Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

azoulay    


3.- NOLA EGIN ZITUEN GRABAZIOAK?

Azoulay doktoreak gehienbat bi eremu landu zituen: medikuntza eta antropologia. Horren lekuko ditugu goiko zerrendan aipatutako argitalpenak eta Frantziako Liburutegi Nazionalaren web gunean atzeman ezin izan ditudan beste zenbait lan, besteak beste, Azoulayk idatzitako zazpi artikulu1 eta itzuli-laburtutako bi2. Beraz, nik dakidala, ikerlanak ez ezik, itzulpenak eta testumoldaketak ere egin zituen. Begien bistakoa da Azoulay doktoreak utzi digun idatzizko ondarea ez dela oso oparoa; ezin ahantzizkoa dugu, ordea, bere artikulu batetik abiatuta3 1999ko urriaren 11n aurkitu nuela euskaraz egun  dugun grabaziorik zaharrena. Euskarazko grabazio hura Parisen topatu nuen, hantxe egon baita beti, 1968tik 1969ra bitartean izan ezik, orduan Sirakusa hirira (New York estatua, Estatu Batuak) eraman baitzuten, hasierako arrabolak zinta magnetikora aldatzeko. Nik, berriz, grabazioa kasetean jaso nuen, etxetik eramandako kasete batean, Trân Quang Hai doktoreak egin baitzidan kopia Estatu Batuetatik ekarritako zinta magnetikotik. 

Itzuli-laburtutako bi artikuluetan euskal gaietarako halako joera sumatzen diot nik Azoulayri; Parisko 1900eko Erakusketa Unibertsalaz eta bertan egindako grabaketez aipamenik bat ere ez baina. Horretaz dakigun guztia Azoulay doktoreak berak jakinarazten digu gorago aipatutako artikuluetan. Bertan esaten direnak aletuz tankera hartuko diogu, gutxi gorabehera, Azoulayk grabazioak lortzeko egin behar izan zuen lanari. Hoberik ezean, artikulu horietatik hartutako argibideak emango dizkizuet segidan.

Egitasmo honetan Julien Vinson euskaltzale frantsesa izan zuen laguntzaile, nahiz eta haren lanak denbora askorik utzi ez, Azoulayri nahi besteko laguntza emateko: beti lanez itota ibiltzen omen zen. Bost hilabete eman zituen fonogramagintzan, erakusketaren alde zoko batetik bestera lan interesgarri bezain gogaikarri hari lotuta. Bidea eragotzi zioten oztopo guztiak gorabehera, 400 fonograma baino gehiago iritsi zituen. Baina gaizki zeudenak baztertuta, bilduma 331 fonogramaz osaturik geratu zen. Horiei 55 erantsi behar zitzaizkien, Sir Robert Hart Txinako mugen zuzendariaren bidez eskuratu zituenak. Horiekin guztiekin Azoulayk bilduma eder bat eta artxibo fonografiko bat antolatu nahi zituen, fonografoak hizkuntzalaritzarako eta  filologiarako zituen erabilerak baliatuta. Lehenengo urratsak ere eman zituen  hori lortzeko: Société d ́Anthropologie de Paris elkartearen onespena jaso zuen  museo fonografikoa eratzeko. Vienako Zientzietako Akademiak egitasmo  berbera garatu zuen, baina paristarrak izan ziren aitzindari. Azoulayk espero  zuen beste herri eta erakunde batzuek jarraituko ziotela frantziarrek urratutako  bideari. Bestalde, Azoulayren iritziz, komeni zen ekimen horretan elkarlanean  aritzea, denek batera erabaki beharko baitzuten zein tresna, prozedura eta gai  erabili artxibo eta museo horiek antolatzeko. Gainera, fonogramak lortzeko eta  iraunkortzeko batera arituko ziren ikerlanean.

Fonogramak goizez egin behar izan zituen Azoulay doktoreak, arratsaldez lan egiteko ahalmen handiagoa bazuen ere. Izan ere, lortutako baimenak ez zion beste biderik ematen. Ez zuen lanerako leku finkorik: gramofonoa eta beste tramankulu guztiak eskuetan hartuta ibiltzen zen batetik bestera erakusketa osoan zehar. Askotan ez zioten erraztasunik bat ere ematen grabazioak  egiteko, inguruabarrek ez zioten ezertan ere lagundu. Are beren-beregiko tokirik ez zuen izan lan egiteko. Lan-baldintzak, oro har, oso txarrak izan ziren: lan egiteko uzten zizkioten geletan ez zegoen aterik, leku irekiak ziren, beraz; zarata handia egoten zen, eta ikusle gehiegi inguruan, jakin-minak erakarrita; sarri askotan han ez zen ez mahairik, ez aulkirik egoten, hiztunak  gramofono aurrean ahalik eta erosoen sentitzea komeni bazen ere.

Grabatu zituen hizkuntzak hainbeste izan ziren, ezen ugaritasun hark behin baino gehiagotan trabak eragin baitzizkion bere ikerlanari, ez inoren esanak fonografiatzea berez oso gaitza zelako –Azoulayk berak mimika bidez adierazten zien hiztunei zer egin behar zuten–, baizik eta fonogramari buruzko argibideak lortzea zail xamarra gertatzen zitzaiolako.

Fonografiatuek gutxitan ematen zituzten xehetasunak grabatutakoari buruz zeren eta inork gutxik nahi izaten baitzuen grabatu beharrekoa idatzi. Halakorik eskatuz gero, jende askok atzera egiten zuen, eta erabakitzen zuen ez idazlanik ez fonogramarik ez egitea. Grabazioa egindakoan fonogramaren edukia idatziz emateko eskatuz gero, berriz, biharamunean emango ziotela  agintzen zioten, baina gehienetan ez zuten hitza betetzen. Hori dela eta,  Azoulay doktoreak lortutako fonograma askok ez zuten idatzizko iruzkinik.  Gaur egun, direlako testu argigarrien zantzurik bat ere ez dugu, horiei buruz dakigun guztia Azoulayk doktoreak jakinarazi digu bere artikuluren batean  egindako aipamenen baten bitartez.

Fonogramen itzulpena ere oso gaitza omen zen lortzen; fonografiatu gehienek ez zekiten (edo oso gaizki zekiten) frantsesa, gaztelania edo italiera, edo ez ziren itzulpena emateko behar bezain ikasiak. Sarteraren4 kasuan, esaterako, hiruzpalau hizkuntzaz baliatu zen zubi-lana egiteko, hain zituen ulergaitz zenbait pasarte. Itzulpenaren arazoa konpontze aldera, Azoulayri bururatuzitzaion testuen kopiak bidaltzea zegokion herriko jakintsuei, kontsulei eta Société d ́Anthropologie de Paris elkarteko kideei, baita bere lanaren  gorabeherengatik ezagutzen zituenei ere. Dena delako herrian bizitzea beste baldintzarik ez zuten bete behar. Itzulpena egiteko ez ezik, ortografia zuzentzeko, eta hizkuntzei, kantuei, musikari eta folkloreari buruzko ahalik eta  argibide gehien emateko ere eskatu nahi zien Azoulayk.

Hizkuntza guztietako fonogramen artean halako lotura bat ezarri nahian,  grabaketetan parte hartzeko ziren guztiei, zeini bere hizkuntzan, Seme Prodigoaren parabolaren testu idatzi bana irakurtzeko eskatu zien. San Lukasen araberako Ebanjelioko pasarte hori Elkarte Bibliazale Britainiarrari esker itzuli zen munduko ia hizkuntza guztietara. Erlijio guztietan antzekoa zelakoan hautatu zuten. Hala ere, musulman fundamentalista batzuek ez omen zuten inola ere irakurri nahi izan, istorio hori ebanjelio batetik ateratakoa zelako. Horrek agerian uzten du zenbat propaganda zebilen garai hartan  Londresko Elkarte Bibliazaleari buruz eta, oro har, elkarte kristau guztiei  buruz. Era berean, argi geratu zen horrek nolako gorrotoa pizten zuen  europarren kontra.

Testu idatziak funtsezkoak izan zituen Azoulayk bere lantegian. Batetik,  horrek modua emango zien fonografiatuei silabaka irakurtzeko, letra edo  silaba isolatuen ahoskera finkatzearren. Bestetik, testu idatziek argibide asko  ematen zituzten ezaugarri fonetikoei buruz. Gainera, testua idatzirik emanda  Azoulayk fonografiatuei irakats ziezaieken nola ahoskatu silabaka, zein tarte  utzi behar zen silaben artean eta zein ahots-tonu erabili behar zuten.

Zoritxarrez, fonografiatu gehienak ikasi gabeak zirenez, testu idatzien prozedura horrek gehienetan ez zuen ezertarako balio. Arazo hori  konpontzeko, kantuetara jo zuen. Kantuak errazenak omen ziren lortzen,  batetik, guztiek atsegin zutelako kantuan aritzea eta euren herriko kantak finkatzea, eta bestetik, horiexek gogoratzen zituelako jendeak ondoen. Azoulayren iritziz, zenbat eta zibilizatuagoak izan norbanakoak, orduan eta kantu gutxiago zekizkiten. Prosa gizarte “aurreratuetan” lantzen omen zen  gehienbat, gizarte “atzeratuagoetan” jendeak ez baitzekien ipuinik buruz.  Kantuei esker lortu ahal izan zituen ahozko hizkuntzaren eta silabakako  hizkuntzaren fonogramak, bestela eskuratzerik ez zegoen kasuetan. Nolanahi ere, aukerarik izanez gero, kantuen, ipuinen, kontakizunen eta besteren testua lortzen zuen. Fonografiatuak bere hizkuntzan idazten jakinez gero, Azoulayk eskatzen zion idatziz emateko esandakoaren transkribaketa eta itzulpena.

Gutxi gorabehera 70 hizkuntzetako laginak bildu zituen Azoulayk. Erakusketak seguru asko hizkuntza gehiago fonografiatzeko modua ematen zuen. Gehiago lor zitzakeen, beraz, museo fonografikoetan interesik zeukatenek lagundu izan baliote. Kontinente guztietako laginak zeuden Azoulayren bilduma fonografikoan, gehienak Asiatik, Europatik eta Afrikakoak baziren ere. Amerikako eta Ozeaniako laginak askoz ere gutxiago ziren. Ozeaniak ordezkari bakarra zeukan, Leialtasun irletako neska bat, hain zuzen ere. Bestalde, behin baino gehiagotan leporatu zioten Azoulayri frantsesezko fonogramarik hartu ez izana. Baina ahal izan zituen guztiak bildu zituen, eta ondoko bi arrazoirengatik ez zuen gehiagorik lortu: batetik, frantses askok ez zuten fonografian parte hartu nahi izan, lantegi hori gutxietsirik, eta gainera, bost axola zitzaien euren ahotsa museo batean betikotzea; bestetik, gero eta zailagoa omen zen Parisen aurkitzea bere jargoia zerabilen jenderik.
    Azoulay2


Hona Azoulayk Parisko 1900eko Erakusketa Unibertsalean grabatutako hizkuntzak, kontinentez kontinente:

Europakoak: ruteniera, kroaziera, turkiera, hungariera, suomiera, letoniera, suediera, daniera-norvegiera, islandiera, alemana, ingelesa, frantsesaren hiru dialekto, proventzera, italiera, bretoiera, euskara (bi euskalki), espainiera,  portugesa eta hebraiera.

Asiakoak: japoniera, txinera, annamera, laoera, malaysiera, singapurrera, tamilera, hindustaneraren urduera (lau dialekto), tatariera, tamagashera, pertsiera, Dagestango awarea, armeniera, georgiera eta Siriako arabiera.

Afrikakoak: Tunisiako arabiera, Tunisko hebraiera, kabiliera, Aljeriako hegoaldeko arabiera, Aljeriako hebraiera, uolof bost dialektotan (Saint-Louis eta Dakarka-koa, Sérère-koa, Djiolla-koa, Bambara-koa eta Toucouleurrekoa), mandinga, peulera, beninera (yoruba eta Porto Novo), makouera, suahilia hiru dialektotan (Zantzibar, Komore, Ndzuani), Madagaskarko hizkuntza eta hizkerak: llovera, betsileoera, betsimisarakera, antankara, antanoussi, antemour, mahafali, sianak eta sakalave.

Amerikakoak: araukaniera, maputxea eta Guyanako kreolera.

Ozeaniakoa: Mare-ko nengoniera, Kaledonia Berritik hurbilekoa.

Azoulayk jakin zuenez, garai beretsuan J. Wright ere ibili zen ingelesaren zenbait dialektoren lagin fonografikoak biltzen. Txinan, Hungarian, Austrian eta beste zenbait tokitan ere ari ziren antzeko eginkizunetan. Horrek argi uzten du, Azoulayren ustez, leku guztietan garrantzi handikotzat jotzen dela horrelako dokumentuak biltzea.

Kanta asko fonografiatu zituen, eta mota guztietakoak, baina batez ere maitasun-kantak. Zenbait guda-kanta ere grabatu zituen, Afrikakoak gehienak. Herri kanta komikoak, berriz, oso gutxi. Azoulayren iritziz, euskaldunok (garai horretakoez ari da, noski) horrelako asko ditugu, eta kanta komikoetarako joera hori “etnia horren ezaugarri”tzat jo zuen. Dirudienez, genero hori Europako hegoaldean gehiago lantzen zen iparraldean baino. Erlijio-kantuak eta otoitzak urriago ziren. Fundamentalista erlijiosoek ez zuten
inola ere fonogrametan parte hartu nahi, “sinesgabeen” aurrean egonda. Azoulayk Korana eskatu zien musulmanei, gramofono aurrean irakur zezaten, baina ez zuen fanatismoa kontuan hartu. Gauzak horrela, Errusiako sailean, aware batzuek muzin egin zioten Azoulayren eskaerari. Biharamunean aware bati entzunarazi zion Koranaren fonograma bat, eta erlijio-keinu asko egin ondoren, pasarte bera errezatu zuen fonografo aurrean. Koranaren fonograma bera erabilita ere, Azoulayk ezin izan zuen zibilizatu gabeko parsiar bat konbentzitu, ahoa hitz egiteko tutura hurbiltzeko. Mintzatu bai, mintzatu zen, baina grabagailutik urrun. Ouled Naïl-ko emakume bat soilik ausartu zitzaion hil-kantak abestera. Horretarako, lehenago Azoulayk berak kantatu behar izan zituen hildakoen auhenak. Emakume hura beldur zen auhen haiek berari edo bere senideren bati heriotza ekarriko ote zioten.

Kantu epikoei edo elezahar erritmodunei dagokienez, finlandiarren Kalebalaren hasiera eta Islandiako epopeia zaharren ahapaldiak fonografiatu ahal izan zituen. 1928an estreinako aldiz inprimatu zenetik, Kalebala Finlandiako zokorik apartatuenetako jende zahar-zaharrak baino ez zuen kantatzen. W. Halonen izeneko eskultore gazte batek gogora ekarri zuen  Kalebalaren doinua. Hori dela eta, Azoulayk premia handiko iritzi zion  etnografian funtsezkoak diren dokumentu asko fonogramen bidez betiko  gorderik edukitzeari.

Siriako arabiarrek, kristauek eta judutarrek egindako kantu bitxienetariko bat  ere eskuratu zuen. Itxura denez, bakeak egiteko kantua zen: inork beste inorekin berradiskidetu nahi bazuen, bigarren horrengana jo behar zuen, kantuan jo ere. Bigarren horrek ere berradiskidetu nahi bazuen, berak ere kantatu egin beharko zuen, bere txanda iritsita. Horrela, segituan egingo zituzten bakeak. Kantu hori eta gisa honetako ohiturak oso zaharrak dira. Oso litekeena da leku guztietan horrelako zerbaiten zantzuren batek bizirik irautea.

Fonografo batean edo bitan oihuak bildu zituzten. Alaitasuna, mina, maitasuna eta gisa horretarako sentimenduak adierazten zituzten. Tartean gudarako deiren bat ere bazegoen.

Zenbait ipuin ere inguratu zituen, baina ezin izan ziren osorik grabatu, luzeegiak nonbait. Gainera, norbanako zibilizatu gutxik hitz egin nahi zuten fonografo aurrean. Aspertu egiten ziren. Zibilizatugabeek, berriz, ez zekiten ipuin askorik.

Ez zituzten bildu ez sorginkeriarik, ez sermoirik, ezta hitzaldirik ere. Ahaleginak eta bi egin omen zituzten elkarrizketak grabatzeko, baina oso gaitza gertatu zitzaien, bai arrazoi teknikoengatik, bai fonografiatugaiengatik berengatik. Jendeak eskuarki ez zuen jakiten zertaz hitz egin fonografo aurrean. Parisera egindako bidaia hura eta erakusketa bera ematen zieten mintzagaitzat, dena ere diosalez, irribarrez eta hitz gozoz apainduz. Hala ere, emaitzak askoz ere hobeak izan zitezkeen, beharbada, euren herrian egonda eta Azoulayk euren hizkuntza ondo jakin izan balu.

Musika-ekitaldiak ere grabatu ahal izan omen zituen Azoulayk. Gainontzeko fonogramak bezain eskuragaitz gertatu zitzaizkion: Azoulayk berak joan behar izan zuen edozein musika-tresna jotzen zuen jendearen bila. Haize-instrumentuen grabaketen kalitatea soka-instrumentuez egindakoa baino askoz hobea zen. Ondoko herrietako musika instrumentala fonografiatu zen: Bosnia- Hertzegovina, Japonia, Vietnam, Iran, Tunis eta Bretainia.

Kantu horietako batzuk Azoulayren emazteak transkribatu zituen. Azoulayk horretan ez zuen jaso inongo musikazale adituren laguntzarik. Gaur egungo musikariek ederki asko baloratuko zuten musika-fonograma guztiak transkribatu izan balira.

Lanaren alderdi teknikoaz jardungo dut orain. Gehienetan zaila izaten zen inorengandik grabaziorik lortzea, non eta ez zuen bere herrialdeko taldeburuak horretarako agindua ematen. Horrelakorik ezean, fonografiatugaiak hitz onez konbentzitzen saiatzen zen Azoulay. Prozedura horrek zenbaitetan kale egiten zuenez, batzuei abisurik eman gabe eginarazi zizkien fonogramak; eta besteren
batzuei, berriz, dirua eman behar izan zien, laguntzaren ordainetan.

Jende ikasia oro har gertu egoten zen gramofono aurrean hitz egiteko, ikerlanaren helburua jakin bezain laster. Zibilizatugabeek atsegin handia hartzen zuten grabaketetan parte hartuz. Erdi zibilizatuak izaten ziren uzkurrenak horretan. Pentsatzekoa denez, zaila baino zailagoa zen emakumerik konbentzitzea lan horretan laguntzeko.

Fonografiatugaiak lortzeko, komeni zen aurrez nori bere herriko fonogramak entzunaraztea, hala nola, grabatutako kantuak, musika eta, ahal bazen, hizketaldiren bat. Oso gutxik eusten zioten zerbait grabatzeko tentazioari, batez ere esaten bazitzaien nola lortu zituzten fonograma haiek. Gainera, fonografiatuek euren izen-deiturak eman zitzaketenez, batzuek uste zuten eurek, euren herriek eta euren hizkuntzek aintza eta ohore handia jasoko zutela. Pentsamolde horretakoak ziren, esaterako, ijitoak, irandarrak eta batik bat euren herriaren independentziaren alde borrokan ari zirenak. Fonogramak eskuratzeko aukerak ugaltzen ziren baldin eta aurrez entzundako grabaketen transkribaketa erakusten bazieten, edo haien hizkuntzan edo haiek ezagutzen zuten hizkuntzaren batean mintzatzen bazitzaien. Labur esanda, Azoulayk kale-saltzaileen modura ibili behar izan zuen. Europako, Asiako eta Afrikako iparraldeko erdi zibilizatuekin, horratik, prozedura horiek ere ez zuten inolako arrakastarik. Izan ere, kobratu ere egin nahi zuten euren laguntzarengatik; ezin zuten sinetsi europar batek doan lan egin zezakeela. Kasu horretan, tratu bat egin behar zen eurekin, eta lana guztiz bukatu arte ez ordaindu. Bidezkoa zen liberaren batzuk ematea fonografiatuari, lanak denbora asko kentzen bazion. Begien bistakoa zen onena zela ezertan hasi aurretik diru kopuru jakin bat zehaztea; halaxe jokatu omen zuten Hungarian Vikar jaunaren bildumari erantsitako herri-kantuen fonogramak erdiesteko: hamarna libera ordaindu zituzten fonografoon truke. Azoulayren iritziz, bera ere horrela aritu izan balitz, askoz ere grabazio gehiago egingo zituen. Baina Société d ́antropologie de Paris delakoak emandako diruaz materiala baizik ezin izan zuten erosi. Trocadero plazan pabilioi txukun bat izan bazuten, ekimena askoz arrakastatsuagoa izan omen zen. Publizitateak erakarrita, askoz ere jende gehiago inguratuko zitzaion Azoulayri. Baina horrelakorik ez, eta batetik bestera ibili behar izan omen zuen, grabatzeko tramankulu guztiak aldean  zeramatzala. Azoulayk berak dioskunez, zientzialariak bainoago merkatariak  ziruditen, emanak zizkioten gomendio-agiriak gorabehera.

Hona nola egiten zituen grabazioak: Azoulay bera hasten zen, itxurak egiten zituen gramofono aurrean benetan hizketan edo kantuan arituko balitz bezala. Horrelaxe erakutsi nahi zien fonografiatugaiei nola jokatu behar zuten korneta edo tutu akustiko aurrean egonda, baita ahotsa nola erabili behar zuten ere. Azoulayk bere ahotsa fonografiatzen zuen arrabol batean, erritmoa eta ahotsaren ñabardurak jakiteko. Jokamolde hori behar-beharrezkoa zen, fonogramak onak lortuko baziren. Korneta oso gutxitan erabili zuten, hain zuzen ere, oso gaitza zelako fonografoa inoren ahoaren aurrean jartzea. Gainera, tramankuluak oso astunak ziren egunero euren garraioan ibiltzeko. Kanpoko zaratatik ere ezin izango zen babestu, korneta paratuta. Hasiera-hasieratik ohartu ziren askoz erosoagoa zela tutu akustiko malgua, eta gainera, fonetikaren ikuspegitik, askoz etekin handiagoa atera zekiokeela. Tutuaren pabilioiari kautxuzko botoi batez hornitutako makila zentimetratu bat erantsi zioten. Fonografiatuaren ahotsaren batez besteko bolumenaren arabera eta diafragma grabatzailearen sentiberatasunari erreparatuta, gehiago edo gutxiago eragiten zioten makilari. Orduan kautxuzko botoia kokotsaren gaineko aldean ezartzen zuten, ezker edo eskuin eskuaz eusten zioten pabilioiari. Gero, tresna gora eta behera eramaten zuten kokotsean zehar, ahotsa jaitsi edo igo behar zen kontuan izanda. Prozedura horri jarraiki lortu zituzten emaitzarik onenak. Gaixotasunik kutsa ez zedin, erabili orduko kautxuzko botoia eta pabilioiaren barrualdia garbitzen ziren koloniako urez eta mendazko alkoholez. Botoia Joseph paperez5 eta kotoiz bilduta zegoen, eta erabilaldi bakoitzaren ondoren deusezten zuten.

Baten batzuk ez ziren oso gustura sentitzen korneta kokotsean zebilkiela. Baina, oro har, jendeak ondo eutsi zien langintza hark ekarri zizkien endredo guztiei. Bestelako tutuak eta kornetak asmatu beharko zituzten, aurpegiak eta fonazio-organoek zailtasun gutxiago izan zezaten mugimendurik egiteko, eta automatikoki intonazioaren arabera ibil zitezen, alegia, beheko masailezurraren jaitsiera kontuan har zezaten.

Hizkuntza edo grabatutako zatia interesgarriak baziren, komeni zen fonogramaren kopia egitea, jatorrizkoa bikaina izanagatik. Nolanahi ere, fonetikaren bi fonograma egin behar zituzten, fonograma bakoitzean bildutako silaba-kopurua berrehun ingurukoa zelako. Gainera, oso litekeena zen hizketa-zati txiki horiek ulergaitzak izatea. Fonografiatu batzuei (zibilizatu gabekoei batik bat) euren ahotsa entzuteak denetariko sentsazioak eragiten zizkien: atsegina, miresmena, izua, erlijioari lotutako beldurra, baita txundidura ere. Sarritan Azoulayk lasaitu behar izaten zituen eta geldirik egoteko eskatu, alde egin ez zezaten. Orobat, lagungarria zen grabazioa nola lortzen zen azaltzea, gainetik bazen ere. Mekanismoaren nondik norakoak jakinda, sorginkeriak eta gisako ergelkeriak desagertzen ziren fonografiatuen buruetatik. Gauzak horrela, inolako trabarik jarri gabe lotu ohi zitzaizkion lanari.

Erdi zibilizatuek traba handiak jartzen zituzten nortasun-orria betetzeko, poliziaren aurrean zeudela iruditzen zitzaielako. Hamaika azalpen eman behar zitzaizkien, Azoulayren eskariei men egin ziezaieten. Guztiz zibilizatuta eta zibilizatu gabe zeudenek, aldiz, oztoporik jarri gabe laguntzen zioten. Baina zibilizatu gabeek hainbat arazo izan ohi zituzten Azoulayri aditzeko.

Fonografiatuengandik argazki bana lortzea ere bazegoen, baina argibide gehiegi eskatuak zizkien nonbait. Areago, guztiak ere prest egongo ziren eurena emateko, guztiak, musulman batzuk izan ezik.

Fonograma entzuteak eragiten zien fonografiatuei zirrararik handiena. Hasi aurretik arrabolari hautsa kendu behar zitzaion. Fonogramak ondo zaintzea funtsezkoa zen: arrabolak ezin ziren leku beroetan edo hezeetan ipini. Gainera, arrazoi jakinik gabe ahultzen ziren fonogramak; arrasto sakonagoa egitea beste biderik ez zegoen.

Azoulayren iritziz, Parisko 1900eko erakusketan egindako bildumak argi utzi zuen museo fonografikoek garrantzi handia zutela, informazio ugari eman zigutelako hizkuntzei buruz. Esaterako, Azoulayk jasotako argibideetatik, besteak beste, hauexek azpimarratu zituen: Afrikako hizkuntza eranskorren hots kontsonantikoek ez zutela bat ere sendotasunik; hitzen eta esaldien  azentua eta doinua neurri handi batean hiztunaren gorabeheren araberakoak zirela, eta hizkuntza bateko sailen ezaugarri zirela; jende guztiak oharkabean bere hizkuntza dotoretu nahi zuela, fonografo aurrean hizketan hasi orduko; talde etniko baten musikan eta herri-kantuetan batasun handia zegoela, kantuak eta ariak era batekoak zein bestekoak izan.
 
____________________
 
1 Hona zazpi artikuluok:
– L ́ére nouvelle des sons et des bruits. Bulletins et mémories de la Société d ́antropologie de Paris, 1900, 172-178.
– Sur la constitution d ́un musée phonographique. Bulletins et mémories de la Société d ́antropologie de Paris, 1900, 222-226.
– Proposition. Bulletins et mémories de la Société d ́antropologie de Paris, 1900, 346.
– Collection phonographique. Bulletins et mémories de la Société d ́antropologie de Paris, 1900, 419-422.
– Sur la manìere, dont a été constitué le musée phonographique de la société d ́antropologie. Bulletins et mémories de la Société d ́antropologie de Paris, 1901, 305-320.
– Le musée phonographique de la société d ́antropologie. Bulletins et mémories de la Société d ́antropologie de Paris, 1901, 327-330.
– Musée phonographique. Bulletins et mémories de la Société d ́anthropologie de Paris, 1903, 536. orrialdetik aurrera. Azoulay, L.
2 Hona bi artikuluok:
– Résumé de F. Oloriz: Distribution de l ́indice céphalometrique en Espagne. Bulletins de la Société d ́Antropologie de Paris, 1894, V (4 ser.), 520-524.
– Résumé de T. de Aranzadi: Le peuple basque. Etude d ́anthropologie. Bulletins de la Société d ́Antropologie de Paris, 1894, V (4 ser.), 510-519.
3 Sur la manìere, dont a été constitué le musée phonographique de la société d ́antropologie. Bulletins et mémories de la Société d ́antropologie de Paris, 1901, 305-320.
4 Sartera: Asiako erdialdean hitz egiten den hizkuntza.
5 Joseph papera: oihal fin eta gardenez egindako papera.
botoia1

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago