Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
noriega_18.png

 

Amodiozko gutuna
Kaixo maitea!
Zer moduz? Aspalditik elkarren berri izan gabe… Badakizu zergatik idazten dizudan, ezta? Bai, horixe da: gure ezkontzaren urtemuga, hamar urte ezkondu ginela… 10 urte dagoeneko! Zenbat gauza gertatu zaigun harrezkero, ezta?

Ezin dut egun hura ahaztu. Bi egun lehenago elurra egin bazuen ere, eguraldi eguzkitsua atera zitzaigun. Pozik geunden, ilusionaturik. Nik esango nuke zoriontsuak ginela elkarrekin proiektu bat hasteagatik… Eta ondo joan zitzaigula esan daiteke… Berehala ohitu ginen elkarrekin bizitzen, elkarri neurria hartzen… Zein atsegina zen lanetik ateratzea eta etxera bueltatzea jakinda norbait –zu- zain nuela….!

Gu bion arteko harremana sendoa zenez, hurrengo urratsa ematea erabaki genuen: mundu honetara, biok eraiki genuen mundu honetara, umetxo bat ekartzea, gure maitasunaren adierazgarri. Horrela heldu zen Ane. Zuk ordu luzeak erditzen eman ondoren, bere negar-oihuekin adierazi zigun hemen zegoela.

Ezin ginen zoriontsuagoak izan: gu biok eta gure alaba; ez genuen beste ezeren beharrik… Edo agian bai, behintzat nik… Horregatik sartu nuen hanka eta ordura arte bion artean eraiki genuen guztia galdu egin nuen, mozkortuta zaudenean etxeko giltzak gal ditzakezun bezala: oharkabean…

Nire hanka sartzeagatik niregandik banatzea erabaki zenuen. Min handia egin zidan zure erabaki horrek. Bihotzean labana sartu zenidan. Ez dizut inoiz barkatu hori. Nola barkatuko dizut zure ondotik urrunaraztea? Dena den, ni zure maitasuna behin eta berriro berreskuratzen saiatu nintzen. Alferrik, ordea! Zu ezezagun bihurtu zinen: hotz, urrun, zakar jokatzen zenuen nirekin. Zergatik aldaketa hori? Egin nuenagatik? Denok huts egin dezakegu noiz edo noiz… Baina, barkatzen jakin behar da…

Oso txarto pasarazi zenidan zure jarrera horrekin. Errudun sentiarazi ninduzun. Zuregandik banatutakoan, infernua ezagutu nuen: galduta nengoen, ez nekien zer egin, nola bete denbora, nora jo, norekin hitz egin… Iparra galdu nuen eta ez nuen nork lagundu.

Dakizunez, autoz bidaia luzeak egiten hasi nintzen, norabide jakinik gabe, agian galdutako ipar horren bila. Eta, zuk ondo dakizunez, bidaia horietako batean, gau ilun, hotz eta lainotsu batean, bizia galdu nuen errepidean…

Dena den, laztana, arrazoia duzu eta nik ere ez dakit barkatzen… Hemen naukazu, maitea, badakizu non, zuretzat espresuki prestatu dudan infernu honetan, zure zain. Izan ere, badakit laster etorriko zarela eta, horrexegatik, galdutako poza eta itxaropena berreskuratu dut. Laster izango zara nirekin, nire ondoan, eta oraingo honetan betiko. Datozen ezkontza-urtemuga guztiak elkarrekin ospatu ahal izango ditugu…. Zein pozik nagoen! Zu ez, laztana?

Oso laster arte, maitea. Musutxuak.

Zure senarra
Maku Noriega

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago