Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
harrrizko_txistu1.gif  
Irudia: Kristina Fernandez  

 

HARRIZKO TXISTULARI 

Egunero ikusten ditut haurrak hor aurrean, jostatzen; garrasika eta oihuka, batzuk nire gainean jartzen dira, nire magalean kuzkurturik. Beraien esku txikiak ene txapelean, nire sudurrean, besoetan, eta sorbaldan pausatzen dira. Eskuetan daukadan txistua ere heltzen dute. Batzuetan kolpatzen naute beraien esku ttar horiekin, baina gehienetan igurzten naute, ferekatzen, ttattarra egiten aurpegian, belarrietan, eskuetan, gorputzeko txoko guztietan. Pazientziaz hartzen ditut gehiegikeria hauek, eta beraien ferekek eta igurtziek ez naute ez samurtzen, ez limurtzen, ez hunkitzen, ez haserrarazten.

Gauetan, bakarrik, urak menditik behera isurtzean egiten duen xuxurla, haizeak zuhaitzen adarrak eta hostoak astintzean sortzen den firfira, ahateen eta beltxargen kalaka –halako batean, bat-batean iratzartzen badira– entzuten ditut. Sasoi eta egun batzuetan, hala ere, gauak beste modu batekoak dira: gazte edo heldu mozkor saldoak azaltzen dira, dena zalaparta eta kalapita. Horiek, batzuetan, ahateak eta beltxargak ikaratzen dituzte, zikinkeriak aintzira ttipira bota eta horrelako gehiegikeriak egiten. Haiek ere nigana hurbiltzen dira, zapaltzen naute, zikintzen naute, eta hitz egiten didate. Ez diet erantzuten. Isilik eta geldirik jasan behar beraien erasoak! Ez da polita, baina hala izan da ene patua eta ez naiz arrangura. Baina gehienetan gauak ederrak dira: gure herriko soinu txiki emeak, usai gozoak, haizearen fereka leuna, euri ttikiaren bustitze geldoa… Egunez, berriz, eguzki izpien beroak laztantzen nau batzuetan, kazkabarrak kolpatzen beste batzuetan, baina nik tinko eta sendo irauten dut.

Zergatik ez nauten haurren esku txikien laztanek samurtzen? Zergatik jasaten ditudan egoera txarrak eta edozeinen txandrioak duintasun osoz? Harrizkoa naizelakoz. Zuek bezala, hezur eta haragizkoa nintzelarik beste modu batekoa nintzen: maitasun adierazpenek hunkitzen ninduten, ekintza bortitzek ikaratzen, erdeinuek eta zakarkeriek mintzen. Orain kontatuko dizuet nire istorioa. Aspaldi samarrekoa naiz, duela mende bat baino gehiagokoa. Ez dizuet nire jaioterriaren benetako izena aipatuko, baina kontakizuna nolabait errazteko Ametzaga izena jarriko diot. Bertan jaio, hazi eta ezkondu nintzen. Bertan txistua ikasi eta txistulari bihurtu nintzen; eta baita herriko makina bat jaiegun alaitu ere! Gizon elizkoia nintzen eta, apaiz izateko ikasketak ez nituenez, sakristau lanetan aritzen nintzen, gogotik ari ere; musika ikasketak banituen eta elizako organo-jolea ere banintzen. Oso gogoko nuen ikastea eta irakurtzea, horrela lau hizkuntzetan poliki konpontzen nintzen. Gure etxe xume eta zaharra euskal idazle eta intelektualen bilgune izan zen askotan (Arturo Campion, Orixe, Basarri…). Familia, euskal kultura landu, eliza… horrelakoxea zen nire bizia. Et, et, badakit zuetako askok atzerakoi kutsua hartuko diozuela diodan honi, baina asko aldatu da gizartea orduz geroztik eta ni nire garaiko gizona naiz, ez zuena.

Esanen dizuet ni beti Ametzaga nire jaioterriaren zerbitzuan izan nintzela edozertarako zela ere, lan edo festarako. Zoriontsu nintzen bertan eta inoiz gure herritik alde eginen nuenik pentsatu ere ez nuen egin. Baina garai txarrak etorri ziren hona Espainia aldetik: guda, guda ankerra eta bortitza. Nire euskaltzaletasuna, txistularia izatea… ez izaki nonbait nazionalen gustukoa eta gau batez, hara non datozen gizon mozorrotu batzuk gure etxera. Goizeko laurak pasatxo ziren eta oraino denak lotan ginen. Danba-danba! Atea joka. Ikaratu ginen, ez, ez zitekeen parte onekoa izan. Jaiki ginen eta emaztea atera zen ataritara.

- Nor da?
- Abran la puerta!- oihuka. Emazteak ireki
- A su marido preso vamos a llevar a Ondarreta.
- Joxe Miel! Joxe Antonio! Jaiki!
- No, a sus hijos no. A su marido.
- Badakit, baina beraiek ikustea nahi dut nortzuk diren aitarik gabe uzten dituztenak.

Herrikoak bertakoak izaki nire bila zetozenak! Etxekoak utzi eta preso joatea, zure biziaz zer izanen den jakin gabe, gogorra da; are gehiago, hori, herrikoen eskutik gertatzen bada. Bihotza harrizkoa bihurtzen hasi zitzaidala sentitu nuen. Preso eraman ninduten, bada, Ondarretara. Han, zorionez, konpainia onean jarri ninduten, apaiz abertzaleekin. Banaka, banaka, ordea, desagertzen joan ziren, denak fusilatu zituzten. Gauero ezin lo hartu hurrengo egunean nor eroriko ote zen beldur. Ni besterik ez nintzen atera bizirik gure taldetik eta libre utzi ninduten noizbait. Libre atera, libre, baina gorputzean preso sentituz, harri gogorrezkoa bilakatzen ari ote nintzen?

Herrira itzulitakoan, beldurrari aurre eginez, txistua joaz igandero ibilbide bera egiten nuen. Bakarren batzuk amorruan ito zitezela! Pixkaka haurrak erakarri nituen nire txistu soinuaren ingurura eta euskal dantzak erakusteari ekin nion.

Urte batzuk geroago, berriz ere, ezbeharrak etorri ziren gure etxera, inork deitu ez bazituen ere. Emaztea larriki gaizkitu zitzaigun eta ohean zegoen. Halako batean gure etxe zaharretik berehala joateko agindua eman ziguten eta herriko plazara atera behar izan genuen andrea hil zorian, biloba ttipiak eta besteok, gure ondasun urriak hartuta. Andrea ospitalera eraman zuten anbulantzian; pianoak, danbolin eta txistuak herriko etxe batzuetan banatu zituzten, eta guri aterpe emateko inor gai izan ez zenez auzoko herrira joan behar izan genuen, errainaren gurasoen etxera. Ez ginen inoiz itzuli gure herrira bizitzera.

Urte asko eta gero, ni ere zahartu eta noizbait hil egin nintzen; nire txistua betiko isildu zen. Handik urte batzuetara haizeak aldatu ziren nonbait, jaioterrian nitaz oroitu ziren eta, hara nola, omenaldiak egin zizkidaten. Harrizko txistulari bihurturik herriko lekurik ederrenean kokatu ninduten, gure etxe zaharra egon zen lekuaren aurrez aurre.

Beatriz Aleman 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago