren kontuak, badakik. Pentsatze hutsarekin... Don Julianek erne jarraitu zian gure prozesioa. Bere ondotik igarotzean begira-begira geratu zitzaidaan eta ahapean entzun nioan. “Sasoi beteko mutikoak urkamendira bidean”. Ileak laztu zizkidaan, benetan. Ze desberdinak meza garaiko espresio puztua eta errealitate gordinaren aurrean bistaratzen zitzaioan hura. Xenda hartan gora ez zihoaan heroirik, ez horixe, izenik gabeko itzal aldra baino. Aitaren egiten ikusi nian jarraian.

Gogoan dut dena hasi zen unea. Aurpegia aldatu zitzaizun. Betirako, agian. Aparece una mancha en la radiografía. Segunduak berun. Le pediré cita para una biopsia. Harrigarria da tonu neutro batek zein muturreko emozioak piz ditzakeen. Azken boladako hari-mutur nahasi guztiak mataza ankerrean bistaratu ziren. Zure gauetako ezinegonak, gerriko minak, desagertzen ez zen nekea. Ez zenuen hitzik egin etxera bidean, eta nik ez nituen aurkitu –ezta adorerik ere–. Nahiak eta hirurok afaldu genuen gau hartan. Jatordu arrunta, alabarentzat beste edozein egunen modukoa izango zen. Hizketaldi hutsalekin mozorrotu genuen gure ardura, baina mozorroak mozorro. Egun hartantxe egin zenion lehen aldiz muzin nire laztanari ohean.

Izpi goiztiarren epela igartzen genian azalean tontorrera bidean. Sentsazio ederra, ez al duk uste? Bizi-bizi gindoazaan bidexkan gora, uniformeen tonu berde eta marroiak zuhaitzen artean ezin hobeto disimulatuz. Gogoratzen dizkiat ahuntzak guri begira pasaeran, euren behako arduragabearekin. Animaliek ez zekitek gerraz, eta bakea beste duk hori! Gu, ostera, haragi berria gintuan egunez egun hobietan maskaldutakoaren suspergarri, eta ederto genekian. Hire moduan, Idiakez! Bat joan, beste bat etorri; guduaren legea. Eta beti horrelaxe, zirkulu makiabelikoa, bakea iritsi bitartean. Egidak kasu! Zenbat eta arinago ikasi, hobeto! Laster izan genian lubakien lerroa ikusgai Pagolanda ondoan, tontorraren magalean. Hiru aste aurretik utzitako toki berean jarraitzen zian, ez atzera ez aurrera. Fronte alu honen gisan, kieto demonio, mendiaren beraren zati balitz bezala. Posizioak hartu genitian ezarian-ezarian. Segituan ezagutu nian Badiolaren profila, zerraldo botata zuloan, gu gauden postu honetatik ez oso urrun. Jauzi batez ondoan paratu, bere ile-motots beltzaranari eutsi eta burukada sutsua eman nioan. Behakune xaxatia piztu zitzaioan. “Alferrontziak! Hori duk gibela, hori! Ia mendean dauzkagula azaldu”, bota zidaan. A ze barrabilak! Lur jota egonda ere zast, mozolo halakoak! Hi, beste zigarrorik ba al duk? Goxoak bai, baina ziztuan ahitzen dituk hauek! Hau duk hau plazerra, Idiakez, marrubi zaporea hartzen zioat; edota gereziena ote? Ze axola ote ziok... zapore guztiak berdinak dituk honezkero niretzat. Non utzi diagu? A bai! Badiola anaia bezala duk niretzat. Ostartea ekaitzean, irribarrea ahoan itsatsita beti. Ez nian iristean, lokatz ahoan, aurpegi alai hura topatu. Unadura hauteman nioan, gosea eta lorik eza agerian. Nire aurpegi abaildua ere antzera izango duk honezkero. Lapurra duk gerra, adiskide, eta nekez zekik eramandakoa itzultzen. Zakutoen gainetik behakoa tentuz eman eta han ikusi nitian erreketeak tontorrean, oraintxe bezala, zakur zelatari. Guda- lerroan egotearen kontzientzia hartzen hasi ninduan, iritsierako emozioa itzaltzen zihoan neurri berean.

Es maligno. Bi hitz, soil-soilak. Eta urteetan sortutako gure mundu txikiak mila puskatan eztanda. Krak! Txapurrak batuta ere, kristala ez da sekula lehenera itzultzen. Eskua eskaini nizun kontsultan, eta gogor eutsi zenion. Betilun atera ginen biok, bakoitza bere lubakian gotortuta. Zeruak ere aurpegi makurra zuen. Ostarte xume batzuk jaiotzen ziren, aitzitik, hegoaldeko haizeak hodei beltzak uxatzen zituen heinean. Bat-bateko bulkada izan nuen. Aurrera irtengo gara, Jon, zaude ziur. Elkarrekin. Irribarrea oparitu zenidan. Zinezkoa. Sinestu nuen dena posible zela une hartan; gure nahia, geldi ezin zitekeen naturaren indarra. Kotxera bidean, haizearen ufada epela gure bisaian labaintzen zela, bat ginen; gure eskuak, burni gorrizko katebegi bi. Udaberria zen, eta lilien lurrun goxoa iruditu zitzaidan airean.

Udaberriko Azoka eguna. Jaiotzen ari duk eguna, goizaldeko ihintza arintzen. Antosin hutsaren sakonean arakatzen gabiltzak, zoparen azken arrastoen bila. Zigarroen mutur gorriak bistan dituk zangetan, izarrak zeruan nola; oilasko-hankaren faltan kea jangai. Ez duk ordutik kontua asko aldatu, ezta Idiakez? Horniketa falta diagu, falangistek astebete aurretik janariarekin betetako kamioi bat atzeman ostean. “Bazetorrek! Handia zetorrek!”, egiten dik oihu Agusek. Kasu gehiago egin izan bagenio, demontre! Artegatasuna nabarmena duk gizonen artean, dastatzeko adinakoa arriskuaren usna. Lur lohiaren sunda, izerdi eta giza-beharren hatsa, etengabeko tentsioak lizundutako airea; gerraren kirats nahastezina, kamarada. Agusen oihuak eten ditik marmarrak. Hortxe aurreraxeago zagok, tontorrekoen zelatan. “Mugitzen ari dituk”. Fusila besarkatu eta gure posizioetara itzuli gaituk. Isiltasun astuna. Ez zagok isiltasuna baino gauza beldurgarriagorik gerran. Ikusten duana horixe duk, mugatua, kitto; ikusten ez duana berriz... soinu mekanikoa aditu diat urrunean. Fina, lehenbizi; motor-hots zakarra laster, goitik, zerutik. “Bi hegazkin! Sartu zuloetan!”. Egunsenti gorriaren baitan, eguzki zurbilaren ondotik burdinazko zapelatzak. Erretenean uzkurtu nauk, lur harrotuaren babesera. Badiolaren arnasa azkartzen sumatu diat alboan. Tiro-hotsak Arnegarai tontorretik; hauts birrina erortzen duk noizbehinka, balen inpaktuak hurbil; motor-zarata hur-hurrean. Herio ikustea iruditu zaidak hauts artean, bere sega zorrotza sorbaldan hartuta.

Baziren txantxak hasieran, bazen irri konplizerik; umorea aienatzaile ona da. Urek beren bidea jarraitu zuten nolabait. Mamua present zegoen, baina ez zuen hozkarik egiten. Nahiari kontatzea erabaki genuen. Gaztea zen oraindik, eta ez zion ardurarik eman. Gripearen trazako zerbait zela pentsatuko zuen agian. Gutxira erne ziren galderak bere burutxo nerabean. Wikipedian honakoa irakurri dut; Aneren amak bularrekoa izan zuen iaz. Zuk patxadaz erantzuten zenion, orratzak azala baino zauritzen ez zuenean. Anttonen aita... ziztada sakona zenean, berriz, behakoa lurrean iltzatzen zenuen. Esango nuke ortzadarrean kolore guztiak antzematen nituela oraindik garai hartan. Harro zetorren udaberria; erruz belardiak, orriz pagoak, urez errekak. Tratamendua iritsi zen orduan.

Gain-gainetik igaro zaizkiguk Heinkel 51 biak. Abioiak hain hurbil ikusten ditudan lehen aldia duk. Txundigarria. Gu hiltzera zetozek, baina apartak dituk. Aleman lupu horiek bazekitek gauzak ondo egiten gero, Idiakez, hil-makinak badituk ere! Su festa abian duk alde guztietan. “Hirura arte zenbatu eta elkarrekin gora, ados?”. Bat, bi, hiru. Ziztuan altxatu gaituk Badiola eta biok. Deskribaezina duk ikuskizuna; infernuko ateak parez pare irekiak. Nonahi txikizioa, izkina guztietan berunaren kolpeak, Arnegarai osoa tiroen distirak eta keak estalita. Egun horrexetakoak dituk orain lurrean eta zuhaitzetan ikusten dituan arrasto gehienak. Pentsa! Ezerezean agortu duk nire danbada. Tanta bat gehiago itsasoan. Babesera berriro, arnasa seko berotuta. Azal ezin daitekeen zerbait duk tiro-trukearen zirrara. Aldian-aldian lehertzen dituk hegazkinen lehergaiak, dardarizo beldurgarria eraginez. Fusilak kargatu eta gora. Bat, bi, hiru. Zakutoen gainetik atzera ere burua ateratzearekin batera, tamalez, eztanda erraldoia ondo-ondoan. Lur hormak estali naik. Durunda jasangaitza ezker belarrian, larrua sutan, mugitzeko ezgauza. Agusen oihu lausoa iruditu zaidak nonbaiten, itzaltzen. “Bazetorrek! Handia zetorrek!”. Begiak itxi dizkiat, adiskide, gehiago irekiko ote ditudan jakin gabe; eta ikaragarria duk hori.

Hozka hasi zen mamua. Minik ez denean, begiak ixtea posible da –zilegi ia-ia–. Ez du ihesbiderik ametitzen, alabaina, min bizia denean. Keinua hozten igarri nizun, itzaltzen zure begien dirdira. Kimatu ziren irribarreak, hautsi gure katebegiak. Eztabaidak hasi ziren gure artean. Beti gustuko izan zenituen pasealdiak nekagarriak ziren; zinea eta antzerkiak aspergarriak; toki berriak ezagutzea denbora galtzea; asteburuetan kanpoan afaltzea jauntxoen kontua. Ez zenuen jendeak ikusterik nahi, gorroto zenituen gupidazko begiradak. Oinazez deskubritu genuen besteen txarrean aurkitzen duela maiz sustentua jendea deritzon multzo lauso horrek; haietako askoren errukia ez dela inolako erruki, beraien miseria pertsonalen pilula lasaigarria baino. Gero eta arrotzago zitzaizun ispiluko hura. Ilea, ahulezia, begiondoak. Hain izan zen gutxikakoa, non ez bainintzen ia ohartu ere egin. Egongelako besaulkian zeunden eroso –zeure besaulkian, zeure bakardadean–. Han ez omen zenuen minik. Bertan hasi zinen bazkaltzen eta afaltzen, telebistari begira. Zatoz ezkaratzera, hirurok jango dugu han. Ixo, pilota partida dago eta! Goizetik gauera, emazte izatetik neskame izatera pasa nintzen. Kanpoaldean uda hasiera oparoa. Eguzki bete-beteak sapaiak blaitzen zituen, hondartza zaleek kostaldeak konkistatzen. Maite dut udako jai giroa, ondotxo dakizu. Ausartu zinen herriko plazara nirekin jaisten San Juan suak ikustera. Artega antzeman zintudan suzko mihiei so, gazteek jauzi egiten zuten artean. Zer pentsarazi ote zizuten beren baitan dena itotzen zuten gar haiek.

Eztarria lehor zeukaat. Ea kantinplora hori. Kontxo, Idiakez, honek zorrotadaren bat bazeramak, e! Gu biok ederto konponduko gaituk, bai horixe! Botaidak beste Bisonte horietako bat, kamarada, gogorarazten laguntzen zidak eta. Grogi segitzen diat, lurraren astinaldi batek esnarazi nauen arte. Minduta zeukaat gorputz osoa, berebiziko jipoia  jasota bezala. Txistu-hots jasanezina belarrian; erredura arinak goialdean. Osorik nagok, eta ez duk gutxi. Alboetan arakatu diat segidan. “Badiola!”. Hesia deseginda ageri duk eta lur mendian hondoratuta lagunaren profila. Gerritik heldu eta ehortzalditik atera diat. Bere bisaiak orbain handi bat ematen dik, ezkerralde osoa kiskalita. “Badiola! Badiola!”. Ez dik erantzuten, baina arnasa hartu bai, oso astiro baduk ere. Kantinplorako urez garbitu zizkioat zauriak. Nireak ura zeramaan, azeri alaena, ez hireak bezala! Ezker besoa txikituta, odol asko ari duk galtzen. Alkandora erantzi eta beso-buruan korapilo estua egin zioat, emaria geratze aldera. Ezpainak mugitzen dizkik, baina ez duk aditzen marmarra baizik. Lizarraga sarjentuaren garrasiak entzuten dituk urrunean. “Babestu posizioak!”. Inork ez ziok hemengoari erreparatu, nahikoa lan badik bakoitzak bizirik mantentzen. Begiak itxi dizkiat. Isildu duk belarriko durunda, desagertu inguruko kaosa. Badiola ikusi diat, zigarroa eskuan, bere irribarrea ahoan zizelatuta. Urruntzen zoak geldiro-geldiro, desagertu arte. Dirdiraka igarri dizkiat begiak irekitzerakoan. Lepoan zamatu diat, gutxien kaltetutako alderantz. Tiroen jasak nekagabe jarraitzen dik landan. Ez zagok beste biderik. Bat, bi, hiru.

Sigue creciendo. Habrá que cambiar de tratamiento. Ohiko tonu aseptikoan mintzatu zen medikua. Pertsonen ordez haragi pusketa funtzionalak baino ikusten ez ote dituzten galdetu nion neure buruari; noiz gorpuzten den modu horretan gizakiaren eta teknikoaren arteko izotzezko harresia. Gero eta gehiago kostatzen zitzaizun oinez egitea. Nebak ospitaleko ohe horietakoa ekarri zigun, gora eta behera igo eta eskulekua dutenetakoa altxatzen laguntzeko. Egongelan jarri genuen, zeuk nahi zenuen tokian. Haraxe murriztu zen zure mundua, hangoxe metro karratu urrietara. Zeure zelda atondu zenuen, eta atearen giltza bota. Hitz egidazu, Jon, ezin duzu horrela jarraitu. Zure buruan sartzen ahalegintzen nintzen, zure saminarekin bat egiten. Pentsa ezazu berataz, jar iezaiozu aurpegia. Laguntzen duela irakurri dut. Giltzarrapoa sendoegia zen, ordea. Ez txorakeriarik esan! Zuk ez dakizu zer den hau! Etengabeko purrustadak; kexa, kexaren ondotik; garrasia, garrasiaren gainean. Negar egiten nuen; bai zugatik, eta baita nigatik ere. Guztiz ezezaguna zitzaidan lurrikarak deseginak zituen nire printzipio eta oinarri guztiak; hobi beltzean ahitua hainbat eta hainbat urtez eraikitako mikrokosmos propioa. Bat-batean ez nekien nor zinen; ezta neroni nor nintzen ere. Galduta, errudun, bakarrik jendez inguratuta ere, hegan egitea maite duen txoria kaiolan harrapatuta. Nahia kanpoan lo egiten hasi zen gero eta sarriago, lagunen etxeetan. Ez zuen ezer esaten, baina ohartu egiten zen. Isilik dagoenak asko esaten du maiz. Zuhaitzak biluzten zihoazen, orbela zolak hartzen. Udazkena ate joka zegoen.

Jauzia eman diat. Babesgunetik kanpora biluzik sentitzen haiz, Idiakez, jomuga erraza. Tiroek lurrari musu ematen zietek ezker-eskuin, zentimetroen gora-beheran. Pinadia ikusi diat ehun bat metro eskasera. Mendian behera bota nauk. Astiro igartzen dizkiat hankak, ahalaren muturrean. “Utz nazak bertan...”, atzean Badiolaren ahots zurbila. “Hago isilik, eta gorde itzak indarrak!”. Armen burrunba apalduz maldan behera metroak irabazi ahala. Ezin azkarrago korrika egin, lurreko bitarte txikienarekin oreka galtzeko moduan. Hurbil ikusten diat pinadiaren aterpea. “Eutsi Badiola, ostia!”. Ia hatz-puntekin zuhaiztia ukitzear nagok, motor-hotsa aditu dudanean lepoaldean. Atzera jiratzean, gainean ikusi diat Heinkel 51, behe-behetik hegan. Sekula ez nauk horren zaurgarri sentitu, adiskide. Begiak zorroztuta, ihesbideren baten bila hasi nauk. Harkaitz bloke mardula aurretxoan. Salbamena. Pentsatu ere egin gabe jaurti diat neure burua, Badiola lepoan dudala. Zentimetrotara entzun dizkiat tiroak haitzean hiltzen. Bihotza eztarritik irten beharrean. Lagunarengana hurbildu nauk. Zurbil zagok, arnasa doi-doi hartzen duela. Orduantxe igaro duk hain justu gerra-hegazkina gure gainetik, ber-bertan. Pilotu alemaniarraren aurpegia ikustea iruditu zaidak. Ume-moko ilehoria. Gorrotoa irakurri zioat begietan, zentzubakoa; ez baitzekik ez non arraio hegan ote dabilen, ezta arrastorik ere nori kristo tiroka ari ote den. Gerraren desarrazoiak are gehiago amorrazari naik. Tartea zeukaagu aluak buelta eman orduko. Arnasa berreskuratu eta lepoan hartu diat berriro. “Beste pixkat, dedio!”.

Ezagutu ginen egunaz pentsatzen nuen inoiz. Begirada lotsati haietaz erromeriako kopla artean. Hurbildu egin zinen, zure begiei sua zeriela. Dantzan egin genuen, eta atoan jakin nuen dantza-lagun moduan nahiko zintudala betirako. Beste su batez hitz egiten zenidan egongelako besaulkitik. Etxetik alde egin nuen larunbat arrats hartan egoera jasan ezinda, hormak dantzan jartzeko moduko danbatekoa emanda ateari. Kalean Gabonetarako apaindurak jartzen zebiltzan. Poza arnas zitekeen, ilusioa. Uztekotan egon nintzen. Zergatik jarraitzen nuen zure ondoan galdetzen nion neure buruari. Errukiagatik ote? Koldarkeriagatik? Esango dutenaren beldur, beharbada? Ez nintzen gauza maite ote zintudan epaitzeko ere. Nerabe baten bihotz herabea hunkitu zuen gizona zinen. Horrenbeste eta hori baino ez. Eta egun horretan ezagutu izan ez bagina? Eta jai hartara joan izan ez banintz? Ba al da paturik? Zenbat lotzen du eraztunak? Sekula aurrez izan ez nituen galderak zetozkidan burura, bata bestearen atzetik; danba eta danba kolpeka dirauen mailuaren gisara. Neurekoia ote nintzen? Gizona etxean gaixo eta uzteaz pentsatzeagatik? Zer egitea zegokidan? Eta nor zen zegokidan hori deliberatzen zuena? Gizartea, familia, ala neroni? Beti sinistu izan dut harremanetan. Biren artekoetan. Bata urruntzen denean, ordea, harremana izaten jarraitzen al du? Hain sentitzen nintzen bakarrik, sostengurik gabe, hondorik gabeko zuloan amiltzen etengabe. Itzuli nintzen etxera –eginbeharragatik, agian–. Zuk besaulkian jarraitzen zenuen. Eta orduan gertatu zen, halabeharraren txinparta. Zutik jarri zinen, eta erdi herrenka niganaino iritsi. Besarkatu egin ninduzun, inoiz baino gehiago behar nuen besarkada sentikorra. Barkatu, laztana. Gure begiradek topo egin zuten, eta aurkitu egin zintudan lehen aldiz denbora luzean. Negarrez hasi zinen, arimaren barrenetik baino ernetzen ez diren malko lodi beroez. Beldur naiz.

Sekula ez diat halako beldurrik sentitu, Idiakez. Gogoratu hutsarekin harrotzen zaidak larrua! Iritsi nauk halako batean pinadi malapartatura. Basoa diagu orain gordeleku. Zati arriskutsuena burututa, beraz. Izorra hadi alemaniar babua! Herriraino jaistea geratzen zaidak, eskola zaharrera, orain erietxea dagoena. Sustraiek altxatutako menditxoek eta pinuburuek aurrerabidea aldrebesten zidatek. Izterrak gero eta pisutsuago antzematen dizkiat, eta belaunak trakets. Geratu egingo nauk une batez, itolarriak jota. Lurrean utziko diat Badiola eta hauspoa berritzen ahalegindu. Bele beltza ikusiko diat adarretik begira. “Ospa hortik! Esan gure ordua ez dela iritsi hire nagusiari!”. Lurrean aurkitutako lehen harri koskorraz uxatuko diat. Malkoak zerizkiok lagunari masail kolorgean behera. Lehen aldiz ikusiko diat negarrez. Emaztearen argazki erdi desegina emango zidak, poltsikotik kostata aterata. “Margari...”. Azala kiskalia zeukak alde batean, eta izotza bezain hotza bestean. Dena konponduko dela esan nahiko zioat, baina gezurretan hasteko indarrik ez. “Haurdun zagok... alaba...”. Besarkatu egingo diat eta hartara iraungo diagu tarte batez, tanta bakanen txera umelak sumatu arte. Ordura arte ez zidaan alabaren konturik aipatu ere egin artaburuak. Ostera lepoan hartu eta azken metroak burutuko dizkiat, erietxera unatuta ailegatu arte. Ohe-buruan jagongo diat, beste hamarka ohez inguratuta, isiltasuna baino aditzen ez dela. Lubakian isiltasuna beldurgarria baduk, ospitalean ez duk gutxiago. Heriotza zelatan denaren oroigarri sotila eta etengabea. Lo geratuko duk, eta aspaldian sentitu gabeko barealdia hautemango diat neronek ere. “Ezagutuko duk hire alaba hori, ez zalantzarik izan”. Leihotik, kale hutsak ikusiko dizkiat, azoka eguna izan arren. Atzean, Arnegaraiko muinoa garren bazka, su-piztiak ke zutabe beltzen inguruan hegaka... ba bai, Idiakez, bai. Beharbada, gogoratzeak ahazten laguntzen dik; edo, behinik behin, beltza uste huenari kolore pixkat jartzen. Ea! Botaidak azken zigarrotxoa eta trago bat hire kantinplora gozo horretatik, infernuan ere hobeto egoten duk anai artean eta.

Gure auzoek bazuten mastin handi zurixka bat. Patxadaz egoten zen belardian, ardi zaintzan. Behin basoan nenbilela atzetik hasi zitzaidala gogoan dut, zaunka eta zaunka, eta etxera arte korrika etorri nintzela, ito beharrean, harrapatuko ninduen ikaraz. Antzeko zerbait dela irudikatzen dut barruan daramadana; bare-bare hesiaren atzean, letaginak erakusten dituen arte. Halaxe esan zenidan, pausagunean, ezustean, sakoneko hausnarrak ateratzen diren moduan. Ez du erraza izan behar barnean infernua gordetzea. Jabetzen naiz. Cerbero aldendu eta ireki dizkiguzu ateok azkenean, sartzen utzi. Su garrek ez dute hainbeste kiskaltzen orain, ez al duzu uste? Burusi elektrikoa erosi genuen elkarrekin, eta bere beroan babestu. Besaulkia utzi eta nire ondoan jartzen hasi zinen. Eskutik eusten didazu mina agertzen denean. Batzuetan goxo, eta lasai egoten naiz orduan; beste batzuetan tinko, bortxaz, eta zure sumina sumatzen dut. Zakurra zaunka. Bitxia da biziaren aipua bere baitan daraman gaixotasuna zeinen hurbil dagoen heriotzaren hegitik. Mina abisua da, Damoklesen ezpata, Herio zelatan denaren gomuta; eta beldurra, senaren erantzuna. Besaulkia hartzen dugu estalpe, hara iritsiko ez direlakoan metrailaren zartak. Besaulkia ez da nahikoa estalpe, ordea, ihes egiteko. Zatoz nirekin sofara, maitea. Biok gaude gaur etxean, Nahia Arnegaraira joan baita lagunekin txangoan. Patu apetatsua. Maiz kontatzen zuen aitak Arnegarain soldadu zegoela txikitu ziotela aurpegia, gerra garaian; bere lagunagatik izan ez balitz, ez zuela kontatzerik Gudu-zelai 10 izango. Etzan nire ondoan, laztana, ez zaude guduan bakarrik, biok lehen lerroan. Abenduaren 21a da, neguko solstizioa. Desegiten ari da gauaren erresuma eta jaiotzen, emeki-emeki, egunarena.

Fereka, arnasaldi;
musua, zaunken tapaki;
besarkada, lubaki.
Maitaleak, gerlari;
gudu-zelaian tanta bi.
Muino beltzak ketan darrai,
uso zuria adarretik begira, zai.

Iraitz Legarra

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago