Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 
   
AMET

Mila bederatzirehun eta hogeita hamalauko ekanaren 28an izan zuen lehenbizikoz amets hura, hamar urte betetzen zituen egunean. Ametsean ume esku bat agertu zen behatzetan luma bat zuela. Haren aurrean nobela bat, nobela lodi bat, orri guztiak zuri zituela. Eskua poliki-poliki mugitzen hasi zen, marraz marra, letraz letra, hitzez hitz, lehen orriak betetzen, ehungarrenera iritsi arte. Hogei eta hogeita hamar urte bete zituenean ametsa errepikatu egin zen. Ia orri guztiak txuriz zituen nobela lodi bat eta gazte esku bat behatzetan zuela berrehun eta hiruehungarren orrira iritsi arte zerbait idazten. Baina bazen amets haiek bereizten zituen zerbait. Ezin zuen ikusi, baina sentitu, sentitzen zuen.

Berrogei eta berrogeita hamar urte bete zitueneko ametsekin jakin zuen zer zen hainbeste larritzen zuen hura. Ez zen ametsean gertatzen zena, ez, hura nahiko berdintsua baitzen amets guztietan. Nobela lodi bat, pertsona heldu baten eskua behatzean luma bat duela ehun orri gehiago betetzen, laurehun eta bostehunera iritsi arte. Erritmoa!! Bai, diferentzia erritmoan zegoen. Lehen amets hartan eskuak oso poliki idazten zuen eta orriak pixkanaka pasatzen ziren aurrera. Gainera, aurrera azkarrago jarraitzeko desioa sentitzen zuen, jakin-mina. Hogei eta hogeita hamar urte betetzean, eskuak ez zuen jada hain poliki idazten eta orriak ere ez ziren hain astiro pasatzen. Orrietan aurrera jarraitzeko gogoak ere bertan jarraitzen zuen, baina presaren desioa ez zen horren nabarmena. Hurrengo bi ametsetan eskua azkarregi idazten hasia ez ote zelako susmoa izan zuen. Orriak pasa eta pasa, amets hura gero eta motzagoa iruditzen zitzaion. Gainera, gehiago ziren idatzirik zeuden orriak hutsik geratzen zirenak baino. Horrek larritu zuen, baina azken orriaren zenbakia begiratzen saiatu zenean, aurrekotan bezala, ametsa bukatu zen. Ximurtzen hasitako esku batek ziztu bizian bete zituen ehun orri 60. urtebetetze egunean. Ametsean orriren batzuk atzera bueltatzen saiatu zen, gauzak berridazten, baina alferrik zen. Orriak bakarrik aurreruntz pasa zitezkeen eta behin zerbait idatzi ondoren, betiko geratzen zen orri madarikatu haietan. Bigarrengoz ere ezin zituen gauzak irakurri, oroitzapenak ziren aurreko orrietakoa berrikusteko modu bakarra.

Ximurrez gain dardar batzuk izanagatik ere, hurrengo ametsean ez zen idazketa abiadura jaitsi. 70 urte betetzen zitueneko amets hartan, ordea, beste guztietan gertatu ez zena gertatu zen. Lehenbizikoz, ametsa ez zen bukatu azken orriko zenbakia ikusten saiatu zenean. Zazpirehun eta laurogeita bi.

2004ko maiatzaren 20a ez zen bere urtebetetze eguna. Egun arrunt bat zen, edo hala izan zen behintzat gaua iritsi arte. Orduan, arrautz frijitu parea eta patata frijituak prestatu zituen afaltzeko, bere afaririk gustukoena. Bere adinekoei gertatu ohi zaiena, berari ere lo hartzea kostatu ohi zitzaion. Horregatik, berde koloreko pastila horietako pare bat ahoan sartu eta ur pixka batez lagunduta irentsi zituen. Bukatzeko, ohean sartu zen.

Gaueko ordu biak aldera, eskua nobela ireki eta idazten hasi zen. Hasieran azkar, motelago ondoren, gero eta idazkera dotoreagoaz. Amets hartako 81. orria bete eta pasatu zuenean, 782. orriarekin egin zuen topo, eta haren eskuinean liburu-azala. Eskuak gero eta mantsoago idazten jarraitu zuen, hitzez hitz, letraz letra, marraz marra, orriaren erdialde inguruan, iraganeko aditz baten ondoren puntua jarri zuen arte.

Amet-entzat bizitzako egunik zoriontsuena izan da gaurkoa. Zailtasunak zailtasun, bere guraso eta anai-arreba guztiak bildu dira gaur Bagdad-eko bere etxe zaharrean. Gauzak dauden bezala, ez da erraza gaur egun familia osoa biltzea, baina Amet etxeko txikiena da eta hamar urte ez dira egunero betetzen. Une batez urduritasuna zabaldu da etxean, bonba hotsak entzun baitira anaietako bat artean iritsi gabe zenean. Baina azkenean denak bildu dira eta horrexegatik eskerrak eman dizkio Ala-ri oheratu denean. Eskerrak eman dizkio familiako guztiak bizirik direlako eta hala jarrai dezatela eskatu dio urtebetetzeko opari gisa.

Eguneko zoriontasuna dela eta, kostata izan bada ere, azkenean loak gainditu du Amet. Orduan ametsetan hasi da eta ume baten esku bat agertu da behatzetan punta gutxiko arkatz bat duela. Haren aurrean, dena zuriz, ehun orri eskaseko ipuin labur bat.

Iñaki Albisua Goñi