Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 
Irudia: Kristina Fernandez  
 
 
GUTUN KUTTUNAK 

Filipinak, 1896ko uztailaren  9a
Ama eta aita:

Egunero akordatzen naiz zuekin, lasai egon zaitezten idazten dizuet. Oso leku ederra da, itsasoa dago leku guztietan. Irlarik irla ibili gara, horrenbeste irla dago, ezen askok izenik ere ez duen. Igeri egiten ikasten ari naiz, etxeratzean Zarautzera joango naiz hondartzara. Gaur armak banatu dizkigute, aita, galeperretan bezain ona izatea espero dut. Ama, zu ez kezkatu, ondo jaten dut, ipintzen didaten guztia. Bihar igandea dela uste dut, sagar-erreak egingo dituzu? Instrukziorako deia, agur.
Martin.

Zaldibia, 1896ko uztailaren 10a
Seme:
Mezatatik etorri berria naiz. Auzoko Juanitarekin egon naiz, ilobak gutuna igorri diela, ondo zaudetela. Laster itzuliko zarete, ezta? Zer egin behar duzue, horrenbeste lagunek hor? Zu gazteegia zara edozein modutan etxetik kanpo ibiltzeko. Margarik zuregatik galde egin dit, haren amari entzun diot emakume langilea dela, eta sukaldean ere badakiela. Orain sagarrak labean sartu behar ditut. Musuak, bihotza.
Ama.
Zaldibia, 1896ko uztailaren 10a
Seme:
Zer moduz dabil gure mutila? Laster izendatuko zaituzte sarjentu edo horrelakoren bat?

Nik ere, zure sasoian banengo, oraintxe egingo nuke Filipinetara. Kontatu dizut inoiz hemengo gerran nola ibili nintzen, mendian gora eta mendian behera. Hilabete botak erantzi gabe, fusilarekin hartzen ninduen loak, goxo-goxo.

Amari ez zaio gustatzen horrelakoak entzutea, baina gizona gerrarako egina da, suertatuz gero, joan beharra dauka.

Zer egin behar zenuen bizi guztian herrian? Gu, edadekoak, hemen izango gara, hau da gure lekua; zuk ere izango duzu astia gure moduan bizitzeko. Gizonduta bueltatuko ahal zara.
Eutsi goiari!
Aita.

Erroma 1900-01-14
Aita eta ama STOP Ihes egin dut STOP
Laster naiz etxean.

Martin.
Zaldibia, 1900eko azaroaren 23a
Ama Nagusia:
Margari Uriguen nauzu, Zaldibiako Etxegoieneko alaba. Udaberrian joan nintzen zuen komentura. Egunerokoa ezagutu, zuen egitekoak, eta moja izateko neure burua prestatzera.

Ilusioz ekin nion serora izateko erronkari. Prestakuntza espirituala, errezoak, jantzia josten ere hasia nintzen.

Amak lagun guztiei esana zien alaba moja zihoakiola, behartsuen alde lan egitera, Jaungoikoarekin ezkontzera. Aitari ez zitzaion ideia gehiegi gustatu: «honen alaba ederra, jantzi horiekin ikusi behar izatea ere!».

Zintzotasun osoz ari naiz, bihotzetik. Askatasunez mintzatuko natzaizu: maitemindu egin naiz.

Esan dut, kito. Egia esan, aspaldi nengoen ni maiteminduta, baina ditxosozko gerrak direla eta, Filipinetara eraman zuten. Zain geratu nintzen, ia neskazahartu arte.

Udazkeneko hego haizeak ekarri zuen Martin, ikusi beharra dago gero, gerrak nola aldatzen duen pertsona, eskumako eskua erakutsi izan ez balit, ezagutu ere ez nukeen egingo.

Ez dakit nik ondo egin dudan honen guztiaren berri ematen, baina pozik nago, eta esan beharra nuen. Ez naiz serora joango zuenera, bai bisitan.

Datorren udaberrian ezkontzeko asmoa dugu, izan ere, nahikoa itxaron dugu orain arte.

Zure bedeinkapenaren zain.
Margari.
Zaldibia, 1904ko maiatzaren 16a
Ama Nagusia:
Gutun honekin aitortza egitera natorkizu. Honenbeste urtez niretzat gorde dudan samin honen berri eman beharrean nago. Zugana jotzeko hautua egin dut, serora izateaz gain, aspaldiko lagun zaitudalako. Gure semea Filipinetara eraman zutenean, asko lagundu zenidan. Hil zutela
jakin genuenean, zure errezoek ikaragarri lasaitzen ninduten.

Gutxien espero genuenean, ordea, gure semea zela zioen gizona agertu zen, senarrak ikusi zuen lehenengoz. Berarekin etorri zen etxera. Oso gogorra izan zen guretzat, arrotz batek gure semea zela zioen eta guk etxean hartu behar.

Nire gizonari ere kosta zitzaion semea genuela sinestea, baina falta zuen hatza erakutsi zion, nola galdu zuen kontatu, eta konbentzitu egin zuen. Nik, une hartan, hamar hatz balitu ere, semetzat hartuko nukeen, amak ezin dio egun batetik bestera ama izateari utzi.

Ilusioak, bizipozak harrapatu gintuen, eta betiko semea balitz legez jokatu genuen, aurreko urte lazgarri haiek alde batera lagata. Gure semea heroi moduan ikusten zuten denek, baita guk ere. Heroica ez baititu inork gutxiesten.

Bizi berriari ekin zion, kostata, baina egun, gizon zoriontsua da; Margari measte bikaina du. Nik iloba ederrak dauzkat.

Senarra tabernan egoten denetan, etxean  bakarrik geratzen naizenean, itsasoko ura jaurtitzen dute nire begiek, geldi-geldi geratzen naiz, eta honako galdera egiten dit barneko ahots batek: «Martin al da? Eta ez bada, non dago gurea?»

Arren eskatzen dizut ene tristura hau osatuko duen bidea erakuts diezadazula, ezingo naiz horrela luzaroan bizi.
Mari.
 
Ziortza Vega

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago