Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
azoulay    

7.- KANTEN PARTITURAK

Léon Azoulayren euskal grabazioan lau kanta daude, laurak ere ondo ezagunak, bi Bidasoaz harako Euskal Herrikoak (“Maitia non zirade?” eta “Prima eijerra”) eta beste biak Bidasoaz honako Euskal Herrikoak (“Donostiako hiru damatxo” eta “Pello Josepe”). Oraindik Euskal Herriko edozein txokotan entzun ditzakegu, eta gainera, euskal kantutegi batean baino gehiagotan argitaratu izan dira, partitura eta guzti. Ikerlanaren arlo honetan, merezimendu guztiak Kike Vazquez musikari gasteiztarrari aitortu behar dizkiogu, nire eskariz berak egin baitzituen lau kanton partiturak. Hori gutxi balitz, Azoulayren grabazioko bertsioak bertsio “estandar”rekin1 alderatu zituen, haien arteko desberdintasunak agerian uzteko.

Hona, bada, Kike Vazquezen lan bikaina. 

MAITIA NON ZIRADE?
“Euskal kantak” liburuko bertsioa:
azoulay3

Azoulayren grabazioko bertsioa:2
azoulay4
 
 
 
 
 
 
 
Joxe Inazio Ansorenaren “Euskal kantak” liburuko 73. orrian agertzen den “Maitea, non zira?” kantaren eta grabazioan agertzen denaren artean ondoko desberdintasunak daude:

Tempo arinagoa du Azoulayrenak.
Tonu altuagoa: Fa# maiorrean abestuta dago.
Abesti erdian tonu aldaketa gertatzen da: dominantearen tonura aldatzen da.
Gero, lehengo tonura itzultzen da.
Melodia aldaketak gurutze batez (+) adierazita daude, noten gainean ezarritako
gurutze batez, alegia.
Abestiaren erdialdeko melodiaren notek beste funtzio tonal eta harmoniko bat
dute.
 
 
 
 
 
 
PRIMA EIJERRA
 
“Euskal kantak” liburuko bertsioa:
azoulay5
Azoulayren grabazioko bertsioa:
azoulay6

Joxe Inazio Ansorenaren “Euskal kantak” liburuko 77. orrian agertzen den “Prima eijerra” kantaren eta grabazioan agertzen denaren artean ondoko desberdintasunak daude:

Tonu erdi baxuagoa du Azoulayrenak: La b maiorrean abestuta dago.
Konpasa: 6/8.
Melodian dauden desberdintasunak apaingarriak dira; ez dituzte aldatzen tonu
eta armoniazko funtzioak.

DONOSTIAKO HIRU DAMATXO

“Euskal kantak” liburuko bertsioa:
azoulay12

Azoulayren grabazioko bertsioa:
azoulay7

Joxe Inazio Ansorenaren “Euskal kantak” liburuko 22. orrian agertzen den “Donostiako hiru damatxo” kantaren eta grabazioan agertzen denaren artean ondoko desberdintasunak daude:

Bien lehenengo estrofa tonu berean abestuta dago, Mi minorrean, hain zuzen ere. Azoulayren grabazioan, berriz, bigarrenak tonu baxuago bat erabiltzen du (Re minorra); gero, koplarako (“ea, ea, zezenak dira...”) tonu erdi altuagoa baliatzen du (Mi b minorra). Bukatzeko, hirugarren estrofan eta ondorengo koplan Mi b minorrari eusten dio kantariak.

Kike Vazquezen ustez, kanta honetako tonu aldaketa hauek abeslariak eragin  zituen; ez dira, beraz, abestiarenak.

PELLO JOXEPE

“Cancionero Popular Vasco” kantutegiko bertsioa:
azoulay8


Azoulayren grabazioko bertsioa:
azoulay9

R. Ma de Azkueren “Cancionero Popular Vasco” liburuko 61. orrian agertzen den “Pello Joxepe” kantaren melodia eta Azoulayrena desberdinak dira.

Bertsoa

“Herriyetan batzubek” bertsoa aztertzeko orduan, nagusiki bi arazori egin behar izan diot aurre: batetik, bertso hau ez dela oso ondo entzuten, grabazioaren gainerako tarteekin alderatuta; eta bestetik, bertso hau ez dela batere ezaguna. Nik, behintzat, ezin izan dut inon aurkitu, hainbat kantutegitan kontsultatu arren. Bertsoaren partitura Iñaki Gauna itzultzaile-musikariak egin  du, baita hitzen transkribaketa ere. Esan beharrik ez dago hitzen transkribaketa  egitea ez dela batere erraza gertatu, soinuaren kalitate eskasa dela medio. Transkribaketa zehatza barik hurbilpena dugu beheragoko lerrootakoa. Lan  hori hobetzeari, hala ere, nekeza deritzot, inork inon jasota aurkitzen ez badu,  behintzat. Bestalde, irrati eta soinu-laborategi batera baino gehiagotara jo dut,  euren baliabide teknikoak erabilita,  soinuaren kalitatea hobetuko zidatelakoan.  Baina alferrik izan da: Sirakusan egin omen zizkioten egin zekizkioten  aldaketa guztiak, eta, horrenbestez, soinua dagoeneantxe utzi behar izan dut,  besterik ezean. Ahalegin faltagatik ez da izan, beraz.

Lehenengo eta behin aipatu behar da bertsoa hasi aurretiko frantsesezko  sarrera txiki horretan esaten den Chanson d'amour ez dela egia, alegia,  Azoulayren grabazioan agertzen den hori ez dela amodiozko kanta, kanta bai,  bada izan, baina ez amodiozkoa. Hauxe duzue, bada, partitura: 
azoulay10


Azoulayren bertsoak Gipuzkoan kantatutakoa dirudi, baina orduan ez da “dastatu” izango, garai hartan aditz hori soilik Bidasoaz beste aldean erabiltzen zelako, hain zuzen ere, gaur egun nafar-lapurteraren eremutzat jotzen den esparruan3.

Bestela pentsa badaiteke ere, ez da inola ere bertso-mota berezia. Antonio Zavalak aditzera eman zidanez, bada doinu horren antzeko beste bat, “Mila zortzi ehun”4 izenburukoa, oraindik Ipar Euskal Herrian kantatzen dena. Baliteke hori Azoulayren bertsoaren jatorria izatea. Hona partitura:

azoulay11

“Herrietan batzubek” bertsoa “Mila zortzi ehun” izenekotik sortu ote zen argitzeko asmoz, aipagarria da, musikaren ikuspegitik, bi bertsoen artean badirela zenbait antzekotasun. Hona hemen batzuk zerrendaturik:

- Bi bertsoak, “Mila zortzi ehun” eta “Herriyetan batzubek”, Mi menorrean daude. Bukaerako kadentzia antzekoa dute.

- Biak hiru zatitan banatuta daude. Batera jo daitezke eta armonikoak dira elkarrekin. Batera entzun daitezke. Antzekotasunak batzuetan lehenengo ahotsean agertzen dira, baina sarriago bigarrenean.

Desberdintasunen bat ere bada bien artean, hona:

“Herriyetan batzubek” erritmo ternarioan dago, zortzikoaren erritmoa du, eta “Mila zortzi ehun”, berriz, erritmo binarioan dago, eta biziagoa da Azoulayk grabatutakoa baino. “Herriyetan batzubek” erromantikoagoa eta barrokoagoa da.

Dena den, pentsa liteke “Mila zortzi ehun”etik “Herriyetan batzubek”era egindako jauzi hori harako garai hartako gustuen ondorioa dela, orduko musika-joerak zortzikoaren erritmoa eskatu-edo egiten zuelako, zortzikoaren erritmoa, “Herriyetan batzubek” bertsoarena, modan baitzegoen XIX. mendean.

Bestalde, Léon Azoulayren grabazioko bertsoa ez da osorik kantatzen; gipuzkeraz egiten zuen neska bertsolari-kantariak lerro luze bat kantatu gabe utzi zuen (“herriyetan batzubek dira baliatu”, “lau behar duten tokian zortzi tiratu” edo “amari zer esanik ezin aurreratu” bezalako lerro bat). Letra osoa ez zuen jakingo nonbait kantariak. Hortik bai doinuan bai letran igartzen  zaizkion zalantzak. Izan ere, bertsoa kantatzen saiatu zen lehengo aldian jarduna bertan behera  utzi behar izan zuen. Beste saialdi bat egin behar izan zuen, bertsoa osorik-edo kantatuko  bazuen. Ez zuen, hala ere, Parisera buruan baizik ez zeraman bertso hura osorik gogoratzea  lortu. 

Bertsoaren egitura bederatzi puntukoa da. Bidasoaz beste aldean hiru lerro labur sartzen  dituzte, zortzi puntuko bihurtuz; hemengo aldean, berriz, lau lerro labur, horregatik da  bederatzi puntuko. Horren adibide ditugu Xenpelarren Betroiaren bertsoak edo Bilintxen Zaldi  Zuriarenak.

Silabak honela datoz bederatzi puntuko bertso-sorta horretan: 7 – 6 / 7 – 5 / 7 – 6 / 7 – 6 / 6 / 6 / 6 / 6 / 7 – 5. Bi bitxikeria ditu neurriaren aldetik: bigarren lerro luzeak eta azken lerroak (luzea hau ere) 7 – 5 silaba dituztela, eta ez  7 – 6, besteek bezala.

Puntua, alegia, errima “–atu” da.
 
____________________
 
1  Ondoko bi liburuok hartu ditugu oinarritzat Azoulayren grabazioko bertsioekin alderatzeko:
Cancionero Popular Vasco. Resurrección Ma de Azkue. Donostia: Auñamendi, 1968.
Euskal kantak. Joxe Inazio Ansorena. Donostia: Erein, 1993.
2 MP3 guztien iturria:www.euskosare.org
3 ZUAZO, Koldo. Euskararen sendabelarrak. Irun (Gipuzkoa): Alberdania, 2000.
4  Ene hautia, 25 chants basques. Florentin Vogel. Saint-Palais (B.-Pyr.).
botoia1