Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 BAKARDADEAREN  MENDE

Iratzargailuaren txirrin hotsa entzutea ez zen, neguko goiz goibel hartan, buruan mailukada bat jasotzea baino askoz hobea izan; norabidea galdurik, begiak irekitzeko ahalmenik gabe, loaldiaren bat-bateko etenak atsekabea sorrarazi zion Martini, ohetik besoa atera eta minutu erdi amaigabean oihuka aritu zen aparailu madarikatu hura itzaltzen zuen bitartean. Gau osoan zehar izarapeko berotasunak laztandu zuen gorputz hark gelako hotzaren ziztada nabaritu zuen, Martinek bi besoak luzatu eta ohetik irteteko keinua egin zuenean. Zutitu eta komunera bidean goizeko lehen pausoak ematearekin batera, egun berri bati nahitaez aurre egin behar ekidinezinaz jabetu zen.

Gela utzi baino lehen, Mariari egunon esan zion Martinek; han zegoen Maria, beti bezain alai eta irribarretsu, hondartzara eraman ohi zuen soineko gorriak bere aingeru gorputza estaltzen zuelarik. Argazki hartan bereziki eder eta distiratsu sentitzen zuen Martinek Maria, eta horregatik aukeratu zuen lau urte lehenagoko uztaileko arratsalde garbi batean parkeko bankuan Martinek berak bere maiteari ateratako argazki koloretsu hura oroitzapen iturri izango zen gau-mahaiko lagun. Atsekabe handia sorrarazten zion, ordea, lanerako bidea hartzearekin batera Maria gela ilun hartan bakarrik geratzen zela jakiteak. Martinek berak bakarrik uzten zuela jakiteak, alegia. Martinen bihotza eta gogoa uneoro Mariak betetzen zituen arren, Martinek bere maitea gela hartan bakarrik geratzen zeneko sentipena eramaten zuen bizkarrean, atsedenik gabeko gurutzbide luzean.

Goiz hartan ere, atzerabiderik gabe zahartzarora zihoan garai bateko gazte amestia ikusi zuen Martinek komuneko ispiluan; denboraren gurpilak zenbait amets egi bihurtu zizkion, baita egi bihurturiko beste hainbat azkenerako lokamuts bilakatu ere. Sukaldetik zetorren hizketa hotsak asaldatu egin zuen Martin. Ez zen bera, antza, ordurako ohea utzita etxean bueltaka zebilen bakarra. “Nor ote dabil, goizeko ordu hauetan, sukaldean?” pentsatu zuen begirada ispilutik aldendu gabe. Bere buruari galdera hau egiten zion bitartean ispiluan ikusi zuen harridura aurpegi xelebreak irribarre bat lapurtu zion. Pauso geldoz sukaldera hurbiltzen zihoala, bezperan egongelako landareak ureztatzea ahaztu zitzaiola ohartu zen.

Etxeko sukaldea garbi mantendu zalea zen Martin; gauza bakoitzak bere tokia zuen bertan. Sukaldeko atea gurutzatu eta zeharkako begirada azkar bat botatze hutsaz tresna, eltze, edo plateren bat lekuz kanpo zegoen konturatzeko trebetasuna garatu zuen Martinek urtetan zehar. Goiz hartan bere lekuan zegoen guztia, eta garbitasuna arnas zitekeen sukaldean sartzearekin batera. Ekialdera begira zegoen leihotik sukalde barnera argitasun apur bat sartzen zen arren, argia piztu zuen Martinek. Sukaldean ez zen inor ageri. Hizketa hotsa, ordea, entzun zuen Martinek, ziur zegoen horretaz, eta sukaldeko atetik burua atereaz korridorearen alde banatara luzatu zuen begirada. Bertan ere, inor ez. Sukalde barnera itzuli eta hizketaren jatorriari garrantzia kendu nahian, gosaria prestatzeari ekin zion. Laranja bat erditik zatitu eta zukugailuaren aurka zanpatu zuen.  Zaratatsua zen zukugailu hura, zaratatsuegia, baina laranjei euren onena ateratzeko gauza zen hainbatean; zukugailuaren ardatzak laranja erdi hura xahutzeko adina bira eman zituen Martinen bizitzak azken urteetan, eta mami gutxi geratzen zaion laranja erdi baten pare sentitzen zen aspalditik. Bizitzaren ardatzari itsatsirik emandako biren ondorioz laranja erdia bailitzan xahututako gizaseme nekatua zen Martin. Bizitzak zuku guztia erauzi zion.

Sukaldeko horman zintzilik zegoen ordulari salatariak etxetik irteteko agindua eman zion Martini kafesne beroz beteriko kikarari lehen zurrupada ematen zion bitartean; bat-bateko presa eta urduritasunak kikara erdi beterik uztera behartu zuen Martin. Etxetik sabela erdi hutsik zuela irtetea eguneroko kontua izanagatik ez zuen bereziki gustuko, eguerdira bidean barreneko zuloa nabarmentzen hasten zen unean batik bat.

Ataria igaro eta kalera irten zen Martin; zeruaren goibeltasun maila bertsukoa zen ordu haietan kaleek aurkezten zuten itxura. Egunsentian kosta egiten zitzaion herriari, antza, piztu eta iluntzean bezala taupadak egitea. Negua amaitu eta udaberriaren txanda noiz helduko zain zegoen Martin azken aste haietan, ez baitzen hezurretaraino sarturik zuen hotz hura uxatzeko gai. Eskuak poltsikoan sartu zituen bufanda gorriaz lepoa birritan inguratu ostean, kokotsa eta ahoa bufandaz sorturiko habiatxoan murgilaraziz. Kalea gurutzatu asmoz alde banatara begiratu zuenean ogitartekoa eta lan-jantzia zeraman zakutoaren pisua nabaritu zuen eskuin sorbaldatik tiraka. Semaforoaren esanetara jarri zen pareko autoen etengabeko joan-etorriak zorabio txiki bat sorrarazten ziola sumatu zuenean. Semaforoak kolorea aldatu arte itxaron zuen zebra-bidean aurrera egiteko, bere alboan zain egondako asko autoak gelditze hutsarekin kalea gurutzatzen hasi bazen ere.

Semaforoaren agindupean geldi zeuden kotxe marmartien begiradapean kalea gurutzatzen ari zela, utzi berri zuen espaloitik deika ari zen ahots bat entzun zuen Martinek. “Martin, Martin!”. Oihua lau haizetara zabaldu zen une batez. Hura berari zuzenduriko deia izan zitekeelakoan, geratu eta gorputza itzuli zuen. Bere atzetik kalea gurutzatzen ari zen jende uholdetxoak saihestu beharreko oztopo deserosotzat hartu zuen Martin une hartan, ibai baten erdian iltzatutako zubi zutoina bailitzan. Bera ez beste inork ez zuen deiari kasu egiteko keinurik egin. Lepoa luzatuz, begirada espaloira bideratu zuen, oihuaren jatorria ezagutu asmoz. Espaloian ez zen inor ageri. Segundo luze batzuk eman zituen zebra-bide erdian atzean utzitako espaloiari begira. Ordurako, bakarrik zegoen zebra-bidean, agortu zen jende errekastoa, igaro uholdetxoa, lasaitu zubi zutoina. Semaforoko oinezkoaren irudi berdearen dardarak kaleko egoera aldaketa berehalakoa zela nabarmendu zuen eta autoen marmarra zaratatsuagoa bilakatu zen gidari urduriak salatuz. Martin zebra-bide erdian zegoen oraindik, ordea, bertatik mugitzeko itxurazko asmorik gabe. Gidari baten deiadarrak eta autoen klaxon garrasiek esnarazi zuten Martin uneko bere lozorro hartatik, eta bestaldeko espaloira korri egin zuen autoen gurpilak orpoak urratzeraino hurbiltzen zitzaizkiolarik. Lanerako bideari ekin zion berriro, baina tarteka atzera begiratzen zuen, inor segika balu bezala, inor deika ari balitzaio bezala, zerbaiten beldur balego bezala. Neguko goiz goibel hartan sekulako hotza egiten zuela iruditu zitzaion Martini.

Egun osoko ahalegin gogorraren eraginez ahultasuna nabaritzen hasi zenean, lantegiko sirenaren uluak biziki poztu zuen Martin; goizez zein arratsaldez, hots berbera hedatzen zuen lantegian sirena zaharkitu hark, baina langileentzat esanahi zeharo ezberdina hartzen zuen unearen arabera. Goizeko uluak oinazearen hasera iragartzen zuen bitartean, arratsaldekoa gozagarri eta atsegina zen. Lan egiteak erakargarritasun mugatua zuen ordurako Martinentzat; aspaldi itzali zituen, aldaketarik gabeko urte luzetako jardun nekagarriak, bere gaztetako gogo, grina eta gurari mugagabe haiek.

Maria ikusteko irrika bizia sortu zitzaion Martini lantegiko sarrera erraldoia igarotzen zuen bitartean; Maria ikusi eta eguneko ordu politenak bere alboan emateko irrika. Ondo egongo al zen bere maitea? Ezeren beharra izango al zuen etxeko bakardadean? Mariaren irudi ederrenak osorik bete zion gogoeta une batez. Soineko gorria zeraman soinean, eta beti bezala, irribarretsu ageri zen orduan ere Martinen begitara. Alaitasun iturri agortezina zen Maria, Martin inguratzen zuen guztiari zentzua emateko gai zen pertsona bakarra.

Pellorenean geldialditxoa egin zuen etxerako bidean. Maria zain zuen etxean, baina sartu-irten azkar batek ez zion etxerako iritsiera gehiegi atzeratuko. Taberna zalapartatsua zen Pellorena, eguneko ordu gehienetan bezero andana biltzen zuena. “Kaixo, Martin!” entzun zuen, “gaur ere hemen al haiz?” “Ikusi al huen atzoko partidua?” Albo batera zuzendu zuen begirada Martinek “ikusiko ez nian ba!” pentsatuz. Luis eta gainontzekoak musean ari ziren arratsaldero bezala, eta apustua azkenetan izateak begiak tapizean eta arerioen keinuetan itsatsirik izatera behartzen zituen ezinbestean, nola Luis, hala beste hiru jokalariak eta zutik mahai buelta guztia inguratzen zuten eguneroko ikusleak. Inork ez zuen Martin agurtu, aspaldi utzi baitzion Martinek berak ere musean jokatu eta taldetxo harekin gertuko harremana izateari. Ezinezkoa zitzaion ahots hura nondik zetorren asmatzea. Zurrutada bakarra nahikoa izan zuen Pellok ateratako tragoa edateko. Taberna utzi zuen makina txanponjaleari ogerleko ugariko askaria ematen ari zitzaion gizasemearen keinuak aztertuz. Makina esnatu egin zen halako batean, argiztatu eta gizasemeak sarturiko zenbait txanpon behealdeko erretilura isuri zituen modu zaratatsuan, behin entzute hutsaz Martini oroimenean luzerako geratuko zitzaion kantua abestuz.

Eguna azkenetan zen Martin Pellorenetik irten zenerako; Maria eta biek hondartzara azkenekoz joan zirenekoaren oroimen lausotuak estali zuen Martin. Egun biribila izan zen hura. Oso gogoko zuen Mariak hondartzara joatea, eta biziki atsegin zuen Martinek Mariarekin edonora joatea. Arratsaldeko eguzki printzek bere azalari iluntasun ukitutxoa ematen ziotenean Mariaren edertasuna mugarik gabea zela pentsatu zuen Martinek etxeko atariaren hurbiltasuna nabaritzearekin batera.

Zapatak kentzeko indarrik gabe, besaulkiaren malgutasunean ehortzi zuen Martinek bere gorputz nekatua; hasperen batek ihes egin zion begirada sabaian pausatzen zuen bitartean. Burusiaz sabelaldea estali eta, arreta handirik eskainiko ez ziola jakinagatik, telebista piztu zuen, lasaitasuna lortzeko bidean urruneko etengabeko zurrumurrua lagungarri baitzitzaion oso. Albistegia kate gehienetan ikus-entzungai. Mundu zabaleko gerrateak hizpide. Harrigarria egiten zitzaion Martini esatariek hildako gizaseme kopuruak esateko zuten erraztasun eta naturaltasuna. Kontakizunaren gordintasunak ez zien adierazpena txintik ere aldatzen. Mintzaira bertsuan kontatzen zuten garrantzirik gabeko kirol emaitza bat edo emakume batekiko indarkeria kasurik bortitz eta bidegabeena. Begiak telebistan itsatsi zituen Martinek, baina begiradak egongela hartatik urrun alde egin zion. Maria eta biek ezkon urteurrena ospatzetik etxera bidean autoan irribarretsu zetozenekoak zigortu zuen enegarren aldiz. Aspaldiko ametsa zen inguruko jatetxe ospetsuan afaltzea, eta hala egin zuten elkarri betiereko maitasuna zin egin zioteneko hogeita hamabigarren urtea bete zen maiatzeko gau epel hartan. Errepideko bihurgune itxiak, hala ere, etsai bihurtu ziren pattarrak ohi baino gehiago piztutako Martin zoriontsuarentzat. Bihurgune itxiak, gehiegizko abiadura eta arreta urria. Ez zen Martin bolante aurrean modu axolagabean jokatzen zuen horietakoa, baina gau hartan, barre eta txantxa artean, egoerak gainditu egin zuen bizitzan estreinakoz.

    Abiadura neurgailuan gora eta behera ibili ohi den orratza laurogei zenbakiaren bueltan zebilen bihurgunez josiriko errepidean. Maria eta biek barrez ari ziren, horrelakoetan edozein zentzugabekeria denbora luzez iraun dezaketen algarak sorrarazteko gai baita. Alaitasuna, abiadura, abiadura neurgailu ohartarazlea. Eta gau hartako Mariaren goxotasuna. Balazta indarrez zapaldu eta bolanteaz norabidea artezten saiatu zen arren, gehiegizko abiadurak ez zion Martini ezkerrerako bihurgune bihurri hartatik autoa behar bezala ateratzen utzi. Lubetan behera amildu ziren, bazter-babesa ez baitzen talka irentsi eta autoa eusteko gai izan. Bi itzulipurdiren ondotik, pinu enbor bat kolpatu zuen autoak ezinbestean, eskuineko hegala erabat txikituz. Mariak pairatu zuen, halabeharraren zoritxarrez, istripuaren alderik gogorrena. Martinek berak ere, kolpe latzak jaso zituen gorputz osoan, baita zauri garrantzitsu ugari egin ere, baina ez zuen altzairu nahaspila hartatik zerraldo irteteko adinako zorte txarra izan.  

Argitasunak min eman zion Martini biharamunean begiak zabaltzeko keinua egitean; ospitaleko gela hartako berezko zuritasuna areagotu egiten zuten leihoan barrena barneratzen ziren udaberriko eguzki-izpi indartsuek. Nahasirik zuen burua Martinek, eta oroimena gela hura bezain zuri eta hits. Sekula ez bezalako neke sentipena zuen gorputz osoan. Alferrik izan zen mugitzen saiatzea, ez zen gorputz atalak tenkatzeko gauza. Amore eman eta ohean etzanda jarraitu beste irtenbiderik ez zuela ondorioztatu zuen gogo txarrez. Egoera ulertzeko lehen pausoak emateko bidean, Mariak bete zuen, bat-batean, bere pentsamendua. Non ote zegoen une hartan bere maitea? Nola ote zegoen? Ez zen, ba, bera bezala gela ezezagun bateko ohean etzanda egongo? Oihu egin zuen, kanpotik zetozen ahotsen arreta bereganatu asmoz. Atea ireki eta gizon bat sartu zen gelara bata zuria soinean zeramala. Martinen ohe ertzera gerturatu zen eskuartean zekarren karpeta alboko mahai gainean utziaz. Martini begira geratu zen une batez ahots isilez zermoduz zegoen galdetu zion arte. Martinek ardura begiradaz keinu egin zion eta “Maria?” soil bat irten zitzaion gau osoko loak lakarturiko eztarritik. Medikua begira geratu zitzaion urteak ziruditen segundo amaigabe batzuez, eta burua ezker-eskuin astindu zuen Martin sekula baino sakonago hondoratu zuen ezezko keinu gupidagabearen adierazgarri. Mariak betiko alde egin zuen gau madarikatu hartan.

Aspaldi galduriko borroka zen gogoeta horien zurrunbilotik ihes egiten saiatzea; urteak zeramatzan Martinek egoera gainditzeko etengabeko ahaleginean, baina emaitza antzuak lortu zituen ordura arte, eta ez zuen gerora ere denborak zauria orbain zezan lortzea erraza izango zen itxaropen handirik. Eskuez begiak estali zituen bere barnean babesa aurkitu asmoz, hondorik gabeko nahigabe putzu ilun bat baino ez zuen ikusten, ordea. Egongelako besaulkia utzi eta oherako bidea hartu zuen gauak arratsaldeari lekua kentzen ziola ohartuz.

Ez zuen loak berehala hartu Martin gau ilun hartan; izarapean hamaika aldiz itzuli zuen gorputza jarrera egokienaren bila. Alferrik. Gogoeta andana zerabilen buruan, eta lokamuts laburrak egitea lortu bazuen ere, ez zuen benetako atsedena eman ohi duen loaldirik egiterik izan. Bat-batean, harrerako egurrezko ordulari zaharrak hamabi kolpe ahul jotzearekin batera, kaletik zetorren oihu ozen batek Martin lokartuaren arreta bereganatu zuen. “Martin!!!”. Isilune labur baten ondoren, bigarrenez: “Martin!!!”. Lehenengo aldiz entzutean zalantza egin bazuen, bigarren oihuak ez zuen zalantzarako tarterik utzi. Berea zen kaletik norbaitek oihukatu zuen izena. Hirugarrena izan zen bere izena entzuteko parada izan zuen azkeneko aldia. Ohetik altxatu eta pertsiana uhalari tira eginaz, leihoa ireki eta kalera zuzendu zuen begirada. Kalea hutsik zegoen. Hotz galanta egiten zuen gaueko iluntasunean, eta minutu batez leihotik kaleari so egon ondoren, neguaren gordintasunak oheko epeltasunera itzularazi zuen Martin.

Loalditxo trakets berri baten ondoren goizaldeko ordubiak aldera kaletik zetorren oihu zaratatsua berriro entzun zuenean, ordea, ez zuen birritan pentsatu; galtzak jantzi, eskura zuen berokiaz gorputza estali, apurtzerainoko indarraz oinak oinetakoetan iltzatu eta etxeko eskaileretan behera abiatu zen arrapaladan. Oihuen jatorria aurkitzeko helburu finkoaz ireki zuen atariko atea eta kaleratzean aurpegian jasotako hotz kolpeak eragindako hotzikarari muzin eginez, kalearen alde banatara zuzendu zuen begirada Martinek. Nor arraio ari zen, bada, eguneko une ezberdinetan berari deika? Nor? Zertarako?

Kalea hutsik zegoen orduan ere, ordea. Bertan itxarotea erabaki zuen Martinek, harik eta oihua berriro entzun arte. Berokia gorputzaren aurka estutu zuen, eta eskuak poltsikoetan barneratu. Hotz egiten zuen kalean, baina berotasuna nabari zuen Martinek gorputzean. Urduri zegoen. Halako batean, alboko kantoitik zetorren oihua entzun zuen. Bere izena, berriz ere, airean. Oihu hura, baina, ahul eta isilagoa zela iruditu zitzaion Martini, gertukoagoa, berak bakarrik entzun zezan botatakoa zirudiena. Kantoira korri egin zuen eta bestaldera zuzendu zituen arretaz begi biak. Ez zen inor ageri. Urduritasun eta ezinegonak goia jo zuten Martinen baitan atzetik norbaitek eskuin sorbaldan eskua jarri zion unean. Beldurrez, atzera begiratzeko ausardiarik gabe, korri egin zuen Martinek kalean aurrera. Atzetik, beragana hurbilduz zihoazen pauso hots azkarrak nabaritzen zituen, eta, bihotza ahotik irtetzear, pausoa bizkortzera bultzatzen zuten hots haiek. Minutuko korrikaldi eroaren ondoren gorputza lehertzeko zorian zuela sumatzeak gerarazi zuen Martin. Bera geratzearekin batera, atzetik jarraika zetozen pauso hotsak ere isildu egin ziren. Isiltasuna nagusitu zen kalean, Martinen arnas hotsak soilik hausten zuen isiltasun salataria.

Behar adina adore pilatu zuenean, atzera begiratzea erabaki zuen Martinek; neguko pijamaren gainetik jantzitako galtzak, euria ari zuenerako erabiltzen zituen zapatak eta berokia zeramatzan soinean, lehenago sekula erabili ez zuen arropa konbinaketa barregarria osatuz. Nahasmen izugarria sorrarazi zion burua itzuli, behin eta berriz atzera begiratu eta inor ez zegoela egiaztatzeak. Mariak alde egin zuenetik bakardade gupidagabeenaren jostailu zela konturatu gabe, etxerako bidea hartu zuen Martinek pauso geldoz, pentsakor. Martin ez zen oraindik bakardadearen mende bizi zela ohartu. Edo hala ez balitz, ez zuen bere egoera onartu nahi.

Gorka Azkarate 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago