Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Esperantzaz

7k1179Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Karlos jauna: Barkatuko didazu atrebentzia. Dudamudatan ibili naiz, eta azkenean, idaztea erabaki dut. Gure familiaren lagun bat Vanera joatekoa da datorren astean eta hark bidaliko dizu gutuna Turkiatik. Aitari baimena eskatu diot eta ados dago. Ez dakit hango posta-bulegoetan gutunak irekitzen dituzten, baina ez daukat urrunagotik bidaltzeko aukerarik, hortaz, berandu baino lehen iristea espero dut. Badakit errazagoa litzatekeela posta elektronikoa bidaltzea, baina azken egunotan Mahabaden ez dago sarera lotzeko modurik. Bestalde, ezin idatzi nezake egiazkoago, hain nirea den egoera honetaz.

Zer moduz zaude? Familia, lagunak, bidaideak, denak ondo egotea espero dut. Lau urte dira gurean azkenekoz izan zinenetik. Denbora, ibaiek daramaten uraren gisara, ez da alferrik pasatu. Agian, bidean topatzen dituzun harriak leunagoak dira orain, ertz gutxiago dauzkate. Urteotan irakurri ditugu zure artikulu batzuk; gurasoei ingelesetik itzuli dizkiet. Gustatzen zaigu munduari nola begiratzen diozun. Aitak ireki behar diren leihoak nonahi daudela esaten du, amak, han, hemen bezala, ateak itxita hobeto daudela.

Gurean gero eta gutxiago gara. Gerrak, azkenean, apurka- apurka akabatuko gaitu. Tarteka adar bat mozten digute, ez dakit etxeko zuhaitzak luze iraungo duen. Sustrai sakonak dauzkagu, baina gurean txoriek jada ez dute habiarik egiten. Nebetatik gazteena hil dute orain gutxi, Jihan –uste dut ezagutu zenuela, begi argiak betaurrekoen atzean ezkutatzen zituen hura–. Rojavara joaten tematu zen orain hiru urte. Amak Jainkoari eskerrak eman zizkion bueltan zetorrela esateko deitu zuenean, alferrik. Etxerako bidean Niniven geratu zen, eta gauzak zer diren, pexmerga batzuek akabatu zuten. Inork etxeko atea jo eta lehengusu bigarrenak alaba kotxe berriaz harrapatu duela esango baligu bezala, halaxe geratu ginen, kurduek kurduak zergatik hiltzen dituzten ezin ulertu, eta nahi genuke haserre egon, baina oraindik ez dugu ondo asmatu norekin. Dena da errazagoa etsaiaren trazuak beltz nabarmenez marraztu ditzakegunean. Aldiz, hemen, deabruak kolore asko janzten ditu eta haren itzalak gero eta luzeagoak dira.

Bitartean, etxeko martirien horman gero eta aurpegi gehiago ikusten da, eta bizirik gaudela ospatzeko ateratzen ditugun argazkietan, gero eta gutxiago. Lehengusua eta osaba kartzelan dauzkate. Bisitan izan zinenean bezala, ahizpa zaharrenak Kandilen jarraitzen du, edo hori uste dugu behintzat. Iristen zitzaizkigun albisteak beti ziren motzak, bizirik jarraitzen zuela jakiteko beste, baina hilabeteak dira berririk ez dugula. Batzuetan harekin amets egiten dut. Mendian doa ihesi, korrika. Elur-jausia doakio atzetik segika, gero eta azkarrago, gero eta bortitzago, gero eta gertuago. «Zikina! Zikina!» egiten du oihu elurrak, eta kolpean esnatzen naizenean, ez daukat argi benetan elur- jausia ikusi dudan edo auzoan gure morala zaintzen duen bele beltz horietako bat ote zen.

Azkenaldian, ahizpetan hurrena jazartzen du Poliziak, burua zapiaz estali gabe lagunartean bideoak egiten ausartzen delako. Kazetari izan nahi du, zu bezala. Eta amak kendu egin du ezkontzarako oparitu zioten portzelanazko baxera egongelako ontzitegitik, poliziek, etxean sartzen badira, txikitu ez dezaten.

Nik, bestalde, urteotan medikuntza bukatu dut eta pediatrian zaildu naiz. Orain ikus dezaket nire hautuak gutxiago daukala hurkoari zerbitzatzeko borondatetik eta gehiago nire bizitza salbatzeko bidea egin beharretik. Azken batean, medikuak munduan nonahi behar dira, ezta? Gerran bizi garenoi oskola ateratzen zaigu, halabeharrez; kaosetik babesten gaitu. Urteekin gogortzen sentitu dut. Korazak bata bestearen gainetik hazi zaizkio eta ez dut uste haietarik batere nik eskatua denik. Aukeratu ez ditudan gudak borrokatzeko prest bizi naiz, espazio txikian itota.

Horregatik, banoa, Londresera. Bertan bizi diren kurduen bidez topatu dut hilabete batzuetarako bizitokia. Ingelesez ondo trebatuz gero, berandu baino lehen topatuko omen dut mediku lana, kategoriakoa ez, badakit, baina gastuak tapatzeko bestekoa bada, nahikoa.

Bizitza berri bat, beste pertsona bat izango bainaiz. Imajinatu, orain egunerokoak ditudan arazoak, han urrutitik ikusi, beste inoren arazoak balira bezala... lubakia utzi eta intentsitate baxuko gatazken mundua ezagutu nahi dut. Ama oraindik haserre daukat, begira izaten dut, ezer esan gabe. Aita konformatu da. Tokitan egongo naiz, eguzkia ozta-ozta iristen da hara, baina bizirik.

Karlos jauna, zu zara ezagutu dudan pertsona bakarra, beste mundu horretan bizi dena. Londresen hartuko nautenak, lagunen lagunak dira. Zu, nire begiz ikusi zintudan, gure etxeko teilatupean. Horregatik idatzi dizut, fantasiazkoa dirudien etorkizun horretan benetan erreala den helduleku bakarra zarelako.

Bidaliko dizut nire helbidea Londresera iristean. Pozik izango nuke zure berri.

Urte berriarekin, esperantzaz,

Hawin Gasemlu

 

Idazleari buruz...

Gure Lopez de Arbina (Gasteiz, 1977). Idazle eskolan ikasle, hitzak josten ikasteko. Ea korapiloak askatzen ditugun.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago