Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 Easo Ederra

Iraitz legarra
Argazkia: Iraitz Legarra

Seko geratzen naiz edertasunak jotzen nauenean.

Beste egunean gertatu zitzaidan, Donostian,

Easo Ederraren bihotzean,

arratseko seiak zirela,

Kontxa ondoko barandilara hurreratu ginela.

Oraindik bizirik koloreak,

hondarra azal homogeneo arrea,

bikote oinutsak arrastoa marrazten,

olatuak mehe-mehe hare bustian galtzen,

emozio zaleak padel surfean labaintzen,

jende saldoak paseatzen,

biseradun artistak hondar bazterrean ametsak gorpuzten,

Santa Klara irla irmo, badia zaintzen;

ur masa neurrigabea otzan, leun,

marra urrunean zeru oskarbi urdinari musu eternoa ematen.

Eta badoa eguzkia, apurka-apurka, aristen artean ezkutatzen,

garrasi gorriz eguna agurtzen…

Eta koloreak, xume-xume, zuri-beltzetara itzultzen,

hondarra nolanahiko forma eta hutsunez janzten,

mamu errariak oinutsik harea zigilatzen,

olatuak dimentsio bakarreko puxika grisak, lehertu arte puzten,

surflariak kontrasteen dantzalekuan jostatzen,

itzal ilara lausoak han eta hemen,

artisten irudi espektralak ainubetik esnatzen,

Santa Klara irlaren profil soila, belzturan desegiten;

itsasoa berunezko mahaigain lakarra,

zerua odolgorritutako larruazal nabarra.

Barandila utzi eta jendartearen zurrunbiloan desagertu gara.

Argi artifizialak nonahi, iskanbila;

eguzkiaren azken errainuak mendi atzean ahitzen, atseden bila.

Ilunperik gabeko ilunpean Easo Ederra, Easo baino ez da.

Iraitz Legarra
Idazle Eskola 2021-2022

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago