Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Ezkutuko mezuak 

7K1128Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Betidanik gustatu izan zaio leihoaren ondoan esertzea. Oraingoan ere aurpegia kristalaren kontra du ia. Dena berria duenez, ezin begirik kendu dabil kanpoan abiada geldoan etorri bezain laster doazen inguruei.

Autobusak lehen hiru kilometroak egin orduko ohartu da eliza baten aurrean pasatzen diren bakoitzeko aurrean duen emakume zaharrak aitaren egiten duela. Baina ezkerraldean dagoen neska gazteak ere hala egiten duela erreparatzean harritu da gero.

Irlandan dabil Larraitz, ikasketak bukatu berri dituen honetan mundua ezagutzeko grinez gainezka. Hostel-ean ezagutu duen bikoteak harreman libreak dituela jakiteak ez du inolaz ere eskandalizatu. Ez eta ezagutu orduko gorputzeko atal ezkutuenak piercingez beteta dituela bota dion harrerako mutilak ere. Zirrara berezirik ez.

Ez da beldurtia, kalean hazitakoa baita. Ke, alkohol, apar eta dezibelio artean jositako askatasun gaztearen aitzindaria. Eta tsunami horretan murgilduta hainbat urtez biziraun ondoren, etxekoentzat itsu-itsuan ia ardi galdua bihurtua.

Masaila leihoaren kontra jarri du, enegarren aldiz ikusi baitu harrizko eliza ukiezina hurbiltzen. Ustezko eraikin sakratuak leihoaren enkoadratzetik ihes egin orduko marmarka gurutzatzen zaizkion emakume horien esku eta buru arteko erretolikak ezin aguantatu dabil, agian begiak itxi eta nerabe zeneko irakasle nazkante hura gogoan oldartzen zaiolako aldi oro. Itxuraz erlijioa irakatsi behar zien apaiza, baina sexuaz aritzea nahiago izaten zuena.

Sotana jantzita inoiz ikusi ote zuen ez du ongi gogoratzen. Baina ikasgelatik atera orduko mutilen komunetan barrena ibiltzen zela ongi daki.

-Zertarako sartzen ote da?- kezkaz pentsatu ohi zuen. Erantzuna sumatzen bazuen ere.

Klaseko batzuek ihes egiten zioten. Beste batzuek, berriz, begirune garbia zioten. Etxean entzundakoak sinetsita, agian. Ala kalean gutxi ikasitakoak, beharbada.

Gogoan du irakasle gogaikarria ondoko gelakoa zen Mirenekin hizketan sumatu zuen eguna. Jolas-garaia bukatuta, klaseko gehienak ikasgela barruan ziren. Ordurako, emakume zantzuak zituen Mirenek; hilekoarekin hasia, ziurrenik, aldaka zabalak eta bularralde erakargarria. Eta hortxe ikusi zuen Jesus Maria apaiza Mirenen jertseari kremailera-kirtenetik helduta, gora eta behera jolasean, bitartean burua makurtu eta doinu goxoz hitz egiten zion bitartean. Larraitzek, gelarantz korrika zihoala, burua azkar batean jiratu eta hitzik gabeko begirada garratz izoztua luzatu zion apaizari. Ezin mugitu zegoen irakasle garaiaren atzaparretan neskato gaixoa. Armiarma sarean inozenteki harrapatua eta irten ezinik, edozein irteera aukerak eman ziezaiokeen protagonismo gabe, euli bihurtua.

Harez gero ezin burutik kendu izan zuen urte hartan, ezin lehen ilaran esertzea tokatu baitzitzaion Larraitzi. Astean behin, erlijio ikasgaia zuten bakoitzean, bere sudurretik hogeita hamabost zentimetrora besazpia izerdi patsetan izango zuen alkandora zuri horitua jasan beharko zuela bazekien. Ez zen unerik okerrena izango, halere. Hirurogei minutu luze iraungo zuen klasearen bukaera iritsi baino lehen jakin bazekien gizon nazkagarri haren barrabilak bere mahaiaren ertzarekin igurtzika ikusiko zituela. Madarikatua! Gorroto zuen gizon zitalaren aurrea zein itzalaren milimetro bakoitza.

Gainontzeko ikasgaietan ohikoa zuen hamaika galdera botatzea eta gelan giroa sortzea. Soinean jantzi ohi zituen oihal beltzek eta alderantziz jarritako erratz moduko ile koloretsuek errebelde itxura ematen bazioten ere, oso ikasle azkarra zen. Gainditu ez zuen ikasgai bakarra izan zen. Ikasmailan azterketa errepikatzera behartutako bakarra.

Azterketa eguna iritsi zenean, liburutegira joateko esan zion. Atea ireki orduko ohartu zen; han ez zen apaiza besterik. Klasean bezalaxe lehen lerroan esertzeko eskatu zion. Oinak arrastaka poliki hurbildu zitzaion eta orri zuria aurpegi aurrean jarri. Eta hortxe bota zion buruan Gaztetxeko dezibelioak baino ozenago mailuz kolpatzen geratu zitzaion galdera magnifikoa.

– Zer da zuretzat maitasuna? Zer sexua?

Azterketak iraun zuen minutu eta segundo haietan gizona esku batekin betaurrekoak gora eta bestearekin hankartea behera aritu zela bakarrik irudikatu dezake orain. Aulkian luze jarrita, erdi etzanda ia, hortz arteko erdizkako irribarre lizuna ingurura zabaltzen zuen bitartean.

Zer erantzun zuen ez daki. Lerro gutxi batzuk idatzi zituela orrialde bakarrean bai, aprobatzea nahikoa baitzuen. Bukatu zuenean, salto batean zutitu eta aterantz lehen jauzia egina zuela, irakasleak paper zatia eskura emateko agindu zion besoa luzatuz. Larraitzek, orduan zuen esku txikia esku zatarretik orriak neurtzen zituen 30 zentimetrora hurbildu zionean, bitan pentsatu gabe zuzen begiratu, indar hartu eta ezkutuan zuen zangoarekin ostiko egin zion. Eta baita bete-betean asmatu ere.

Etxean ezin izan zuen ezer esan. Ardi beltzatzat zuten. Apaizek ez dituzte horrelakoak egiten, apaizek ez dituzte horrelakoak desio. Letania madarikatua.

Letaniaz bestaldera begiratzen ikasi zuen Larraitzek. Leihoaren ondoan esertzen ikasi zuen, eta aukeran lehen lerroan baino, bigarrenean hobe. Bere barre txikia islatuta atzeman du kristalean. Zuek ere irekiko dituzue begiak halako batean.

 

Idazleari buruz...

Arrate Arozena Mujika. Bestelako hainbat lanbidetan aritu
banaiz ere, sormenak eraldatzeko eta gozarazteko duen gaitasunak erakarri nau beti. Batez ere kantuan aritua, bide berriak
topatzen nabil, azkenaldian bereziki idazten.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago