Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 
 
HOLZHAUSER STRASSE 
Holzhauser Strasse. Einsteigen bitte. Ateak irekitzen dira. Absteigen bitte. Ateak ixten dira. Pi, pi, pi, pi! Entzuten da bozgorailutik. Geltokiaren  aurrean Justiz Vollzug Anstalt Tegel presondegia dago eta Ikerrek atzean utzi du.

Metroko leihoen kristalak ispiluak dira. Iker bere buruari so dago. 9:30tan Alt-Tegelen Azrarekin elkartzekoa da eta berandu dabil. Gaur, lau hilabete hauetan ez bezala, ez dio Veronikari 10:00etan deituko. Metroak bat-batean abiadura gutxitzen du. Ikerrek segundo batez oreka galdu eta pauso bat ematen du aurrerantz.

Borsigwerke. Einsteigen bitte. Ateak irekitzen dira. Absteigen bitte. Ateak ixten dira. Pi, pi, pi, pi! Metroak berriro abiadura hartzen du. Borgiswerketik Alt-Tegelerako bidea lurrazaletik egiten du metroak. Zementuzko etxe karratu aliniatu alienatuen artean argi deigarriz dekoratutako kontzesionario bat ikusten da leihotik, putetxe bat bailitzan. Laino artean, Alemaniako aluminiozko ilargi lausoa, txikia. Veronikarekin oroitzen da ikusten duen bakoitzean. Hala egin zioten promes elkarri Buen Pastorreko egurrezko bankuan, Donostian elkarrekin eman zuten azkeneko arratsaldean, eta halaxe egiten du Ikerrek.

Alt-Tegel. Endstation von die Linie U6. Absteigen bitte. Ateak ireki eta Iker bagoitik ateratzen da. Azra zain zegoen, Iker ikusi zuenean irribarre egin zuen. Praka bakero estu batzuk zituen. Ile beltza motots batean jasoa eta hortz zuriak. Fremdsprache Schulen ezagutu zuten elkar. Hiru muxu masailetan.

- Zer moduz?
- Ondo, ondo. Gosetuta. Eta zu?
- Ni ere. Urruti al dago grekoa?
- Ez, hementxe, metro batzuetara.
- Azkenean egin al duzu Kärstinek bidalitakoa?
- Bigarren ariketa bakarrik.

Afaldu ostean alboko Die Blaue Mond tabernara joan ziren. Becks batzuk edan zituzten zigarroa eskuan zutela.

- Ordu bata eta erdiak.- Azrak.
- Ez duzu astirik azkenengo U6a hartzeko.
- Non hartzen dira Nachtbusak?
- Hemendik bostehun metrotara baina Postdamer Platzera doaz denak.
- Ufa! Kreuzbergera joateko Postdamer Platzen beste bat hartu beharko nuke.

Ikerrek zigarroari zupada sakona ematen dio. Isiltasuna...

- Nire etxean logela bat libre dago. Nahi baduzu? Eta bihar akademiara batera joaten gara.
- Ados.-Erantzun zuen bat-batean Azrak bere hortz zuriak erakutsiz.
Ikerrek zigarro mutxikina bota eta beste West Light bat ateratzen du paketetik. Aspaldian sentitzen ez zuen zirrara sentitzen zuen Ikerrek.

Die Blaue Mondetik atera, trenbidea gurutzatu, eta Gorkistrassean barrena joan ziren biak. Azraren takoi hotsak kalean durundi egiten zuen, ez zegoen inor. Biak atzerritar Berlinen, galduta Babelen, bakarrik, biak ezberdin, biak berdin, biak konplize.
Eskua Azraren gerrira eraman zuen Ikerrek. Alemaniako aluminiozko ilargi luminezentea, zeruan, zelatan. Gerri biguna eta formaduna. Azrak gorputza Ikerrengana urreratzen du, elkarren beroa sentitzen dute.

Bolle Strassera iritsi ziren. Bigarrengo ataria zen Ikerrena, hirugarren pisua. Ez zegoen igogailurik. Etxe zaharra zen. Atera iristerakoan etxekoneko txakurra zaunkaka hasi zen.
 

Pisu txikia zen. Ikerren gelan ohe bat eta idazmahai bat zegoen. Idazmahaiaren gainean musika aparatu bat zegoen. Azpian, tiradera. Eta tiraderan, edaten hasiko ziren Bacardi botila. Ikerrek tabakoa atera zuen.

- Nahi?- Eskeni zion paketea Azrari. 

- Ez.

Lord Cossityren ragga CD bat ipini zuen. Hirugarrengo kanta iristerako, Assasins de la police, musukatzen ari ziren, biluzten. Ohe gainean bota ziren. Azra Ikerren gainean jarri zen. Biluzik. Titiak balantzaka. Lepoa atezu. Ilea solte, eta buruaren atzean, leihoa. Leihoan, ilargia. Ostia bat iluntasunaren erdian. Zuria, isurtzeke zegoen hazia bezain zuria. Sumindutako begi borobila. Ilargira begira korritu egin zen.

Holzhauser Strasse. Einsteigen bitte. Ateak irekitzen dira. Absteigen bitte. Ateak ixten dira. Pi, pi, pi, pi! Entzuten da bozgorailutik. Geltokiaren  aurrean Justiz Vollzug Anstalt Tegel presondegia dago eta Ikerrek atzean utzi du.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli