Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Itzulera

7K1118Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Sekula ez zuen pentsatuko Pello han ikusiko zuenik. Ez zuen haren berririk izan bi hilabetean. Berak egin zuen ospa egun batetik bestera eta azalpenik eman gabe. Heriorik ez, baina utzi zion orbaina ustekabeko ihesaldiak, memorian.

Bizitzari ostutako sei hilabete izan ziren elkarrekin eman zituztenak. «Lapurrak gara!», esan ohi zion gero iheslari izango zenak. Mundutik bereizita, errealitateari zukurik gozoena xurgatu zioten bi bizkarroi izan ziren. Bata bestearen gorputzera itsatsita, biak zirkunstantziei eztena sartuta. «Pura vida!», xuxurlatzen zion belarrira Pellori errealitate gorizko mokadu artean. Berak irakatsi zion Pellori hegalekin itua marrazten, irudikatzen. «Artistak gara!», oihukatzen zuten. Berak hezi zuen gorputz arrotzera iristeko artean, gorputz-adarrak non pausatu eta nola mugitu teknika huts bihurtzen. Errealitatea bere mesedetara makurtzen; itua erdi-erdian zulatuko zuen eztena gezi bihurtzen. Irakasle ona izan zen. Ikasleak ihes egin zion arte.

Barraren bazter batean zekusan orain; lokaleko ate bikoitz opakutik gertuen zegoen izkinan mugikorra lagun, ilunpeak ikusezin bihurtua zuen banketa gorrian eserita. Halako toki batera lehen aldiz, eta bakarrik, sartu den ororen jokabide bera zen iheslari bihurtutako lapurrarena. Argi eskasia zen dekorazio irizpide. «Hala izaten da, baina atzera pasatzen garenean, beste kontu bat da», esana zion elkarrekin egin zuten denboran. Pelloren bazterra baino toki ilunagorik ez zen lokalean, bistara ez behintzat. Gin-tonica zeukan aurrez aurre.

- Inoiz baino eleganteago zaude... –xuxurlatu zion belarrian ia kosk eginez.

Ezustezko keinu behartua egin zuen Pellok.

- Ane... zu... zu hemen? –baldar galdetu zion. Txat elkarrizketa itxi eta mugikorra presaka lokartu zuen. Norekin ari zen ez zuen ikusi Anek. Ez zuen jakinmin imintziorik egin. Aurrean zeukan Pello, bi hilabeteren ondoren. Lokal hartan. Etxean jokatzen zuen, kontrarioak ez.

- Badakizu ohiko bezero naizela halako tokietan –irribarre maltzurrez erantzun zuen–. Mesede egiten dio alkandorak zure gorputzaren harmoniari. Askok desiratuko dute bertan pentagrama aldrebesak idaztea...

- Musikari on gutxi dago gure herrian, ordea

–moztu zion boteprontoan.

- Musikariak onak direnean ere, ikusleek alde egiten dute –begirada Pelloren begietatik baztertu gabe bota zuen dejada Anek.

Tantoa berea izan zen. Hizketaldia desbideratu zuen Pellok, edaria ihesbide.

- Zerbait hartu nahi duzu?

- Zu edaten ari zaren gauza berbera, betiko moduan.

- Gin-tonic bat orduan? Ez dut oroitzen gustuko ote zenuen –zalantza keinua zirudienaz lagundu zuen aipua.

- Gustuko nuen –begiak kliskatu gabe Anek–

... oraindik ere gustuko dut.

Beste aulki gorria hartu eta aurrean eseri zitzaion. Segidan. Pellok sentitu zuen bien belaunek bat egin zutela. Ahokatzeko bidean ere nabaritu zituen. Aneren gona motz gorriak onartzen zuen halakorik, galtzerdi ilunek bilatu egiten zuten. Aulkiaren behealdean pausatu zizkion orratz-takoidun zapata beltzak. Gauzatu zuen ahokatzea. Ez zuen ezer esan Pellok. Tragoa eskatu zuen.

- Guregatik! –ospatu zuen Anek.

Hain kartsu izan gabe, onartu egin zuen toparako deia Pellok.

- Guregatik...

Izotzak ezpainak erre artean edan zuen Pellok. Zain zuen Aneren begirada berea edalontzitik baztertu zuenean. Begi-bikoa goxoa, betiko moduan. Baita zirikatzailea ere. Gizona ahaleginean bai, baina pultsioak nola gauzatu ezin asmatuan ikustea gustatzen zitzaion Aneri. Bera hurbildu zitzaion hondartzan, ilunabar gorrian, hirugarrenez elkar begiratu zutenean; hark obeditu egin zuen Anek, dagoeneko toalla okupatuan, iluntzeraino geratu behar zutela inposatu zionean. Bera sartu zen probalekuan Pello galtzak probatzen ari zenean; honek utzi egin zion galtzak janzten eta eranzten. Mendietako eta basoetako puntu bakarti aproposak aukeratzen ere berak irakatsi zion; abentura jostalari eta lizun bihurtu zuen harrapatua izateko beldurra Pellok. Hiruko jolasetan ere behin baino gehiagotan aritu ziren, beti Aneren lagunekin, neskekin. Pellok ez zuen inoiz egin lehen urratsa; ezetzik eman ez bazuen ere. Beti arrastoan sartuta. Desagertu zen arte.

Itzuliko zela konbentzituta zegoen Ane. Berak gustuko zituen lokal horietako batean ari zen ematen bueltarako lehen urratsa. Ezustean izanagatik ere, betiko Pellorekin egin zuen topo. Aurrez aurre jarri zitzaion.

- Txikira edo handira jokatuko dugu? –galdetu zion Anek.

- Ez dakit...

- Nik badakit.

- Zuk beti jakin izan duzu.

- Bai.

-...eta zer egin behar dugu?

- Hartu edalontzia.

Anek berea hartu eta ezker eskua eskaini zion itzuli-berriari. Honek heldu egin zuen, protestatu gabe. Argi gorritan murgildu ziren babesleku izandako iluntasuna atzean utziz. Pasillo sigi-sagatsuan aurrera egin ahala, gero eta argiago, eta ozenago, entzun zituzten gizon-emakumeen zurrumurru, hasperen eta oihuak. Ez zen arrastotik atera Pello. Ongi helduta zeukan Anek.

 
Idazleari buruz...
Mikel Artola Izagirre Oiartzunen jaioa da. Familia arrunt
batean jaioa, bizitza arrunta darama. Ezohikoa du,
zerbait izatekotan, bizitza ulertzera bultzatzen
duen grina, eta ulertu nahi horrek darama ezagutu
uste duena kontatzera. Batzuetan, zuzen eta
besteetan, oker. Pertsona arruntak bezala, ahal
duena egiten du.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago