Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 
pdf  
 
AGUR 
Kristalezko ate bikoitzetik sartu da Maria, beroki gorri-gorrian bilduta, mila koloretako eskularru eta lepokoaren babesean; poliki, irribarretsu. Atezaina egunon lasaiaz agurtu du. Ez ditu Jonek, baina, begiak ordenagailuaren pantailatik altxatu. Ez dute betaurreko txikien atzeko begi urdin langileek mostradorearen beste alderaino iritsi den Maria begiratu. Mariak badaki, ordea, Jonek badakiela han dagoela; izan ere, lau hilabete pasatu dira, astero-astero leihatila berdinera hurbiltzen denetik, aste bakoitzean hurrengo asterainoko bizi baimena bailitzan, Joni hitzordua eskatzen dionetik.

Badaki, jakin ere, Jonek, Maria duela mostradore aurrean, gaur ere irribarrez, beste txanda bat, beste aukera bat? eskatzera etorria dena.

Gogoratzen du, lau hilabete aurrerago, Maria etorri zitzaion lehen aldia, haren begi bizi-bizi dantzariek Usabiaga Doktorea, onkologo famatuarentzat ordua eskatu ziotenean. Gutxi bezala etorri zen lehen aldi hartan Maria, pozik, heriotza iragarriko zion mediku lanpetuarekin tokitxo bat eskuratzera. Betaurreko gainetik zuzendu zitzaion orduan Jon, eta irribarrea eskaini zion lehen aldi hartan, haren pozaz harrituta, haren bizi-indarraz kutsatuta; lausoa, edo goibela, edo izutua, edo haserrea zeriona izaten baitzen 4. leihatilaraino iristen ziren bezeroen aldartea  gehienetan. Izan ere, gaixotasun larrien berri izan ondoren etortzen zitzaizkion berari pazienteak, hurrengo kontsulta baterako txanda eske. Baina Maria... Mariak bizitza zerion begietan, ile luze ondulatu beltz- beltzean, bakero estuetan erraz mugitzen ziren zango lirainetan, gerri malguan, kamiseta gorri estuaren azpian antzematen zen bular emankorrean, ahotsaren atseginean. Kostatu zitzaion Joni lehen aldi hartan begiak ordenagailura zuzentzea, ordutegiak behatu eta eskatzen ziotena ematea; udazken hartako hego haizeak lurreko hostoak aireratu eta bere baitan bilduz erabiltzen zituen antzera sentitu zen Jon, Maria inguratzen zuen aura bizi, nabarraren arnasan zurrupatua. Eta gero, ordutegi osoa eskaini zion, egokien zitzaion ordua aukera zezan. Mariak eskerrak eman zizkion irribarrez eta Jonek begiekin lagundu zion kanpoko kristalezko ate bikoitzeraino eta handik harantzago.

Lehenengo egun hartan, Jonek lana bukatu eta hospitala utzi aurretik, Maiaren berri jakin nahi izan zuen, nor zen, zergaitik zetorren. Eta gero, haren irudiaz blai, kanpora atera zen.  Maria sarrera aurreko banku grisean  zegoen eserita, aurpegia eguzkirantz biratuta, begiak itxita, irribarrea ezpainetan. Ondoan jarri zitzaion Jon, eta oraingoan, hitza eskaini zion; norbaiten zain zegoen galdetu zion.

Bizitza dastatzen ari zela erantzun zion Mariak, begiak itxita.

Hainbeste hitz egin dute ordutik gaur arte! Izan dira ferekak, eta muxuak, eta egunak, eta gauak, eta negarrak, eta barreak, ordutik gaur arte!

Baina egun hauetan, haserretu bezala egin dira. Ez dira bizitzeko moduan ados jartzen. Mariak tratamenduak utzi nahi ditu, kantzerra ez ezik, gogoa ere hiltzen dizkiotelako, eta barrea, eta bizitzeko duen denbora gutxiaren poza, eta bizia bera.

Jonek ez du hori ulertzen, geroari begira dago bera betik, gero ondo egoteko gaur egin behar duenaren menpe, ez du gero gabeko bizitzarik ulertzen eta Maria balizko geroaz konbentzitu nahi du. Bereari eutsi nahi dio eta ez du Maria begiratu nahi, badakielako  haren irribarreak limurtuko duela berriz, erraz.

Eta gaur, Mariak ez dio aste bete barruko txandarik eskatu mostradorearen beste aldetik, agur esan dio, badoala eguzkiak berotzen duen lurraldeetara, epelean bizi nahi duela, edo hil, eta bere ondoan nahiko lukeela betik, “betik motza” bada ere. Hori esan dio, eta, buruan pirata ausartaren espiritua itsatsia daraman artilezko zapi beltza, ezpata bihotzean, bizi-nahia begi beltz nekatuetan, mostradorea utzi eta kristalezko ate bikoitzerantz abiatu da. Orduan altxatu ditu Jonek begiak. Betaurrekoak ordenagailu ondoan utzi, Goretexa sila adarretik hartu eta atzetik hurbildu zaio Mariari. Barruaren beroa eskaini dio eskuan. Maria estu lotu zaio berearekin. Kristalezko ate bikoitzaren beste aldeko hotza arnastu dute, batera.
 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago