Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
garaita_16.gif
 SENDAKETA
Sendaketa egiten ari nintzaiola hurbiletik ikusi nion gorputza. Aldaketen abiadaraz jabetu nintzen. Zauriak desestali eta kotoiez iodoa jartzen nion ateratako pustuletan. Egarriz bezala xurgatzen zuten likido horia. Oilaurren azpian ezkerreko bularralde lautua horizontalean gurutzatzen zion orbaina antzeman zitekeen, besaperaino; bestaldean bularraren memoria amorfoa zuen. Maha eta mahaspasa zekarzkidan burura.

Mokorrak agerian zituen; baita pelbis aldeko hezurraldearen irtenune eta sartuneak ere. Ziluetak barrura egiten zion sahiespean, eta tripaldean garai baten mamia estaltzen zuen azala ikusten zitzaion zintzilik, gorputz berrira moldatzeke, bere lekura itzultzeko malgutasun nahikoa izan ez balu bezala. Armazoiaren hauskortasuna sentitu nuen; sorbalda estuak, mehearen mehez behar baino luzeago ageri ziren besoak, inoiz baino delikatuago ziruditen eskuen dotoretasun berria.

Krema ematen hasi nintzaion, zango, iztar eta oinetan. Asko sikatzen zitzaion azala aspaldian. Bi eskuez iztarren zirkunferentzia osoa har nezakeen. Azala makartu zitzaiola nabaritu nuen. Leunagoa zen, guztiz ilegabea, eta gogoko nuen ikutzea, batez ere esku gainetan. Erretzeko paperaren modura, zainak ikusten uzten zituen azalak. Banekien sakatuz gero zauriak irekiko zitzaizkiola. Emekiago jarraitu nuen.

Aurpegira begiratu nion. Eskeletoaren txikitasunak garezurraren tamaina nabarmentzen zuen. Begiei dizdira berezia zerien. Bai, inoiz baino biziago ageri ziren morfinaz txikituriko begi ninien ostean. Arkatzez margoturiko bekainek azal larutuaren ahulezia indartzen zuten. Ezpainetan markatxo marroizkak zituela ohartu nintzen, oreztaz bete balitzaizkio bezala.
garaita_17.gif

Usain esterilizatua somatu nuen orduan, botiketan egon ohi denaren tankerakoa; gorputzak usainak sortzeari utzi ziola pentsatu nuen, behinola apetitua eragiteari utzi zion lez. Hobe horrela, ustela arnasean sentitzea jasanezina litzaidake.

Ahotsa indarge, bolumenean aldaketa nabaririk egin gabe agertzen zituen emozioak: barre itoak, bisaia serioak, begi dirdaitsuak, isiltasun luzeak, arnas ozenak.

Haserre begirakunea eman zidan bat-batean, hortzak indarrez estutu zituen; pustula bat altxa eta odoletan hasi zitzaion. Kotoia jarri nion odol jarioari eusteko.

Geroztik ez nintzen lasai egon; banekien ez neukala denbora askorik; Laura bazihoan, gorputz usteldua abandonatzeko atzera bueltarik gabeko bidean. Egia esan behar nion, beranduegi izan baino lehen. Beste inork ez, baina Laurak merezi zuen egia jakitea. Sekula ez zidan galdera gehiegirik egin; ez ezer susmatzen zuelako, baizik eta ez niolako inongo duda izpirik sorrarazten. Eta hori miresgarria iruditzen zitzaidan. Orain ez da agian hain deigarria, baina Laura ezagutu nuenean ez zegoen kanpotar askorik Arraxolan, are gutxiago errusiarrik; neu bakarra eta faltsua. Hasiera hasieratik onartu eta maitatu ninduen. Jakina, egiten zizkidan batzuetan nire iraganari buruzko galderak; emaztea nuen izan ere, eta tratu humano guztiek eskatzen dute nolabaiteko informazio elkartruke bat. Dena den, ez zidan buruhauste gehiegirik eragin galderei erantzuteak, hasieran ez behintzat. Gero etorri ziren etortzekoak, kontatutako gezurrek asmakizun berriak eskatzen zituztelako. Azken batean, nire iragan osoa berreraiki behar izan nuen.

Ez nekien baina nola kontatu Laurari, eta ezin nuen kontua burutik kendu. Jateari ere utzi nion. Ardoa barra-barra edaten nuen, ezpain eta hortzak belztu artean, eta loa ere galdu nuen. Kafea, nikotina eta alkohola izan nituen bide-lagun sasoi haietan. Laurak arduraz begiratzen ninduen, baina egia esan, nahikoa zuen berearekin. Gaixotasun madarikatu hark egunetik egunera jaten zion gorputza, okela jaten duen bitartean hezurrak triskatzeko irrikaz dagoen piztiak bezala. Ametsgaiztoz tindatu zitzaizkidan gauak. Gauerogauero, faltarik gabe, irudi bera: Lauraren gorpua izara marroi artean. Ezin nuen jasan Laura engainatuta ikusterik. Orduan ere, nire ardurak eta egonezina beragatik zirela pentsatzen zuen, zinez maite nuelako eta bere heriotza onartezina zitzaidalako. Nigatik kezkatzen bazen ere, uste dut, plazent zitzaiola hori pentsatzea. Beti esaten zuen ni eta morfinazko partxeak ginela bere bi maitasunak; morfina lehenengoa eta ni bigarrena esaten zidan txantxetan. Doilor sentitzen nintzen benetan. Nik bai, maite nuen Laura, baina egonezina ez zitzaion maitasunari zor, erruari baino. Erru hura barruan geratuz gero zer gertatuko ote zitzaidan beldur nintzen, betirako gauak izorratuko zizkidaten mahumen beldur, ardoaren adikziotik ihes egiteko ezintasunaren beldur.

Lehergailu baten erlojua aldean banu bezala sentitzen nuen denbora; tik-tak tik-tak, atzeraka, heriotzerarte. Nola esan hainbeste urtean meazte nuenari, ni ez nintzela ni, baizik eta beste norbait, eta bera zela nire koartada perfektua. Ez zen ez, samurra izanen. Noiz esan? Intimitate momentu batean, sendaketa egiterakoan esaterako, edo mahaian eseri behar nuen garrantzizko konfesio bat egin behar niola iragarriz. Eta nola hasi? Ni ez naiz Andrei Lebatov, nire izena Klaus Jostein da eta alemaniarra naiz izatez. Ama nuen errusiarra. Ez zegoen ez, esateko modu egokirik, desegokia baitzen unea, eta deserosoa esan beharrekoa. Kontua lehenbailen esatea zen; astia zen falta zitzaidana.
garaita_17_1.gif

Goiz batez Lauraren arnasestuak iratzarri ninduen; nekez har zezakeen arnasa. Kotxea hartu eta atoan eraman nuen hospitalera, ez zegoen zereginik. Birikak zituen hartuta. Ordu edo egun kontua zen. Mina morfinaz baretzea baino ez. Kristalezko begiez egiten zidan adio. Esan nahi nion, baina eztarria trabatuta. Ondoan egon nintzen uneoro bi gau eta egunez. Marianek (Lauraren ahizpak) etxera joateko esaten zidan, dutxa bat hartu eta lo piskat egiteko, baina ez nuen gura. Hantxe adi, nire sekretuaz liberatzeko beta noiz helduko. Beta, jakina, ez zen sekula iritsi. Zain egon zintzen azken-azkenerarte eta azkenean, kaka. Erizainari deitu nion arnasestuak ozenago bihurtu zirelako. Begiak, morfinazko lozorrotik supituki salto egin, eta teilatuan iltzatu zitzaizkion. Orain bai, pentsatu nuen. Ni ez naiz Andrei Lebatov esan nion, nire izena Klaus Jostein da. Coloniakoa naiz izatez, alemaniarra. Printze errusiarrik ez beraz laztana, sentitzen dut, eta barkatu, eta ez joan, eta maite zaitut, eta etorri nire  ondora eta ez zaitut ahaztuko eta printzesa eta eskerrikasko eta... Hilketarena ere aitatu nion baina uste dut bere begiak joanak zirela ordurako; gogoak alde egin zion konbultsioak, pustulak, begizuloak, azala eta hezurrak utzita izara izerdituetan. Erizainak Valium bat eskaini zidan.
Araitz Garaita

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago