Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 
pdf  
 
MARDI 
Izerditan, sabaiari begira, izara artean. Sareten artetik eguzki izpi bakan batzuk logelaren  iluntasuna zeharkatzen zitean. Sudurra butxatuta huen eta gelan zegoen tabako eta kalimotxo usaina ez huen usnatzen. “Son las diez de este soleado domingo de invierno. ¡Que disfruten de este día!”, esan zuen irratitik emakumezko ahots fin eta alai batek sintonia erritmiko bizi batez lagunduta. Bihotzean huen lantua eutsi nahian indarrez ixten huen ahoa. Aho lehorra. Malkoak masailetik behera erortzen zitzaizkian kuxina busti arte.Ez huen negar egin nahi. Ez huen ahula izan nahi. Malko bakoitzak hire apalkuntza areagotzen zian. Baino ez hion negar egiteari utzi, eta ez hion utziko, patuak Olatz hire bizitzatik aldendu zian arte.

Gau hartan ikusitakoa burutik kendu ezinik henbilen. Olatz Mardi tabernako eskailerak gora igotzen, mutil ezezagun batekin, eskutik helduta, irribarrez, ferekatzen, zoriontsu, eta nahiko berotuta. Atera zituan tabernatik. Hire kubatari zurrutada eman hion. Azulurdineko errepidea zeharkatu eta frontoi aldera egingo zutela pentsatu huen. Ez hintzen oker ibiliko, toki aproposa duk larrua jotzeko. Etxera iritsi hintzenean goizeko seiak zituan. Gau ederra izan zela pentsatu huen, edo pentsatu nahi huen. Baina ohean sartu hintzenean ezin Olatz eta mutilaren irudia burutik kendu. Behin eta berriro, Olatz Mardi tabernako eskailerak gora igotzen, mutil ezezagun batekin, eskutik helduta, irribarrez, ferekatzen, zoriontsu, eta nahiko berotuta. Atera zituan tabernatik, irribarrez, atera zituan tabernatik, zoriontsu, behin eta berriro, eta nahiko berotuta. Ezin burutik kendu. Behin eta berriro.
  mardi1.gif

Gogoratzen al haiz, hiru hilabete lehenago, arratsalde pasa Donostiara joan zinetenean? Urtarrileko ostiral hotz eta haizetsu bat zuan. Aurpegiak gorri-gorri zenituzten, hotzez minduta. Bakarrik zeundeten, ilunpetan, Haizearen Orrazian. Hire gorputza Olatzerengana zuzenduta zegoan, Olatzena itsasorantz. Irri nerbioso, hiru zigarreta, eta elkarrizketa hutsal batzuen ostean bihotza zabaldu hion. Irribarre lotsatia egin zian. Lotsa, errukia, poza eta sasi sorpresa nahasten zitian irribarrea. Sasi sorpresa, bai. Ez duk Einstein izan behar horrelakoak aurreikusteko. Lotsa gutxi behar duk ordea behin aurreikusita aurrera jarraitzeko; lotsa gutxi, eta lotsagabekeriak txintik esan gabe onartzen dituen inuzente bat.

-Asko maite zaitut... baina... ez nago seguru Gorka. Denbora behar dut.- Izan zuan bere erantzuna.

Ordu beteko bidea trenez, Donostiatik Azulurdinera; hitzik esan gabe egin zenuten. Eten zuan zuen arteko komunikazioa, betiko.

Hala ere, asteazkenero liburutegira joaten jarraitu zenuten ezer gertatu ez balitz bezala. Hi apur bat serio egongo hintzen, liburutegiaren barreneko bazter batean zegoen mahai handian eserita, elkarren ondoan, ikasleek Bic boligrafoekin egindako markaz betetako mahai zaharrean. Matematikako liburua irekitzerakoan, Olatzen larruazala sentitu nahian, ukondoarekin, disimuluan, bere besoa bilatzen huen. Olatzek, disimuluan honek ere, hire ukondo alboan zuen besoa luzatuko zian memento horretan borragoma hartzeko, kontaktua saihestuz. Matematikako liburuko orriak pasatzen, trigonometriako ariketak irakurtzen, bere hatsa hire lepoan sentitzearekin amets egiten huen, bere bihotzaren taupadak hire bularraren kontra sentitzearekin. Ez huen inoiz nahikoa adorerik izan buruan herabilkien gaia bigarren aldiz bekoz beko galdetzeko. Koldar jokatu huen. Jokatzen dakian modu bakarrean. Batxilerra bukatu zenutenean hi Donostiara joan hintzen ikasketekin jarraitzera, bera, Iruñara; eskerrak! Pena pixka bat ematen hasia hintzen jada. 

Urteak igaro zituan eta pentsatu huen Olatzena aspaldiko kontua zela, dagoeneko berdin zitzaiala. Zarautzen, Euskal Jaietan, lepo zegoan taberna batetan elkarrekin topo egin zenutenean mutu geratu hintzen ordea. Bera irribarretsu zegoan, bi musu eman zizkian. Hire koadrilako batzuengatik galdetu baino lehenago, eta unibertsitateko ikasketei buruz jardun ostean, ea zer moduz ligeak galdetu zian, eta hik ez huela ligerik erantzun hion, eta berak baietz, berari hori esan diotela, eta hik ezetz eta ezetz. Zergatik ez hion esan egia? Zergatik ez hion esan badirela hiru hilabete neska batekin hasi haizela? Zergatik umiliatu huen hire burua berriro?

Pasatu dituk urteak eta orain ere seguru hago Olatz nerabezaroko anekdota bat besterik ez dela. Gauza asko gertatu dituk harrezkero, maite duan emazte bat, seme- alabak, negozioa... Aspaldiko eta garrantzirik gabeko kontua duk Olatzena. Dagoeneko ez haiz bere izenaz gogoratzen, edo hori uste nahi duk. Baino berriro ikusiko bahu, dudarik gabe, berriro jarriko hintzateke lau hankatan atzealdea miazkatzeko prest.