Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
KOLOREAK MINTZO 

 

GORRIA 


Sorterritik dakart jantzi gorria,
eta halabeharrak aginduta izan dut beti
zoriona eta loria;
beroenen artean beroena naizenez,
lurtarren odola bete dut adorez.

Enbor eta kearen artean nintzen ernatu.
supazterretan,
hainbat istorio miazkatu, girotu eta berotu
bitartean;
arerioaren oldarrek, bestalde,
han eta hemen, etenik gabe,
sua pizteaz gain,
nire gorritasuna areagotu dute.

Amorruak eman dit hazia zein bizia,
eta,
txori, lore, harri, mendi... zer guztiei
erantsi diet nik merezi duten dotorezia;
badut, ordea, beste balentria,
ustekabean baititut elkartzen
amodioaren doinua eta mindutako errabia.

Askotan lagundu nion ARES handiari,
bere gerlariak etsita,
bakarrik ekiten zionean borrokari;
amarruetarako behar zuen horrek kemena,
beste batena zelako berak gehien maite zuena;
erasoaldia, ordea, ez zen izan berea,
gorriz jantzita etorri zitzaionean VENUS maitalea;
odola, sua eta amorru gorria
behar izan zituen VULKANOK
berreskuratzeko maitasun-zoria.

 

 

 

 

 

 
HORIA 


Ekialdetik natorrela dionik bada,
neuk ozta-ozta dakidan arren,
noiz mendebaldekoa, noiz hegoaldekoa den
haizea;
garia izan dut beti ordezkari,
zelaiak orrazten dituztenean,
nahiz urruti,
ikusten delako hori hori
aberats plantak egin asmoz,
Urrea hartu nuen mozorro;
ospearen atzetik ibili nintzen garaian,
galdu nituen lagunartea eta fedea;
ezerk asetzen ez ninduela ikusi nuenean,
aurkitu nuen Jakituria.
Dena izan zen orduan grazia,
gabeziaren ondoren
berreskuratu nuelako izate horia.

Lurraren erdigunetik lur azalera biraka nabilela,
mila bider mila,
auskalo zenbatgarren aldian
aurkitu izan dudan inoiz Dragoi Horia!;
heriotza ote dakar horrek azpian?
Urrea, ospea eta eguzki lorea ditut ordezkatzen,
baina, kontuz!,
Herioa ere askotan ezkutatzen delako Horian.
 

 

 

 

 

 

 

 

 

URDINA 

Hegoaldea, iparra, ekia zein mendebaldea,
ostertzeko punta bat ala bestea
berdin,
babesten ditudala diotsuet zintzo .
Goian edo behean,
supituki edozein lekutan,
ageri naiz beti,
euri-jasen ostean edo
lainoen artean.

Nondik natorren,
ez dakit;
nork sortu nauen,
ez dakit;
baina,
Urdina naizen aldetik,
zerua denona dela

egia da,
nahiz askotan esan,
hitzekoak direla Beltza eta Gorria,
aitzitik,
gezurti jaio zela Urdina.

Gezurti izatera bultzatzen banau ene senak,
ez dakit nolatan,
jainkoak ditut jantzi
hainbat leku eta lurraldetan:
AMONek Egipton,
SHIVA eta KRISHNAk Indian,
ordezkaritzat hartu naute

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 


Anttoni Lopetegi

ZURIA,BELTZA,...ETA BESTEAK 

Bizirik ez dago,
ernatzen ez bada hazia,
eta,
hortik datorkit niri
ugalkortasuna pizteko abilezia.
Arraza garbia, nahasi gabea bada
aurreko hirurak bereizten dituen ezaugarria,
hemen gatozkizue, azkenik,
Zuria, Beltza, Berdea.-.eta
ni neu, Laranja, iji eta aja.

Zuria izateari utziz gero,
iritsi ez nintzenez Beltzaren barrunbeetaraino,
hala ere,
alaitasuna dut tinko gorde,
eta,
orduz geroztik gaur arte,
Grisa naizela errepikatu didate.

Jakituria omen da bizitzaren ardatza,
eta,
hori aurkitu asmoz
igaro ditut negu latzak;
ez naiz, oraingoz,
datorrenaren beldur,
baina, jakin ezazue,
Gris jaiota ere,
zahartzaroak egingo nauela jakitun.

Koloreak ez, loreak baizik,
dira
Lotoa, Hiazintoa eta Dalia:
bizi berriaren leloa

bata,
gorpuzkera segailekoak
besteak,
adur doi eta eraman onekoak izan dira hirurak,
hartu nahi izan ez badituzte ere,
guk eskainitako jantzi preziatuak:
Purpura, Bioleta zein itxaropen iturri den
Berdea.

Iritsiko da abendua/ ondoren Garizuma,
eta,
Ubelak, Moreak edo Bioletak,
atsekabeak baztertuz, hausnarketara eramango gaitu:

“Eguzki horiaren eskutik dator ISIS ederra;
Egipto osoa zeharkatuz doa:
hegoaldeko eremu idorretan zehar,
tenplu zein basamortuak arakatuz,

etengabe,
senarraz galdezka, iparraldera doa.

Hondar gorria lagun, maite-sua eta garra berarekin ditu;
Feboren horitasunak fedea eta irmotasuna dizkio oparitu;
Nilo urdinaren distirak bidean jarriko du,
eta azkenean,
ibai ertzeko itxaropen berdeak
Zuriz jantzaraziko du.
Gau ilunarekin batera ANUBIS agertuko da,
eta heriotzaren morroi leialak
lur ospelaren barrunbe laiotzetara eramango du.
Bertan agertuko da Beltza,
eta horri esker
berreskuratuko ISISek
bizi poza:
OSIRIS maitea zain dauka.”

 

 

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago